begona del teso
EPPUR SI MUOVE

427 ardi 77 minutuko plano baterako

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Irudika ezazue, imajina ezazue, multibertsoko superbilauetan superbilauena, Joker, Pinguinoa, Lex Luthor eta antzekoak erraz gaindituko zituena. Irudika ezazue, imajina ezazue, Euskal Herriari berari gorrotoz gainezka dagoela, euskara eta euskal munduarekiko amorruak jota; euskarazko hitzik entzun orduko, tebeoetan zein pelikuletan inoiz ez ikusitako eraldaketa jasaten duena. Zergatik? Auskalo, ez superbilauen ez superheroien arrazoiak sekula ez ohi dira agerikoak, edo komiki bildumaren azken atalera arte ez dira argitara ekartzen...

Utzi, beraz, arrazoizko eran pentsatzeari, eta heldu proposaturiko irudiari. Imajinatu, irudikatu, mendeku egarriz dagoela. Irudikatu, imajinatu Euskal izenondoa daraman guztia birrindu, txikitu, ezabatu nahi duela.

Superbilau horrek Euskal Kultura akabatu, finitu nahi izan balu, asteazkenean izan bai baina probestu ez zuen aukera, beta, parada bezalakorik ez du berriro izango mendeetan, milurtekoetan.

Zertaz ari ote naizen? 2024ko martxoaren 13an estreinatu zen Iruñean Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz lana, Valladoliden saritua, Bartzelonako CCCBn eta MACBAn ikusia, Nantesen, Sao Paulon eta Kazakshtanen erreklamatua.

Ziento bat lagunek jaso zuten suge-sorgintzaile trebea den Emak Bakia-ren autorearen deia, eta umeek zein saguek, Hamelingo txirula-jotzaile maltzur harenari nola, ameto egin zioten gonbitari, eta Iruñe aldera arrimatu udaberrikoa zirudien neguko arrats batean, asteazkenekoan, aleg(r)ia.

Hortxe, Nafarroako Batzar Nagusia eta Auditoriuma den Baluarteko atarian, eta gero Ganbara areto nagusian bildu ziren Euskal Unibertsoko, Galaxiako izen, izaki, gizaki gorenetan gorenak. Errazagoa, bizkorragoa, arinagoa suertatuko litzateke agertu ez zirenak zerrendatzea. Hori bai, ez agertzeko aitzakia hil edo biziko afera izan behar; bestela, barkamenik ez. Ez mundu honetan, ez hurrengoan.

Hor ziren Atxaga, Kike Amonarriz, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaritza kabinetea, EHUko eta Nafarroako Unibertsitateko goi mailako ordezkariak, Donostiako Zinemaldiak zein Euskadiko Filmategiak bidalitako mezulariak. Hor ziren Gontzal Mendibil eta beste hamaika. Hor denak. Asteazkenean, Iruñetik kanpo, euskal kulturaren eremua basamortua zen. Denak baitziren hor, alegria baino alegriagotan, Alegria aztiaren erreklamuari baiezko biribila emanda. A, hor zegoen, zeremonia maistrarena eginez, katuen inguruan dena dakien Eider Rodriguez. Eta soldaduska Valladoliden egin zuen Vicente Otamendi Goikoetxea artzain txit gorena, urtero artaldea Andia mendira daramana.

Euskaraz leitzen den pelikula kasik mutu honetan badira soinu metafora anitz. Behin eta berriro aipatu zen bilkuran izan zela garai bat non mundua belarriz ikusten zen, eta begiz entzuten.

Hor izan zuen (baina probestu ez) aukera ezin hobea superbilauak Euskal Kultura akabatzeko. Baluarteko inguruetan bonba bat jaurtiz gero edo, Moskuko antzokian bezala, Ganbara aretoa pozoi gas sinpatikoz betez gero, akabo euskarazko sorkuntza. Finitu. Betikotz. Alta, ezer ez zen gertatu. Baliteke superbilaua ez izatea hain bilaua. Baliteke berak gonbita jaso ez izana. Baliteke beste baterako utzi izana...

Beraz, bizirik gaudenez, idatz dezagun pelikulaz, 55 soinuz-edo sortutako pelikula mutu horretaz. Bertan, audio bobinarik ez duen Super 8ko 200 zeluloide metro erabili zituen Alegria jaunak 87 minutu inguruan hainbat egun iraun zuen odisea txikia kontatzeko.

Andia mendia helmuga duen mentura bati ekingo dio Artazun —bere Macondo, bere Yoknapatawpha den Nafarroako herri horretan. Diferentzia batekin: bai Garcia Marquezek, bai Faulknerrek, asmatu egin behar izan zituzten leku horiek. Oskarrek ez, Artazu existitzen da, nahiz eta Zumiriki-ren egilearen errekuerdoetan kasik irreala irudi—. Paolo izeneko asto baten konpainian. Paolo, Bressonen Balthazar-en eta Skolimowskiren Eo-ren zeluloidezko zein haragi hezurrezko kasta eta leinu berekoa da. Hain klase handikoa, ze Alegria aztia ez baita bere gainean joatera ausartzen. Ezta bururatu ere. Ondoan ibiliko da beti, bere giza ibilkera astoarenera egokituz.

(ID_13267262) Oskar Alegria
Oskar Alegria, Paolo astoarekin. IÑIGO URIZ / FOKU

Euskaraz leitzen den pelikula kasik mutu honetan badira soinu metafora anitz. Behin eta berriro aipatu zen bilkuran izan zela garai bat non mundua belarriz ikusten zen, eta begiz entzuten. Oskarrek eta Paolok zapalduko dituzten transhumantziako bide horietako artzainek Zinzin deitzen zioten aire fresko bati, Durrun hondorik gabeko baina soinu estrainioz gainezka egiten zuen leize bati, eta Karraz mendi bati, bere gailurrean trumoiak eztanda egiten baitzuen.

Pelikulan hontzak eta gari soroak egiten dute soinu misteriotsu eta poetikoa. Pelikula filmatzen duen kamerak, zauritua bada ere, martxan jarraitzen du. Pelikulan bada Lumiere anaien La sortie de l'usine-k baino 31 segundo gehiago irauten duen plano eder eta elaboratu bat. Gogoan baduzue, 1895ean filmaturiko hura 46 segundokoa zen. Alegriarena, berriz, 77koa. Baina ez pentsa, egin ahal izateko 427 ardi izan ziren ezinbesteko. Eta artzain bat. Eta harrizko zubia. Eta 15 euro baino zertxobait gehiago. Izan ere, 41 urteko tomabista horrekin hartzen zen plano bakoitzak horixe balio zuen, 15 euro. Beraz, tentuz eta zentzuz filmatu behar zen plano bakoitza, Paolok janariarekin egiten zuen moduan. Astoek ez dute—zaldiek bai— bapo-bapo jaten. Astoek kontu handiz aukeratzen dute jan beharrekoa. Horrexegatik bizi dira zaldiak baino osasuntsuago.

Ez, superbilauak ez zuen Euskal Mundua akabatu. Seguru, metaforetan eta hitzetan bildurik, detonagailuari ematea ahaztu zitzaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.