Mixel Ducau. Musikaria

«40 urte pasatu dira, eta ohartu gabe kantu anitz sartu dira herrian»

Musikarekin handitu, musikarekin bizi, musikarekin segitzen du; Bidaia taldearekin 'Hitza' laugarren diskoa kaleratu duen garai hauetan, 40 urteko esperientziaren oihartzuna ekarri berri diote Ducauri, 'Errobi kantatuz' egitasmoaren bidez.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Milafranga
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ez da plazen uztekotan Mixel Ducau (Baiona, 1951). Caroline Phillips bikotekide eta taula gaineko lagunarekin abiatu Bidaia taldea berrindarturik dator laukote gisa. Matthieu Haranburu baxuan eta Fred Faure perkusio jolearekin, Hitza disko autoekoitzia kaleratu berri dute, zuzenekoetan aurkezten ari direna. Eta, bien bitartean, iraganetik ere heldu zaio aktualitatea Ducauri. 1970eko hamarkadan euskal rockaren aitzindari izan zuen Errobi taldearen kantuen bertsioak ekarri dituzte taula gainera artista andana batek, dela Maddi Zubeldia, Aurelie Etxepare eta Mattin Lerissa, Xendarineko ahizpak, Aire Ahizpak, Amaia Riouspeyrous eta bestek, Errobi Kantatuz ekimenaren bidez. Arte horretan, Oreka TXrekin Japonian bidaiatu du Ducauk. Musikaz mintzatzeko hainbat amu.

Bidaia taldeaz hau errana izan du Caroline Phillipsek: «Kontua ez da edozein estilo hartu eta euskarazko hitzekin ematea, egiazko euskal nortasuna duen musika sortzea baizik»; egiazko euskal nortasuna duen musika?

Bai. Noski, musika, gaur egun bereziki, oso nazioartekoa da. Baina badugu zertxobait hemen. Zer da hori? Zaila da definitzea, baina... azentu bat bezala egiten duela: «To, hori Euskal Herritik etortzen da». Aldi oro entseatzen dut zerbait horren sartzen. Aztarna bat. Doinu bat. Euskal sustrai txiki bat. Betidanik gustatu zait hori. Duela 30 urte Zaldiboborekin ere hori egiten nuen. Bazen fandango edo arin-arin faltsu bat rockaren erdian. Eta disko honetan ere, adibidez, Herrien Batasuna kantuan, Lantzeko inauteriko doinu txiki bat bada. Enetzat inportanta da markatzea. Txikitatik entzun ditut mutxikoak, eta etxean, kantuak. Nire baitan dira horiek. Musika anitz praktikatu ditut. Jazz edo free jazz, rock eta guzti. Baina beti gelditu dira horiek.

Alderantzizkoa ere egiten duzu. Diskoan Eguzkie Yoan da Bizkaiko kopla zaharren bertsio bat duzue, flamenko kutsu batekin.

Doinuak bazuen halako kutsu ekialdeko bat. Pixka bat, oso gutxi, baina aprobetxatu dut alde horren bultzatzeko. Moldaketa aldatu dut oroki, flamenko giroan sartzeko. Betidanik gustukoa ukan dut flamenkoaren mundua.

Sukaldari bat bezala ari zara, ezker eta eskuin osagaiak hartuz.

Hori bera. Zergatik ez? Hemen baditugu osagaiak, eta beste leku anitzetan ere badira, oso onak direnak ere, elkarrekin nahasten ahal direnak noizbehinka. Galdera da: nola orekatu dena?

Errana izan duzu: «Munduko musikak rocka baino askatzaileagoak zaizkit».

Lan egin dut urte askotan adoleszenteekin. Eta beti esperientzia bera egin dut. Haientzat berri-berria zen doinu bat ekartzen zidaten, super modan zena. Eta nik segidan harrapatzen nituen akorde guztiak. Harrituak ziren. Eta nik erantzuten: «Badakizue, duela 40 urte kasik gauza bera egiten zen». Rockean, harmonia aldetik, erritmo aldetik, ez da gauza berririk... Beatlesek hainbeste ate ireki dituzte, eta beste batzuek ere bai. Erran nahi dudana da horren entzuteak ez nauela aberasten ni. Errezetak beti berdinak dira. Horrela funtzionatzen du. Bestela ez luke funtzionatuko. Ezagutzen dut. Da hizkuntza zaharra bezala. Aldiz, badu urte andana bat anitz gustatzen zaidala egiazko beste munduko musikak entzutea. Beste tradizioak. Txinatik, Mongoliatik, Afrikatik. Beti bada egiazki berria den zerbait niretzat. Niretzat aberatsagoa da.

