40 Minutu Rock euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko musika eta elkartasun jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dute La Inquisicion talde kataluniarrak ez duela joko larunbatean Durangoko Landako gunean egingo den jaialdi handian. Antolatzaileek berek hartu dute erabakia, azken egunetan La Inquisicioneko zenbait partaidek talde neonaziekin harremanak dituztela zabaldu ondoren.
«Talde honi buruz zabaldu diren berriak jaso bezain laster, egoerak eskatzen dituen pausoak eman ditu 40 Minutu Rock jaialdiaren antolakuntza taldeak: La Inquisicion taldearekin harremanetan jarri ginen, iritsi zitzaizkigun iruzkinak zirela eta, informazioa kontrastatzeko asmoz. Horrez gainera, iruzkinak helarazi eta testua idatzi zuten norbanakoekin harremanetan jarri gara», azaldu dute antolatzaileek sare sozialetan. Eta gaineratu: «Egoera aztertuta, La Inquisicion taldearen kontzertua bertan behera uztea erabaki dugu».
Bere emanaldia bertan behera utzi dutela jakin ostean, La Inquisicion taldeak ere komunikatu bat zabaldu du sare sozialetan, eta arrazakeriaren eta faxismoaren kontra dagoela adierazi du. Hain zuzen ere, preso politikoekin eta «ahula zigortu eta errepresiogilea saritzen duen sistemaren injustiziekin» konpromisoa duela agertu du taldeak. «Ez da lehenengo aldia izango, ezta azkena ere, arrazakeriaren eta faxismoaren aurka eta bidezkotzat jotzen ditugun kausen alde gure hondar alea jarriko duguna».
40 Minutu Rock jaialdia larunbatean egingo dute, eta bertan joko dute, beste batzuen artean, Nakar, Anestesia, Süne, Tatta & Denso, TOC, Añube, La Txama, Pinpilipussies, Dupla, Kaleko Urdangak, Chuleria Joder eta Sukena taldeek. Festibala 11:00etan hasiko da, eta goizaldera arte iraungo du.