Sormen munduan hasiberriak diren Euskal Herriko artistak ezagutarazteko eta haien praktikak erakusteko asmoz egingo dute larunbatean Inmersiones biltzarra, Gasteizko Zas Espazioan, eta 30 artistatik gora izango dira; besteak beste, ikerlariak, irakasleak, aktibistak, pentsalariak, musikariak eta kolektiboak. Hamazazpigarren aldia izango du aurten Inmersionesek, eta Feministaldia kultur jaialdi feministarekin elkarlanean antolatu dute, Agur eta ciao izenburupean.
Bi jaialdien arteko senidetzeak kolektibotasunaren eta kulturaren «ikuspegia zabaltzeko» parada emango du, Leire San Martin Feministaldiko antolatzaileak azaldu duenez. Haren hitzetan, elkarri egindako keinuaren bitartez uztartu nahi dituzte elkarrengandik urrun diruditen bi esparru, hau da, arte garaikidean hasiberriak diren artisten topagunea eta kulturan begirada transfeminista lantzen duen jaialdia. San Martin bera izango da komisario Inmersiones biltzarrean, Laura Muelas de Aiala Feministaldiko antolatzailearekin batera.
Askotariko diziplinatan aritzen diren artista eta kolektiboek parte hartuko dute larunbateko biltzarrean, eta San Martinek horietako batzuen zertzeladak eman ditu gaurko prentsaurrekoan. Adibidez, Ines Plasencia ikertzaile, kultur kudeatzaile eta irakasleak beldurrean, heriotzan eta doluan murgiltzeko saioa egingo du; Luz Broto artista eta irakasleak eremuek sortzen dituzten harreman sozialei buruzko pieza emango du; Karlos Martinez Bordoyk plano eta bolumenen arteko loturez gogoetatuko du, desira ardatz harturik; eta Izar Mendiguren eta Itxaso Paia bertsolariek agurraren inguruko bertso saio «esperimentala» emango dute.
Biltzarraren helburuetako bat da kultur sormenaren adierazpen guztien topaketa izatea, eta, hala, larunbateko biltzarrean bat egingo dute Baratza aretoaren 11. urtemugarekin. Hartarako, Hannah Whelan Baratza aretoan aritzen den sortzaile eszenikoa eta Topa kolektiboko kidea ere gonbidatu dute.
'Streaming' saiorik ez
Goizetik arratsaldera arteko egitaraua ondu dute larunbaterako, eta sarrera doakoa izango da. Euskal Herriko artista berriek euren proposamenak ezagutarazteko aukera izango dute, eta aurtengo aldirako berariaz gonbidatutako artisten lanek ere izango dute tokia.
Agur eta ciao lelopean, agurtze protokoloak hartu nahi dituzte ardatz aurten Inmersionesek eta Feministaldiak. Gai horren bueltan egin zuten Feministaldia azaroaren 20an, 27an eta 30ean, Donostian, eta haren lekukoa hartuta egingo dute larunbatean Inmersiones biltzarra. Harrera edo agurren ostean izaten denari erreparatu nahi izan diote bi jaialdiek, eta, modu horretan, «hitz egiteko gonbidapen bat» egin nahi diete artistei, sortzaileen arteko elkarrizketak sustatzeko eta aurpegi berriak harremanetan jartzeko, Cristina Arrazola-Oñate Inmersiones kultur elkarteko buruak azaldu duenez.
Aurrez aurreko harremanak lehenesteko asmo horretan, aurten ez da streaming bidezko saiorik egingo Zas Espazioko topagunean. Pandemia garaian martxan jarri zuten modu birtualean parte hartzeko aukera, baina gaur-gaurkoz ez dute beharrezko ikusten, «hartu-eman fisikoak» lehen lerroan jarri nahi dituztelako.
Biltzarra egiten duten bitartean, Zas Espazioak erakusketa bat antolatuko du Inmersiones eta Feministaldia jaialdietako kartelak erakusteko. Halaber, Yun Ping Li argazkilari, artista bisual eta performerrak Gasteizko zenbait eskolatan ikasleekin egindako tailerren argazkiak ere ikusgai jarriko dituzte.