40 urteko eszena bat

Gaurtik hilaren 20ra bitarte, 11 antzezlan taularatuko dituzte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Obra herrikoi bat sortu dute 40. urteurrena ospatzeko

Azpeitiko (Gipuzkoa) hainbat eragilek sortu duten Herriye antzezlanaren entsegua, igandean. AZPEITIKO KULTURAZ KULTUR KOOPERATIBA.
Jone Bastida Alzuru.
Azpeitia
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Euskal kulturaren historian ez da sekula gertatu orain arte. 40. urteurrena ospatuko dute aurten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek, eta 40 urtez jarraian euskarazko antzerkia taularatu duen jaialdi bakarra izango da. Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak gaur hasiko dira, eta, hilaren 20ra arte, 11 antzezlan izango dira ikusgai, horietako hiru estreinaldiak. Udalak antolatzen ditu topaketak, Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibaren laguntzaz. Orain arte lortutakoa nabarmendu du Aitor Bengoetxea kooperatibako kideak: «Beti euskara hutsean aritzea apustu handia izan da. Sendotuta iritsi gara urteurrenera. Eustea ez da gutxi, eta, azken hamarkadan, aukera izan dugu beste bultzada bat emateko ere: elkarlanean eta herrira begira».

Urteurrena aprobetxatu dute atzera begirako bat egin, egindakoa aztertu, eta etorkizunean zer egin hausnartzeko. 1983an egin ziren aurrenekoz antzerki topaketak Azpeitian, eta Bengoetxeak azaldu du bidean «askotariko etapak» egon direla. «Euskal antzerkigintzak plazak behar zituen, eta indar handia egin zen».

Ordutik, aldaketak izan dira programazioan, antolatzeko moduan, agertokietan... baina oztopoak oztopo, eutsi egin zaie, eta azken urteotan eguneratuz eta indartuz ere joan dira: «Erreferentzialtasuna lortu dute». Aurten, beste urrats bat egin, eta batez ere komunikatiboki egin dute jauzia: webgune bat sortu, sare sozialak martxan jarri eta topaketen historiaren inguruko orri bat egin dute Wikipedian.

Moduak «aldatu» egin dira, Bengoetxeak onartu duenez, baina hasierako helburuei eutsi diete, Bengoetxearen hitzetan: euskarazko antzerkigintza bultzatzea, sortzaileei plaza bat eskaintzea, egituratzea eta ikusgaitasuna ematea. Halaber, urte osoko kultur jardunaren «zirkulua» osatzen saiatzen dira, eta sormen egonaldietan jarri du azpimarra: antzerki konpainiek, musika taldeek eta bestek lanak sortzeko egonaldiak egiten dituzte Dinamoa sormen gunean eta Soreasu antzokian. Han ondutako lanen estreinaldiak ere biltzen dira topaketetan.

Hala, Bengoetxeak uste du topaketek «erreferentzialtasuna eta elkarrekin biltzeko lekua» eman dizkietela euskal antzerkilariei: «Babeserako gune bat eman die, makulu edo helduleku bat». Elkarlana eta kultura egiteko modua ere nabarmendu ditu; Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuak ere bide beretik jo du.

Memoria ariketa

Urtemuga ospatzeko, hainbat ekintza berezi egingo dituzte. Besteak beste, 40. Topa ekitaldia: azaroaren 12an, aitortza ekitaldi bat egingo diete 40 urteotan herriko antzerkigintza sustatzen ibili direnei, eta, hartan, eraikin bat bezain luze den horma irudi bat aurkeztuko dute. Beste mural bat ere badago Soreasuko pasabidean, topaketetako aldi guztietako kartelekin osatuta. Argazki erakusketa bat ere egingo dute. Albizu: «Orainaldiari eta etorkizunari begira bizi gara, baina gaur garena eta egiten ditugun gauzak ulertzeko, beharrezkoa da atzera begiratzea eta aurretik egindako lana aitortzea».

Horrez gainera, mediazio saioak egingo dituzte gazteekin: sormen egonaldietan garatutako obrak herriko ikastetxeetara zabalduko dituzte, antzerkiaren inguruko zaletasuna sustatzeko. Transmisioaren garrantzia azpimarratu du, hain zuzen, Albizuk: «Kulturaz ari garenean, askotan azken produktua izaten dugu buruan; baina, azken urteetan, sormenari eman diogu garrantzia; transmisioa hirugarren hanka da, eta guretzat oso inportantea da».

Aurtengo egitarauan ere igar daiteke antolatzaileen asmo hori. Programak biltzen dituen 11 antzezlanez gain, eskoletan sortutako beste zazpi obra ere taularatuko dituzte, eta ikasleak arituko dira horretan.

Programan, aipatzekoak dira Mairu antzerki taldearen Intxaurra eta Metrokoadroka sormen laborategiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanen estreinaldiak, baina badago nabarmendu beharreko beste obra bat ere: herritik eta herriarentzat sortutako Herriye antzezlan satirikoa. 50 azpeitiar baino gehiagok parte hartu dute pieza sortzeko lanean: gidoigintzan, antzezle, jantzitegian, komunikazioan, argiztapenean... Lau emanaldi egingo dituzte: egunean bat, gaurtik ostiralera bitarte.

Kabaret satiriko bat

Obrak zeresana eman du herrian, eta berehala bukatu ziren sarrera guztiak. Honela definitu du antzezlana Xanti Agirrezabala zuzendariak: «Azpeitiari buruzko parodia komiko-satiriko bat biltzen duen kabaret ikuskizun bat da». Azaldu duenez, nork bere buruari barre egitea proposatzen du, eta baditu azpeitiarrak batzen dituen txiste, kontu zahar eta zirtoak. Fikziozko trama ere badu. «Ez da gure txisteen batuketa soil bat, linea narratibo bat dago».

Zuzendariak garrantzia eman dio hainbeste herritarren parte hartzeari ere. «Hasieratik izan da herri produkzio bat, eta argi genuen herritar talde handi batek parte hartu behar zuela». Albizuren arabera, aurtengo topaketetako obrarik bereziena da: «Gure lan egiteko moduaren erakusgarri sinboliko bat da, baina baita praktikoa ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.