Gaur hartu du lur, azkenik, Bilboko Arte Ederren Museo berrituak. 2019an jakinarazi zuten Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako Agravitas proiektuak irabazi zuela eraikina handitzeko antolatutako nazioarteko lehiaketa, eta, hainbat atzerapenen eta trabaren ostean, ia sei urteren buruan eman dute amaitutzat orain artean museoa osatzen zuten bi eraikinen gainean pausatuko den egituraren hezurdura. Bi solairu irabaziko ditu museoak horri esker, eta 10.000 metro koadro. Hezurdura prest utzita, hormak, kristalak eta aretoak martxan edukitzeko jarri beharreko gainerako guztiak jartzea falta da orain, baina irekiera eguna zein izango den iragarri dute: 2026ko ekainaren 24a.
Handitze lanetara kazetariekin egindako bisita ofizialean egin dute iragarpena. Museo berria «erreferentziazkoa» izango dela esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi eta Bilboko Arte Ederren Museoko patronatuko presidenteak. Eta irekiera data zehaztuta edukitzea «ilusionagarria» dela onartu du Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Haiekin batera, aurkezpenean izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Luis Maria Uriarte proiektuaren arduraduna, Taba Rasti Partner Foster + Partners-en zuzendarikidea, eta Gorka Martinez BBK Banku Fundazioaren zuzendaria.

Lehen iragarpenen arabera, 2024rako nahi zuten zabalik museo berritua. Baina bi traba garrantzitsu izan dituzte lanek. Foster eta Uriarte arkitektoek diseinatutako proiektua aukeratu ondoren, esate baterako, arazoak izan zituzten handitze lan horiek egingo zituen enpresa topatzeko. Materialak garestitu egin zirela ikusirik, aurkezteko epea amaitzeko astebete falta zela, enpresa bakar bat ere ez zen prest azaldu lanei ekiteko. Aurrekontua 44,5 milioi ingurura igo zuten orduan, eta beste deialdi bat egin behar izan zuten aurrekontu horrekin.
Aurrekontuari eutsita
Iaz izan zuten bigarren arazo nagusia. Berez, Urbelan, Altuna y Uria, Campezo eta Teus enpresek hartu zuten handitze lanen kargua, baina Inbersa enpresa azpikontratatu zuten eraikinaren sabaiko metalezko egitura jartzeko. Inbersak arazo ekonomikoak izan zituen, ordea, eta hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Lanen zati hori bertan behera utzi zuen orduan Bilboko Arte Ederren Museoko patronatuak, eta hainbat hilabetetako atzerapena eragin du horrek. Baina traba hori gaindituta, irekierarako data zehatza eman dute orain.
Eta Zugazak zehaztu duenez, «oraingoz», 44,5 milioi euroko aurrekontu horren barruan daude lanak.
Irekiera eguna baino gehiago, irekiera sasoi bat izango dela zehaztu du Zugazak, halere. Azaldu duenez, ekainaren 24a izango baita museoaren zati berriak ezagutzeko lehen eguna, baina urrira arte luzatu nahi duten irekiera sorta zabalago baten parte bat baino ez da izango lehen egun hori. Zehazki, urriaren 5ean amaitu asmo dute programa hori, Zugazak gogoratu duenez, justu egun horretan beteko baitira 118 urte Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu zenetik. Eta ordurako bai, museo osoa zabalik izatea espero dute: areto guztiak eta ikusgai egongo diren lan guztiak.

Atzerapenak atzerapen eta arazoak arazo, handitze lanak «erakustaldi itzela» izan direla esan du Zugazak. Museoaren inguruko zuhaitzak errespetatzeko, pieza guztiak airez garraiatu behar izan dituztela azaldu du. Eta, horrez gainera, museo berrituak izango dituen larrialdietarako eskaileren maila arkitektonikoa ere nabarmendu du.
Eraikin moderno berritua
Museoak ez du aterik itxi. Handitze lanak hasi zirenetik, eraikin zaharreko aretoak baliatu ditu museoak unean uneko erakusketak hartzeko. Udan aldatu egingo da hori, ordea. Hiru hilabete barru bukatuko dituzte eraikin modernoko zaharberritze lanak, eta bertako aretoetara pasatuko dute, orduan, kultur programazioa. Ordutik aurrera, eraikin zaharreko aretoak berritzeko baliatuko dute museoa erabat ireki arteko tartea.
Handitze lanei esker, 10.000 metro koadro irabaziko ditu museo berrituak, eta, horrez gainera, museoak lehenago zuen espazioaren %80 inguru ere zaharberrituko dute. Espazio gehikuntza nabarmena izango du museoak beraz. Hedabideei helarazitako datuen arabera, esate baterako, %67 haziko da jarduera publikoentzako eremua, %45 handiagoa izango da bildumak hartuko duen lekua, eta %88 haziko da erakusketentzako esparrua.
Biltegiratze arazoei aurre egin beharko zaiela esan du Zugazak
«Bilboko Arte Ederren Museoaren biltegi beharrak esponentzialki hazten ari dira jasotzen ditugun dohaintzei esker, eta hori ospatzekoa da, baina biltegiratzeko tokia handitzeko beharra egongo da». Museo berrituari buruzko nondik norako tekniko guztiak eman ondoren egin du zehaztapena Miguel Zugaza zuzendariak. «Hori ere seinalatu nahi nuke». Azaldu duenez, eraikina berritzearekin batera hazi egingo da museoaren biltegiratze gaitasuna, baina, horrez gainera, bestelako «alternatiba» batzuk ere bilatu beharko direla iragarri du.
Lanak martxan diren artean, hainbat biltegitara eraman dituzte museoko bildumako artelanak. Eta Zugazak, espresuki, Bilboko Guggenheim museoari eman dizkio eskerrak, alor horretan eskaini dien laguntzagatik.