23 artistak beren argitalpenak aurkeztuko dituzte Azpeitian

Liburu formatutik harago doazen argitalpenak jarriko ditu ikusgai Mahai Editoriala egitasmoak gaur eta bihar, eta performanceak ere izanen dira

Txaranga Urretabizkaia taldeak performance bat eginen du, Partiturak/s liburua aurkezteko. FOKU.
Yasmine Khris.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Esperimentazioa erdigunean. Euskal Herriko hainbat arte diziplinatako 23 artista elkartuko ditu asteburu honetan Sistema Eragilea plataformak Azpeitian (Gipuzkoa), Dinamoa sorkuntza gunean. Gaur egun osoan eta igande goizean, sortzaile, artista, diseinatzaile eta editoreek aukera izanen dute beren argitalpenak aurkezteko Mahai Editoriala izenekoan. Horrez gainera, performance bana eskainiko dute Itziar Okariz artistak, Txaranga Urretabizkaiak eta Ainara Legardonek.

Bigarrenez antolatu dute aurten mahaia, eta, aurrekoan ez bezala, gune bakar batean egitea erabaki dute. «Lehen jardunaldiak Bilbon, Iruñean eta Azpeitian antolatu genituen aldi berean; aurtengoan, bateratze modu bat aurkitu dugu», erran du Usue Arrieta artistak. Sistema Eragilea plataformako kudeatzailea ere bada, eta talde hori da asteburuko programa prestatu duena.

Txandakako aurkezpenak egingo dituzte artistek bihar eta etzi; 30 minutuko tarteak izango dituzte horretarako. Aurkezpenak egiteko ez ezik lanak ezagutarazteko eta iritziak trukatzeko gune bat ere izan dadin nahi dute.

Azokaren formatua imitatuz, hitzaldiak egiteaz gain, lanak erosteko eta trukeak egiteko aukera ematea da asmoa. Gune zabal bat sortzea, alegia. «Giro hori lortu nahi dugu».

Itziar Okariz artistak gaur eguerdian egingo du performancea. Sueños izeneko pieza emango du, Azpeitian aurkeztuko duen liburu eponimotik abiatuta, eta ametsetan oinarrituta. Arrietak eman du azalpena: «Amesten zuenaren apunteak hartu ditu, eta bidaia bat josi du horrekin».

Txaranga Urretabizkaia arituko da arratsaldean. 2017an jaiotako taldeak Partiturak/s bilduma argitaratu du, sortu edota jo dituzten pieza guziekin. Ehun bat partitura ikusgai eta entzungai dira. Esperimentazioa dute sorkuntzarako motor nagusia, eta talde «hiperbentilatutzat» daukate beren burua, haize instrumentuei erreferentzia egiten. Maiz, mugimendu, gorputz, inguru eta koloreetan oinarritzen dituzte konposizioak. «Edozertan, egia esan», gehitu du Arrietak, irriz. «Okasiorako obra berezi bat sortu dute: auskalo zer izanen den!». Herrian arituko dira, edonola ere, kalejiran.

Bihar, azkenik, Ainara Le Gardon kantari bilbotarrak kontzertu-performance bat emanen du: Res-cue. The Archive in the Mouth. Sortzaileak bi zinta eta idatzizko hainbat ohar dituen liburu-kasete bat aurkeztuko ditu mahaian egunotan.

Eskuz eginda

Asteburuan aurkeztuko diren lanak hainbat diziplinatakoak badira ere, jardunaldiak plastikotasuna du ardatz. «Materialtasuna interesatzen zaigu, pieza fisikoak, nola ukitzen duten elkar, nola irekitzen diren eta zergatik...», azaldu du Arrietak. Horretarako, bertaratzen direnek aukera izango dute lanak eskuz ukitu eta haiekin esperimentatzeko.

Arrietari obra batek piztu dio bereziki arreta, Amable Ariasen Copiador mil hojas lanak. 498 marrazki egin zituen Ariasek arroz paper finetan, eta pilatuz doaz irudiak, orrien gardentasunagatik. «Konposizioak eta gardentasunak berezi bihurtu dute obra. Ez da beste inon ikusi: horra pieza historiko bat ikusteko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.