21 artistaren sormen prozesuak ikusgai daude Uharte zentroan

Sortzaile nafarrek azken bi urteetako egonaldietan egin dituzten lanak ikus daitezke, bihar arte

Uharte zentroan egonaldiak egin dituzten artistetako batzuk, osteguneko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako 21 artistak arte ekoizpen, esperimentazio eta ikerketa egonaldietan garatutako prozesuak jendearentzat ireki dituzte Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan, Ikerketa irekiak dinamikaren barruan. Ikusleek aukera dute sortzaileen lan guneetan, obretan, ideietan eta inspirazio iturrietan barneratzeko. Azken bi urteetan zentroan egonaldiak egin dituzten artistak eta taldeak dira, eta gaur eta bihar bisitatu ahal izango dira haien sormen prozesuak, goizez, zentroaren bigarren eta hirugarren solairuetan.

Zehazki, 21 artista edo kolektibo dira, arte garaikidearen hainbat esparrutakoak; hala nola arte eszenikoak, plastikoak, ikusizkoak edo soinuzkoak lantzen dituzte. Haien proiektuak askotarikoak dira, baina guztiek dituzte loturak testuinguruarekin. Honako hauek dira: Ana Galar, Lucia Lapoza, Javier Ozkoidi, Ada Garrues, Estefania de Paz eta Kiko Ortega, Estibaliz Jimenez de Aberasturi, Jaime Eguaras, Jara Narvalaz, Mikel Irure, Leo Pum, Ines Alba, Aizpea de Atxa, Ariadne Irigoien, Andoni Torres Daroca, Javier Huarte, Belen Arevalo eta Maria Jose Sanchez, eta Fotografica 19 eta Mi-Ti kolektiboak.

Obren sorkuntzatik harago

Uharte zentroa ekoizpen, esperimentazio eta ikerketa artistikorako gunea da, eta sortzaileei lanerako toki bat eskaintzea du helburu, arte esperimentazioa, ikerketa eta ezagutza sustatzeko xedez. Artearen ekoizpena ez du ulertzen obren sorkuntza gisa soilik, baizik eta «ezagutzen, harremanen eta afektuen sorkuntza prozesu» gisa ere bai. Hori dela eta, arte komunitateak zentroa «bizi» dezala nahi du. Logika horren barruan antolatzen dituzte aldi baterako egonaldiak eta egonaldi puntualak, eta eskaria gero eta handiagoa da: 2020an 97 eskaera jaso zituzten, eta, aurten, oraingoz, 83 jaso dituzte.

Egonaldietan aritu diren artisten hitzetan, gune hori «altxorra» da, aukera ematen duelako ekoitzi, esperimentatu eta ikertzeko, beren kabuz eskuratu ezin izango lituzketen bitartekoekin. Horregatik, ziurtatu dute zentroko instalazioei eta tresnei ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu direla. Era berean, beste artista batzuekin sortu duten harremana «oso aberasgarria» izan dela azpimarratu dute.

Irantzu del Valle Mi-Ti taldeko buruak, esaterako, beste artista batzuk ezagutzearen eta haiekin elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu du: «Beste adierazpide batzuekin harremanak izateko leiho bat da, gure artea gainerakoekin komunikatzeko espazio bat, eta etorkizuneko proiektuak garatzeko amu bat». Hartu-eman horren adibide da Leo Pum, zentroan dagoen beste artista bat; izan ere, Mi-Ti kolektiboarekin elkarlanean hasi da. Pum urtarrilaz geroztik ari da lanean Uharte zentroan, eta beste artista batzuekin elkartu ahal izatea «inspirazio iturri» bilakatu da harentzat. «Nire etxean bakarrik egonez gero iritsiko ez nintzatekeen leku batzuetara iritsi naiz», aitortu du.

Era berean, Daniel Rodriguez Daroca-k uste du zentroak eskaini dion tresneria gabe ezin izango lituzkeela bere proiektuak garatu: «Artearen mundua konplexua da, eta horrelako espazioak behar ditugu sortzeko eta sorkuntza erakutsi ahal izateko», adierazi du. Era berean, Belen Arevalok azpimarratu du zaila dela aurkitzea artistek egin nahi duten guztiarentzat ateak irekita dituzten tokiak, oztoporik jarri gabe artistak ulertzen dituztenak, eta, era berean, bideragarriak direnak.

Estefania de Paz Asinentzat balio handia du «zikintzeko, sortzeko, partekatzeko» gune bat izateak. Irailetik ari da bertan lanean, eta orain «tristuraz» utziko du gunea. Bestetik, Jara Narvalazek uste du positiboa dela hartzaileei lana erakustea hura sortzen ari den lekuan bertan, eta prozesua gauzatu bitartean: «Horrek arte proposamenei beste ikuspegi batetik begiratzea dakar».

Guztien hausnarketak laburbil ditzake Javier Huartek egin duen gogoetak. Argazkiekin lan egiten du, eta haren ustez, zentroak «artearen demokratizazioa» ekarri du: «Argazkilaritza hemen burgesiarena zen lehen, eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak hesi hori hautsi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.