22 artista sortzen ariko dira 39 herritan

Geuretik Sortuak programan, hiru antzezlan, lau film labur, hamar ipuin eta bost komiki egingo dituzte, Udalbiltzaren babesarekin

Geuretik Sortuak programako antolatzaile eta parte hartzaileetako batzuk, atzo, Beran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Bera
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Udalbiltzak bigarren aldiz ondu du Geuretik Sortuak programa, eta baditu aurtengo parte hartzaileak. Euskaraz sortutako literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkia sustatzea du helburu proiektuak. Aurreko edizioko arrakastaren kari egin dute bigarrena. Artista bakoitzarentzat sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu dituzte Euskal Herri osoko 39 udalerritan.

Iazko urrian zabaldu zuten deialdia, eta 60 proposamen jaso zituzten orotara. Aurreko aldiak bezala, bi urte iraungo du aurtengoak ere: 2023an sormen egonaldiak egingo dituzte, hiru astera bitartekoak. 2024an, berriz, sortutako lanak erakusteko zirkuitu bat osatuko du Udalbiltzak.

Literatura egonaldiak egiteko, hurrengo idazle eta lekuak hautatu dituzte: Edorta Jimenez Mutrikun izango da (Bizkaia); Ainhoa Urien Lodosan, Sartagudan, Mendabian, Andosillan eta Sesman (Nafarroa); Idoia Etxeberria Zaldibian eta Ataunen (Gipuzkoa); Maddi Arozena Ziortza-Bolibarren (Bizkaia); Jon Abril Atharratzen (Zuberoa); Lutxo Egia Seguran (Gipuzkoa); Maitane Perez Errigoitin, Ajangizen eta Muxikan (Bizkaia); Saioa Alkaiza Berriatuan (Bizkaia); Maite Aizpurua Araitzen, Betelun eta Larraunen (Nafarroa) eta, azkenik, Gaizka Sarasola Larrabetzun (Bizkaia).

Antzerkia lantzeko, hauek hautatu dituzte: Goitibera konpainiak geldialdia egingo du Hernanin (Gipuzkoa); Antzerki Aroak eta Zinealdiak konpainiek Zumaian (Gipuzkoa); eta Jon Ander Urresti aktoreari Aulesti, Munitibar eta Amoroto (Bizkaia) egokitu zaizkio.

Zinemagintza lantzeko aukera, berriz, hauek izango dute: Pette Etxebarria Antzuolan (Gipuzkoa) eta Aiherran (Nafarroa Beherea) izango da; Arriguri ekoizpen etxea eta Aitor Gametxo Uharten (Nafarroa); Alba Lozano Oiartzunen (Gipuzkoa); eta Aitzol Saratxaga Legution (Araba).

Lehen aldiz, komikia

Aurten beste diziplina bat gehitu diote egitasmoari: komikigintza. Hala, Iñaki Martiarena Mattin Usurbilen (Gipuzkoa) izango da; Aritz Ibarra Saran eta Urruñan (Lapurdi) eta Beran eta Lesakan (Nafarroa); Kote Camacho Bergaran (Gipuzkoa); Unai Gaztelumendi Leitzan eta Berastegin (Nafarroa); eta Eñaut Aiartzaguena Amasa-Villabonan (Gipuzkoa).

Programaren aurkezpen jendetsuan, lehenik, udalerrien ordezkaritza oholtzaratu da. Joseba Sarrionandiaren eta Ines Osinagaren emanaldiak eman dio segida, eta hainbat artistak ere hitz egin dute jarraian.

Antzerkigintza beka jaso dutenetako bi, Olatz Beobide eta Nerea Arriola, hasi dira, Sarrionandia eta Osinagaren erakustaldia aipatuz. Beobide: «Gorputza olatuetan jarri zaigu entzun ahala». Osinagak kantatu duen Txalupa abestiari erreferentzia eginez eman du haien lanaren berri Beobidek segidan: «Guk ere ez dugu porturik ikusten, baina imajinatzen dugu Zumaiako portua nolakoa izango den. Oraindik itsasoan sartu baino ez gara egin». Ideia finkorik ez duten arren, errua gaitzat erabili nahi lukete: «Horren inguruan hasi gara hausnartzen, Euskal erruaz, harriaz eta irriaz». Arriolak, bukatzeko, esan du barrea garrantzitsua eta boteretsua dela.

Barre egiteak «potentzialitate antidiziplinarioa» duela aipatu du Ainhoa Urien idazleak segidan, eta eskerrak eman dizkie aktoreei oholtza gaineko egoera «laxatzeagatik». Kontatu du, mugen inguruko proiektua egin zuenez, gogoko duela Goi-Erribera: «Karanbola eder bat da».

Amaitzeko, Mattin komikigileak isiltasuna sortu du, arbela zurian, bunbuilo baten barruan, Geuretik Sortuak-en siglekin osatutako giltza bat marraztean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.