26 sortzaile hautatu dituzte Geuretik Sortuak programarako

Hiru asteko egonaldia egingo dute, eta bost antzezlan, bost film labur eta hamasei ipuin sortuko dituzte, Udalbiltzaren babesarekin

Programaren aurkezpena, abenduan, Durangoko Plateruenan. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Geuretik Sortuak proiektua jarri du martxan Udalbiltzak, euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatzeko asmoz; zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.

Iazko abenduan eman zuen proiektuaren berri, eta orduan jakinarazi zituzten egonaldiak egingo ziren herri batzuk ere. Atzo eman zuten jakitera, ostera, zer sortzailek parte hartuko duten, eta nora joango den bakoitza. Denera, 73 lan jaso dituzte, eta 26 sortzaile hautatu: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia dira. Euskal kulturgintzako izen ezagunak dira horietako batzuk; izen berriak edo ez horren ezagunak, besteak.

Literaturan, ondokoak dira sortzaileak eta egokitutako herriak: Maitane Perez Amasa-Villabona (Gipuzkoa); Iñaki Martiarena Araitz, Betelu eta Larraunen (Nafarroa); Ugaitz Agirre Artziniegan (Araba); Yolanda Arrieta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa); Nahia Zubeldia Larrabetzun (Bizkaia); Garazi Albizua Castelao Leitzan (Nafarroa); Nefer Olaizola Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarren (Zuberoa); Maialen Akizu Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosillan (Araba); Sarai Robles Ondarroa eta Berriatuan (Bizkaia); Iban Garro Urepelen (Nafarroa Beherea); Itxaro Borda Usurbilen (Gipuzkoa); Edorta Jimenez Uztaritzen (Lapurdi); Peru Calabaza Zaldibian (Gipuzkoa); Danel Lauzirika Zestoan (Gipuzkoa); Bertol Arrieta Zuian (Araba) eta Fito Rodriguez Zumaian (Gipuzkoa).

Antzerkian, bestalde, ondokoak izan dira hautatuak: Tanttaka teatroa (Arrigorriaga, Bizkaia); Metrokoadroka (Atarrabia eta Uharte, Nafarroa); Oier Zuñiga (Bergara, Gipuzkoa); Lore-more (Oiartzun, Gipuzkoa); eta Bon bon noir konpainia (Oñati, Gipuzkoa).

Eta, zineman, azkenik, hauexek: Raul Barreras (Hernani, Gipuzkoa); Josu Martinez (Baigorri, Nafarroa Beherea); Leire Egaña (Galdakao, Bizkaia); Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola (Tafalla, Nafarroa) eta Eñaut Castagnet (Bera eta Lesaka, Nafarroa).

Planteamendu «malguak»

Sortzaile bakoitzak hiru astera bitarteko egonaldia egingo du herri horietan, eta hamasei ipuin, bost antzezlan eta bost film labur sortuko dira horrela. Lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko du ondoren egonaldia egin duten herri horietan guztietan. Aurrerago emango dituzte xehetasunak, baina antolatzaileek iragarri dute ekitaldi bat egingo dutela, udalerrietako ordezkariek eta hautatutako artistak elkar ezagutu eta egonaldiari hasiera emateko.«Artistei proposatzen zitzaiena, guztiz berritzailea izateaz gain, ez zen lan makala: zer herritara joango ziren jakin gabe euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baita eremu ezberdinetara egokitzeko malgutasun planteamendu bat aurkeztean ere», esan dute antolatzaileek.

Lehen aldia da Udalbiltzak kultur arloko proiektu bat garatzen duela. Euskal Herriaren kohesioa helburu duten egitasmoak bultzatzea da Udalbiltzaren egitekoetako bat, eta euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan «luze eta zabal» hausnartu ondoren erabaki zuten zerbait egitea. Izan ere, hainbat bilkura egin zituzten sektoreko ordezkariekin, eta bilera horietatik atera zen egonaldi programaren ideia. Horregatik, hain zuzen, «estrategikoa» da proiektua, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak aurkezpenean adierazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.