Aberastasun horren bila dituzu ere instrumentu anitz jotzen?

Beharbada. Noiztenka badut buruan entzun nahi nukeen soinu bat. Eta entseatzen dut nihaurek egitea. Xintxuketa egitea bezala. Munduko flautez bete armairu bat daukat. Noizbehinka hartzen dut bat, eta entseatzen dut, ea zer ematen duen. Naturala zaidan jakin-mina da. Baina funtsean gitarra jotzen dut. Saxofoia ikasi nuen baita ere. Eta saxofoitik oso erraza da pasatzea klarinetera edo flautara, edo albokara, nahiz eta alboka pixka bat ezberdina izan.

Esperientzia luze bat bada ere hor. Bulta bat badu orain musikan murgildurik zabiltzala.

Kasik 50 urte! 14 urterekin igo nintzen lehen aldiz eszena gainera. Parrokiaren kermezan zen. 17 urterekin hasi nintzen dantzaldietan. Astebururo ari nintzen. Oso harro nintzen. Nire lehen diruekin erosi nuen nire lehen autoa, nire lehen gitarra, nire lehen anplifikagailua. Gurasoei ez nien ezer eskatu.

Eta geroztik ez zara aspertu.

Ez, horregatik behar dut noizbehinka aldaketa pixka bat. Bilatzea beste nonbait zerbait. Hazteko nire gogoa, nire bihotza. Bidaia taldeaz gain, bereziki Oreka TX esperientziarekin izan dut munduko beste musikarien ezagutzeko aukera.

Badu bulta bat ere ari zarela Oreka TX taldean.

Badu kasik hamar urte ari naizela. Jo izan dugu Indian, Mongolian, Magreben, Ipar Europan, Ipar Ameriketan. Eta aldi oroz entseatzen dugu tokiko musikariekin zerbait egitea. Esperientzia bikaina da aldi oro. Oso aberasgarria da. Beren hizkuntza —musikaren zentzuan— oso ezberdina da. Etamodu bat atzeman behar duzu elkar topatzeko. Beti badira zubitxoak. Urrats batzuekin, memento baten buruan elkarrekin gaude, hizkuntza bera mintzo dugu. Bat-batean, ateak irekitzen dira. Oso ederra da hori.

Musika tradizionala, modernoa... Anitz erabiltzen diren ideiak dira horiek. Zuk zer diozu horretaz?

Guk, hasteko, Errobi hasieran hori bizi izan dugu gogorki. Batzuentzat gu ginen eskandalu bat: «Euskaraz gitarra elektriko batekin? Nola posible da hori». Eta bai, zergatik ez? Guretzat oso normala zen. Gure kultura zen. The Beatles, Neil Young, horiek genituen entzuten. Eta ondoan bazen euskarazko mundua. Zergatik ez lotu biak? Errobirekin, Anjerekin [Duhalde] egin dugu hori, eta Nikorekin [Etxart] ere bai. Gero normalizatu da. Eta askoz gehiago ere bai, Kortaturekin eta Ferminekin [Muguruza], eta bikain! Niretzat oso ongi da hori. Nik erraten dudana askotan da: gure tradizioa —zer deitzen dugun tradizio?— hor dago. Ez da desagertzeko arriskuan. Ttun-ttun bat, txirula bat, Zuberoako melodia zahar bat, betidanik eta betirako hor dago. Niretzat ez da arriskurik. Beraz, gehitzen ahal ditugu, edo gitarra elektrikoa, edo beste zerbait. Eta zerbait geldituko da. Gelditzen dena da tradizioa.

Alboka izan daiteke adibidea.

Nabari da Magrebetik etorri dela. Noiz? Ez dakigu. Zergatik gelditu da Euskal Herrian? Ez dakigu. Penintsula osoan ez dago albokarik. Magreben ere ez dago den bezalakorik. Ez dakit... beharbada, euskaldun bati gustatu zaio eta gelditu da xoko horretan? Gaur egun erraten ahal da alboka benetako euskal tresna dela. Guretzat ikurra ere bada. Txalaparta bezala. Oso polita da ohartzea horretaz: kanpotik etorria da, baina gurea da gaur. Gure nortasuna. Uste dut tradizioa ere hori dela. Eta onartu behar da.

