Musika

Kokein, 25 urteko bidea lagunekin ospatzeko garaian

Mende laurdena bete du musika taldeak, eta hamar kantako album bat plazaratu du hori ospatzeko. Bost abesti berriak dira; gainerakoak, beste musikari batzuek taldearen aurreko bost kantutan oinarritutako bertsioak.

Kokein taldeko kideak. JUXE ARETA GOÑI
Kokein taldeko kideak. JUXE ARETA GOÑI
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 31
04:00
Entzun

Milaka modu daude urteurren bat ospatzeko. 25 urte betetzen ditu aurten Kokein taldeak, eta hori bera ospatzeko, bidelagunen laguntza hurbil edukitzea erabaki dute. Disko berezi bat atera du taldeak: Bidea da helmuga (Balaunka). Hamar kantaz osatu dute diskoa, baina horietatik soilik erdiak izan dira Kokein taldeak interpretatuak. Beste bostak haien ibilbidean egindako lagunek moldatu dituzte, taldearen kantetan oinarritutako bertsioak eginda.

Normalki, diskotik diskora orain baino denbora gehiago utzi ohi izan du taldeak aurrez, baina aurreko diskotik azkeneko honetara soilik bi urte pasatu dira. «Aukera aparta iruditu zitzaigun 25 urteak disko berri batekin ospatzea», esan du Zaloa Urain taldeko abeslariak. Taldearen hasiera 1999. urtean ezarri arren, 2002. urtean kaleratu zuten lehen bilduma, taldearen izen berekoa: Kokein. Harrezkeroztik zazpi disko atera dituzte, eta oraingoa zortzigarrena da. «Oso pozik gaude gure ibilbidearekin, eta ilusio handiz aurkezten dugu disko berria».

Aurreko diskoen ildo berean jarraitzen dutela uste du abeslariak. Halere, 25 urtean gauzak «nahitaez» aldatzen direla ere aitortu du. «25 urte daramatzagu musikaren munduan, eta lehen gauzak oso desberdinak ziren oraingoekin alderatuz. Ezinezkoa da berdin jarraitzea», azaldu du. Horrez gain, Urainek aitortu du gaur egun «oso zaila» dela musikan ibilbide luzea egitea. «Orain oso bat-batekoa da dena. Dena azkar nahi dugu. Single-ak, abesti solteak ateratzea da ohikoena gaur egun».

«Erabateko askatasuna eman diegu bertsioa egiterakoan. Haiek nahi zuten kanta egin zezaketen, eta nahi zuten modura. Konfiantza handia geneukan, eta emaitzak arrazoia eman digu»

ZALOA URAINKokein taldeko abeslaria

Okurritu zitzaien diskoko bost kanta bidelagunen laguntzarekin egin zitzaketela, eta halaxe egin dute. «Normalean, jendea oso okupatua egoten da, eta ez genekien ea jendeak gure ideia onartuko zuen. Azkenean, denek dudarik gabe esan ziguten baietz, denak agertu ziren prest». Kokein taldeak 25 urtean egindako kantu guztien artetik bost aukeratu dituzte bertsioen egileek. «Erabateko askatasuna eman diegu bertsioa egiteko. Haiek nahi zuten kanta egin zezaketen, eta nahi zuten modura. Konfiantza handia geneukan, eta emaitzak arrazoia eman digu».

Harriduraz beteak

Zea Mays, Eraso, Miren Narbaiza, Joseba Baleztena, Ander Mujika, Mursego —Maite Arroitajauregi— eta Nakar izan dira bertsioak egin dituzten musikari eta musika taldeak. «Gure ibilbidean topatu eta azkenean lagun bihurtu zaizkigun musikariak dira. Oso zortedunak gara horrelako jendez inguratuak egoteagatik», adierazi du abeslariak.

Eraso taldeak Itzalak abestiaren bertsioa egin du. «Oso gertu izan ditugu Erasoko kideak beti. Ibilbide luzea egin dugu ondoan, eta, proposamena egin genienean, azkar batean baieztatu ziguten. Haiek oso argi zuten Itzalak kantatu nahi zutela». Abeslariak adierazi du «zirraragarria» egin zitzaiela lehenengo aldian beren kanta bat beste ahots batzuetan entzutea, baina era berean «oso polita» izan zela. Zea Maysek, berriz, Lotuta egon arren interpretatu du. Kokeinen moduan, urte asko daramatza Zea Maysek euskal musikaren eszenan, eta horrek harreman estua sortu du bi taldeen artean. «Aioraren ahotsarekin oso hunkigarri geratu da abestia».

Kolaboratzaile bakoitzak bere estiloa gehitu dio kantari, eta, horregatik, Nakarren Zain egon gabe abestiaren bertsioa «desberdina eta polita» dela esan du Urainek. Bestalde, Miren Narbaiza, Ander Mujika eta Joseba Baleztena Gora begiratzen interpretatzeko elkartu dira, eta «bertsio brutal bat» egin dute hiruren artean. Azkenik, Mursegok Ate joka interpretatu du. «Maitek bere egin du kanta».

Bertsioak salbu, diskoko beste bost kantak berriak dira. Bidean goaz izan zen bildumaren lehen aurrerapen kanta. Eta, horretaz eta aipatu bost bertsioez gainera, Gauez, Zure Bila, Zutik eta Garaia da abestiek osatzen dute 25. urteurreneko diskoa.

Kokein taldearen Bidean goaz abestiaren bideoklipa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.