Geuretik Sortuak proiektua jarri du martxan Udalbiltzak, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak. Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du; zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.
Iazko abenduan eman zuen proiektuaren berri, eta orduan jakinarazi zituzten egonaldiak egingo ziren herri batzuen izenak ere. Gaur eman dute jakitera, ostera, zer sortzailek parte hartuko duten egonaldi horietan, eta nora joango den bakoitza. Denera, 26 sortzaile hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia dira. Euskal kulturgintzako izen ezagunak dira horietako batzuk; izen berriak edota horren ezagunak ez direnak, beste batzuk.
Urtarrilean zabaldu zuten deialdia, eta 73 proposamen jaso zituzten guztira: 21 literatur lan, 24 antzezlan eta 28 film labur egiteko proposamenak ziren. «Artistei proposatzen zitzaiena, guztiz berritzailea izateaz gain, ez zen lan makala: zer herritara joango ziren jakin gabe, euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baita eremu ezberdinetara egokitzeko malgutasun planteamendu bat aurkeztean ere», azaldu dute antolatzaileek. Hamar laguneko epaimahai batek egin du hautaketa.
Sortzaile bakoitzak hiru astera bitarteko egonaldia egingo du bere bizilekua ez den herri batean, eta hamasei ipuin, bost antzezlan eta bost film labur sortuko dira egonaldi horietatik. Sortutako lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko du ondoren egonaldia egin duten herri horietan guztietan. Antolatzaileek esan dute aurrerago emango dituztela proiektuen eta egonaldien inguruko xehetasunak. Eta iragarri dute ekitaldi bat egingo dutela udalerrietako ordezkariek eta hautatuak izan diren artistek elkar ezagutzeko eta egonaldiari hasiera emateko.
Proiektu «estrategikoa»
Lehen aldia da Udalbiltzak kultur arloko proiektu bat garatzen duena. Euskal Herriaren kohesioa helburu duten egitasmoak bultzatzea da Udalbiltzaren egitekoetako bat, eta euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan «luze eta zabal» hausnartu ondoren erabaki zuten zerbait egitea. Izan ere, hainbat bilkura egin zituzten sektoreko ordezkariekin, eta bilera horietatik atera zen egonaldi programaren ideia. Horregatik, hain zuzen, «estrategikoa» da proiektua, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak aurkezpenean adierazi zuenez.
Hauek dira hautatu dituzten sortzaileen eta egonaldia egingo duten herrien izenak:
Literatura
- Amasa-Villabona: Maitane Perez
- Araitz, Betelu eta Larraun: Iñaki Martiarena
- Artziniega: Ugaitz Agirre
- Etxarri-Aranatz: Yolanda Arrieta
- Larrabetzu: Nahia Zubeldia
- Leitza: Garazi Albizua Castelao
- Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre: Nefer Olaizola
- Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla: Maialen Akizu
- Ondarroa eta Berriatua: Sarai Robles
- Urepele: Iban Garro
- Usurbil: Itxaro Borda
- Uztaritze: Edorta Jimenez
- Zaldibia: Peru Calabaza
- Zestoa: Danel Lauzirika
- Zuia: Bertol Arrieta
- Zumaia: Fito Rodriguez
Antzerkia
- Arrigorriaga: Tanttaka teatroa
- Atarrabia eta Uharte: Metrokoadroka sormen laborategia
- Bergara: Oier Zuñiga
- Oiartzun: Lore-more konpainia
- Oñati: Bon bon noir konpainia
Zinema
- Hernani: Raúl Barreras
- Baigorri: Josu Martinez
- Galdakao: Leire Egaña
- Tafalla: Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola
- Bera eta Lesaka: Eñaut Castagnet