36ko gerra aurreko zientzia testuak aztertu ditu Karmele Artetxek

'Einstein Euzkadin' saiakera plazaratu du historialari eta UEUko zuendariak Utriusque Vasconiaen

Karmele Artetxe, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Etxeleku.
Donostia
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
«1936ko gerra aurretik euskaraz zientziaren gainean zenbait artikulu, hitzaldi eta liburu ekoitzi ziren.[...] Baina sarri ulertu gabe geratzen gara zein testuingurutan eta zein helbururekin sortu ziren». Hala dio Karmele Artetxe Einstein Euzkadin saiakeraren egileak berak, sarrerako lehen lerroetan. Eta, hain zuzen, hori nahi izan du egin lan honetan: orduko testuingurua eta ezaugarri oso ezberdineko eragileen asmoak aztertu. Historian doktorea da Artetxe, ikertzailea eta EHUko irakaslea. 2010ean aurkeztu zuen Komunitate Zientifiko Euskaldunari buruzko doktorego tesia, eta horren zati bat da Utriusque Vasconiae argitaletxearekin plazaratzen duen lan honen oinarria.

Bere «militante bidean» sartu behar den idazlana dela zioen Jokin Apalategi argitaletxeko arduradunak atzo Donostian eginaurkezpenean. «Karmelek bi bide paralelo» baitaramatza, ikerlari/irakaslearena batetik, militantziarena bestetik, hala nola UEUko zuzendari gisa eta gazte-gaztetatik zientzia alorra euskaraz landuz. «Garai batez euskaltzale autodidaktak ziren, baina gaur, zorionez, prestakuntza handiarekin» abiatzen diren Artetxeren gisako ikerlari gazteak baditugula azpimarratu zuen Apalategik.

Gerra aurreko zientzia eta kultura alorreko produkzio jasoa du aztergai, beraz, liburuak, garai horretako autore eta erakundeenlanen sailkatzeko eta interpretatzeko proposamen moduan.

Hiru joera nagusi

XVI. mendeko idazlanetatik hasten bada ere, bereziki 36ko gerra arteko XX. mendeko lehen hiru hamarkadetakoak ditu aztergai Artetxek. Sailkatzeko mementoan, hiru joera ikusi ditu. Lehena, «euskaldun elebakarrei zuzentzen» zitzaiena. Gehienbat «nekazari, artisau eta arrantzaleentzat» egin idazlanak, hots, euskara baizik ez zekiten haientzat. «Nekazaritzako zenbait esku liburu argitaratu ziren», aholkuen eta berrikuntzen berri emateko. Ber gisan egin ziren, itsas nabigaziorako euskarazko argitalpenak. Egunkariak ere erabiltzen zituzten orduko euskal idazleek sail horien jorratzeko. Baina ez da uste izan behar euskararen aldeko jarrera zenik baitezpada horien atzean. «Elizak, esate baterako, XVI. mendetik euskara erabili zuen euskaldunen artean bere doktrina zabaltzeko, ez euskara aitzineratzeko egitasmorik zuelako», idatzi du Artetxek. «Elizaren helburua proselitismoa zen, euskara bidea».

Bigarren joera garaiko euskal zientzialariena litzateke. Euskara idazteko tresna baino gehiago, «euskara ikerketa objektu» zeukatenena. Horien idazlanak erdarazkoak ziren, eta adibiderik argiena RIEV Euskal Ikasketen Nazioarteko Aldizkaria da. «XX. mende hasieran, bazen uste bat zioena, euskara bezalako hizkuntzek ez zutela balio gauza abstraktu eta zailen aipatzeko», esplikatu du Einstein Euzkadin-en egileak. Miguel Unamuno hizkuntzalaria zen, besteak beste, uste horren defendatzailea.

Sabino, 'Euzkadi' eta Einstein

Joera horren kontrakoa izan zen orduko abertzaletasunaren inguruko eta Sabino Arana Goiriren esanen jarraile ziren euskaltzaleena, Artetxek hirugarren mugimendu gisa dakusana. «Euskarari aitortza bat eman nahi zioten, gai jasoak landuz, euskara jasoan». Horren erakusletzat dauzka Euzkadi aldizkarian garaikidea zen Einsteinen erlatibitatearen teoriaz edo «ustariaz» Agustin Anabitarte Anabi donostiarrak egin zituen artikuluak. «Fisikari buruz euskaraz idatzi lehen testua». Halaber, azpimarratu ditu Euskal-Esnaleak, 1918tik goiti antolatu zituen euskarazko hitzaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.