Errobi haustura bat izan zela erran duzu, baina berriki hainbat kantari aritu dira zuen kantuak kantatzen, Errobi Kantatuz egitasmoan; haustura izatetik klasiko bihurtu zareten seinale?

Aldudeko gaualdi horretan biziki hunkia nintzen. Ohore bat da. 40 urte pasatu dira, eta ohartu gabe kantu anitz sartu dira herrian. Belaunaldi berriak horien kantatzen entzutean plazer handi bat sentitu dut. Asumitu behar dut nire adina, eta klasiko bat naizela orain! [irriak]

Zer diozu entzun dituzun bertsioez?

Berriz deskubritu ditut kantu batzuk, batzuk ahantziak. Errobi hasieran, adibidez, ni oraino Pauen bizi nintzen. Kasualitatez nintzen han. Eta hango logela txiki batean aurkitu nuen Zuretzat kantuaren melodia. Gero, egia erran behar da ere, guti batzuek zuten pentsatzen eskandalu bat zela Errobi. Onarpena oso zabala izan da segidan, bereziki hegoaldean. Han egoera hain itxia zen, hain iluna. Eta gu iritsi ginen gure naturaltasunarekin. Guretzat oso naturala baitzen horrela kantatzea. Baina, bestaldekoentzat, zen: «Uaaa!!!». Oraino baditut lekukotasun batzuk.

Ruper Ordorikak ere Errobiren Kanpo-ren bertsio bat egin du.

Ruperrek bestaldean eman genuen lehen kantaldietako bat antolatu zuen. Deustuan zen. Bera estudiantea zen. Oraino oroitzen dut nire harridura hara joan ginelarik. Hango eraikin handi haiek, baita apezpikuen margo haiek ere... Oso giristinoa zen. Eta guk han kantatu genituen gure kantu guztiak, dela Aitarik ez dut, Kanpo eta beste.

Eta hori dena hasi zen, txikitan, zure auzoa kontserbatoriora joan zelako, eta zuk hura bezala egin nahi izan zenuelako...

Baionako ospitale ondoan sortu naiz. Nire lagun hurbilaren aita ospitaleko diruzaina zen. Bazuten etxe handi bat ospitale barnean. Guretzat burgesak ziren. Eta ni beti haiekin nintzen. Egun batean kontserbatoriora bidali zuten. Eta nik amari segidan erran nion kontserbatoriora joan nahi nuela. Ez nekien zer zen, baina jadanik musikak erakartzen ninduen.

Eta segidan klaseko lehena izan zinen.

Niretzat dena zen erraz, garbi. Gustatzen zitzaidan. Alta, garai haietan biziki seriosa zen. Gaur egun ere, funtsean. Solfeoa ikasten genuen, kakotx ezberdinak... Baina anitz gustatu zitzaidan. Horrela bi urte iragan eta musika tresna bat aukeratu behar zen. Nik ideiarik ez nuen.

Gurasoek sostengatu zintuzten.

Nire amaren ametsa klarinetea zen. Haurra zelarik Eiheralarren, Fauxtin Bentaberri etortzen zitzaien herriko bestetara. Eta ama liluratua gelditzen zen. Baina, zoritxarrez, klarinete klasea betea zen. Ondokoa saxofoia zen. Horrela nuen hasi saxofoia. Eta hori ere gustatu zitzaidan segidan. Baina gero, adoleszentzia etortzearekin, The Rolling Stones-eta entzuten hasi nintzen.

Horrela hasi zenuen gitarra.

Lizeoan banuen gitarra bat zuen adiskide bat. Klasikoen ikasten ari zen, baina kantu errazak ere bazekizkien. Eta hark utzi zidan bere gitarra. Bi bazituen.

Gitarra ikastea ere erraza izan zitzaizun?

Ezagutza hori banuen jadanik. Harmonia, notak, logika hori banuen ene baitan. Eta hainbeste gustatzen zitzaidan, non beti hor nuen. Kantu anitzen ikasten aritu nintzen. Eta egun batean jam saio bat egin nuen jazz musikari on batekin. Hura entzutean zartako bat hartu nuen. Ohartu nintzen egiten zuen guztia ez nekiela egiten. Inprobisazioa eta. Hark esplikatu zidan nola lan egin behar nuen. Nola ikasi behar nituen eskela guztiak. Orduan, ero bat bezala hasi nintzen. Egunero sei orduz. Eta horrekin aurreratu nintzen, teknikoki eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.