Gaur hasiko da Dantzaren Maitaldia, Miarritzeko (Lapurdi) dantza jaialdia, Donibane Lohizunen, eta irailaren 16ra arte iraunen du. Ikusgarri gehienak Miarritzen izanik ere, jaialdia lurraldean hedatu delako seinale, dantza emanaldiak beste hainbat herritara zabalduko ditu: Zuberoan, Maule eta Atharratze-Sorholüzera; Nafarroa Beherean, Bastida, Donapaleu, Donibane Garazira; Lapurdin, Donibane Lohizune, Baiona, Bardoze, Bokale, Angelu, Senpere, Ziburu, Luhusora; Gipuzkoan: Errenteriara. Denetara, 23 dantza emanaldi izanen dira, ordainduz, geletan. Dantza saio motzagoak eta errepika saio publikoak, hamazazpi izanen dira, kanpoko plazetan. Maitaldia jaialdiak 1,3 milioi euroko aurrekontua dauka.
Maitaldiak 34. aldia du aurtengoa, eta Miarritzeko Koreografia Zentro Nazionalaren 40. urteurrena da, aldi berean. Horrek du bere hartua Maitaldiaren antolaketa. Duela berrogei urte, 2022an zendu zen Jakes Abeberriri esker sortu zen zentroa Miarritzen, eta, urte luzeetan, Abeberri lehendakari zeukan Biarritz Culture elkarte zenak zuen antolatu. Koreografia zentroa eta Maitaldia Thierry Malandainek, izen bera dakarren balleten buruak, du artistikoki zuzentzen. Datxekiola Malandain Biarritz Balletek Euskal Herriko Lurralde Polo Koreografikoa sortua du. Euskal Herriko dantza sortzaile eta dantzariak sarean ematea du xede, eta ez dio helburu ttipia finkatu bere buruari: «Lurraldea dinamizatu eta dantza gizarte garapenerako eta Euskal Herriko bizi kalitatea hobetzeko erreminta gisa» plantatu du. Horregatik, partaidetzak direla medio, nahi izan dute Maitaldia Miarritzetik harago ibil dadin.
Hain zuzen, Ravel musika jaialdiarekin adostu partaidetzatik abiatuko da Maitaldia, gaur, Donibane Lohizuneko Tanka gelan, 21:00etan, Eukaryota dantza konpainiaren Cage2 emanaldiarekin. Bertrand Chamayou piano jotzailearen eta Elodie Sicard dantzariaren arteko kolaborazioa da. John Cage musikari ezagunak 1940an asmatu piano moldaketei eta Merce Cunningham koreografoak jarri dantza mugimenduei egin omenaldia da Cage2. Cagek, orduan, pianoaren soken artean abis, kautxu eta mota orotako gauzak ezarri eta soinu bereziko musika zatiak asmatu zituen. Dantzarako egokiak zirela pentsaturik, dantzaturik eman zituzten garai hartan. Lau piano plantaturik oholtzaren lau kantoietan ematen dute Chamayouk eta Sicardek, dantzarako eremua pianoen artean utzirik.
Europako «ballet handi» andana gomitatu du Malandainek aurtengo ediziora: Bernako Balleta (Suitza), X Schwerin Balleta (Alemania), Avignongo Operako Balleta (Okzitania), Marseillako Ballet Nazionala (Okzitania), Metzeko Operako Balleta (Lorrena), Monte-Carloko Balleta.
Hats berria
Sortzaile berriagoetan, Sun-A-Lee koreografo korearra itzuliko da Maitaldira. Miarritzeko Colisee antzokian ikusten ahalko da ostiral arrats honetan berean. Martin Harriaga tokiko koreografoak Emilie Leriche dantzariarekin ondu duen azken lana aurkeztuko du, Baionako Michel Portal antzokian, larunbatean.
Akira Yoshida nafarrak Burial of The Bark (2022) ikusgarria aurkeztuko du lehen aldikoz Ipar Euskal Herrian. Sari anitz irabazitakoa da Yoshida. Hip-hopeko breakdancea eta garaikidea nahasten ditu. Baliza batekin agertzen da gizon bat oholtza erdira. «Norabiderik gabe doan gizon bat, bere atsekabeekin, noraezean doa helburu bakarrarekin: ulertua izatea eta bere burua ulertzea». Horrela aurkezten du dantza ikusgarri horren trama. Igandean ariko da Colisee antzokian.
Bruno Pradet koreografoaren Vilcanota konpainiak (Montpellier, Okzitania) TumulTe lana emanen du, astelehenean, Miarritzeko Kasinoan. Musikariek zuzenean joko dute taula gainean, eta dantzariak hauen aurrean, artean eta inguruan ariko dira. Bederatzi arizale dira. Musika barrokoa, klasikoa, rocka eta elektroa nahasten dituen emanaldia da. «Sekulako kemena sortzen duen rock ikuskizuna» diote aurkezpenean.
Saint-Nazairen hasi (Bretainia) eta gaur egun Parisen kokatua den Leila Ka koreografoak bakarrik emazte dantzariek eman hiru zati aurkeztuko ditu: Pode ser, C’est toi qu’on adore eta Bouffees. Leila Kak «askatasuna eta bere mugak gainditzea bilatzen duten emazte gorputzak taularatu ditu» adierazi dute Maitaldikoek, «borroka energia» batek eramanik. Hilaren 12an ariko dira Miarritzeko Kasinoan.
Ipar Euskal Herritik azpimarratzekoa da Bilaka konpainiak dantza lan berria erakutsiko duela jaialdiaren karietara. ILaUNA deitu duten emanaldia Adar musika taldekoekin (Arnaud Bibonne, Maider Martineau) muntatu dute Bilakakoek, Gau Beltzak harturik iturri gisa. Atabal musika aretoan emanen dute, bi aldiz, irailaren 13an.
Horrez gain eta usaian bezala, flamenkoari eta hip-hopari leku egin dio jaialdiak.
Kanpoan dohainik izanen da
Egun guziz dantza saio laburrak edo errepika publikoak izanen dira aurten ere Maitaldi denboran. Miarritzen berean, baratze publikoan, Petricot pilota plazan, Plaza Berrian eta beste zenbait lekutan.
Errenteriako (Gipuzkoa) Kukai dantza taldea behin baino gehiagotan ariko da kitorik. Lehenik, bere herrian berean, Errenteriako herriko plazan, larunbatean, 18:00etan. Oholtza beste dantza talde batzuekin partekatu du, hala nola Herri Arte Eskolarekin, Dantzagunearekin eta Dantzaz-ekin. Euskorleans plazaratu duen azken obra erakutsiko du, gainera lau aldiz. Hiru lehenak Lapurdin, eta azkena Zuberoan. Miarritzen, Petricot plazan eta Kasinoan, irailaren 13an; Bokaleko merkatuko plazan, irailaren 14an, goizez; Senpereko ur bazterreko parkean, irailaren 14an, arratsaldez. Azkena, Atharratze-Sorholüzen izanen du, baratze publikoan, irailaren 16an, 10:30ean. Emanaldi horrek du Maitaldia amaituko, funtsean.