21 euskal ekoizpen izango dira aurten Donostiako Zinemaldian

Izagirreren 'Nora' filmak abiatuko du Zinemira saila, eta denera hamahiru lan arituko dira Irizar Saria lortzeko lehian;. Esnal, Merino eta Greenen lan berriak daude horien artean

Eugene Greenek zuzendutako Atarrabi et Mikelats filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Donostia
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat dira Donostiako 68. Zinemaldian ikusgai izango diren euskal ekoizpenak. Denera 21 lan dira, eta jaialdiko hainbat sailetan emango dituzte: besteak beste, Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman eta Zinemiran.

Euskaraz grabatutako film batek inauguratuko du euskal ekoizpenei eskainitako Zinemira saila, Lara Izagirreren (Zornotza, Bizkaia, 1985) bigarren lan luzearen estreinaldiak: Nora-k —aitona argentinarra galdu ostean neska batek Euskal Herriko kostaldean egingo duen bidaia kontatzendu—. Nora-rekin batera, euskarazko beste hiru fikziozko lan hartuko ditu Zinemaldiak denera: Zuzendari Berriak atalean, Ane (David Perez Sañudo) eta Hil Kanpaiak (Imanol Rayo) filmak; eta Zinemiran, halaber, Eugene Greenen (New York, AEB, 1947) Atarrabi et Mikelats, euskal mitologiako bi pertsonaiaren istorioa kontatzen duen lana. Lau film horiez gain, beste bederatzik izango dute eskura Euskal Zinemaren Irizar Saria.

Zinemira sailera ekarriko du David Gonzalez Rudiezek ere (Bilbo, 1980) Talento bere laugarren lan luzea. Film komertzial bat egingo duen zinema zuzendari independente baten istorioa kontatzen du.

Asier eta biok idatzi eta zuzendu ondoren, Non dago Mikel? dokumentalarekin dator Zinemaldira Amaia Merino (Donostia, 1970). Miguel Angel Llamasekin (Noain, Nafarroa, 1980) baterazuzendutako lan bat da, eta 1985ean Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egun geroago hilik azaldu zen Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen du. Beste bi zuzendariren elkarlana da Caminho Longe, Josu Martinezena (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategirena (Donostia, 1986), hain zuzen. Alfontso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa du hizpide filmak.

Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) Hijos de Dios filma ere erakutsiko du Zinemaldiak. Madrilgo kaleetan bizi diren etxerik gabeko bi pertsonaren istorioa kontatzen du. Natxo Leuzak (Iruñea, 1977), berriz, Enrique Villareal El Drogas musikariaren inguruko erretratu poliedriko bat aurkeztuko du.

Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) Zinemaldiko hainbat sailetan parte hartu du aurrez, eta oraingoan Urtzen filma aurkeztuko du Zinemiran; lanak Pablo Azkueren kontakizun bat du oinarri. Pepe Andreu (Elx, Herrialde Katalanak, 1973) eta Rafael Moles (Castello, Herrialde Katalanak, 1974) ere jaialdian izanak dira lehenago; izan ere, 2018an Lau Haizeetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izandako proiektua da aurten aurkeztuko duten Lobster Soup filma.

Zinemira sailean baina lehiaketatik at erakutsiko dira Olmo Figueredoren (Sevilla, Espainia, 1980) El estado contra Pablo Ibar telesail-dokumentala eta Aitziber Olaskoagaren (Getxo, Bizkaia, 1980) Jo ta ke film ertaina.

Baita beste sailetan ere

Zinemaldiak aurrez iragarritako beste euskal ekoizpen batzuk ere izango dira ikusgai jaialdiko hainbat ataletan. Zuzendari Berriak saileko bi lanez gain, Sail Ofizialean Pablo Agueroren Akelarre emango dute, eta Culinary Zineman, berriz, Asier Altunaren Arzak Since 1897 dokumentala. Lau ekoizpen horiek ere Irizar Saria eskuratzeko lehian ariko dira.

Bestalde, Zabaltegi-Tabakaleran bi euskal ekoizpen erakutsiko dituzte: Laida Lertxundiren Autoficción eta Marina Palacioren Ya no duermo film laburrak, hain zuzen. Made in Spain sailean, berriz, Paula Cons Varelaren (Coruña, 1976) La isla de las mentiras ikusi ahalko da.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala egingo dute irailaren 22an, Viktoria Eugenia antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko dute bertan. Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Maiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) zuzendutako lana da. Galan bertan aurten ere Zinemira saria eta euskal zineman izandako ibilbidea aitortzen duen ohorezko saria banatuko dituzte. Irailaren 23an, aldiz, David Perez Sañudoren Alardea telesailaren estreinaldia izango da EITB Galan.

Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) ekoizpen fasean dagoen 918 gau proiektua aurkeztuko du jaialdiko WIP Europa atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.