2018ko martxoaren 15a, BERRIA egunkaria. Berri Txarrak taldeak BEC beteko duela eta, Gorka Urbizuk gidatutako hirukoak emandako prentsaurrekoaren nondik norakoak dakartza berripaperak. «Ez dira asko historian halako neurriko emanaldiak antolatu dituzten euskal musikariak», dio testua sinatzen duenak, Iñigo Astizek, eta Urbizuk prentsaurrekoan esandakoak biltzen ditu jarraian: «Kontzertu hau bada mirari txiki bat». Euskararen datu soziolinguistikoei eta kulturgintzaren zabalpen arazoei erreferentzia egin zien lekunberritarrak. «Gu infra-tik gatoz, eta infra-tik begiratzen diogu munduari; azpitik. Horrelako gau berezi eta makroa, gorroto dut hitz hori, baina halako gau makroa antolatu izatea bada mirari txiki bat». Euskal kulturaren ikusgarritasunari mesede egingo zion esperantza ere adierazi zuen: «Ea balio duen honek gai horretan aurrera egiteko».
2025a, ez dakit gai horretan aurrera egin dugun, baina gau makroak arruntago bilakatu zaizkigu. Begira dezagun urteak zer dakarren: urtarrilean Zetak taldearen Mitoaroa-z bi bider gozatu berri dugu, Nafarroa Arena mukuru zela; otsailean Esne Beltzak azken kontzertua emango du Bilbao Arenan; martxoan En Tol Sarmientok BEC hiru bider beteko du —sarrera guztiak salduta daude aspalditik—, eta Chill Mafiak agur esango du areto berean antolatu duten «hamar orduko festa batekin»; apirilean ZEIDfestek hartuko du Barakaldoko makroespazioa; maiatzean Izaroren Cerodenero birako azken kontzertura joan ahalko gara bertara; ekainean non eta Anoetan izango da Fermin Muguruza; uztailean eta abuztuan oporrak har ditzakegu azkenean —ala egutegian gorriz markatutako festibaletara joateko probestu—; irailean Mitoaroa itzuliko da berriz, oraingoan Donostiako Ilunbera; urrian da Muguruzaren bira amaiera Nafarroa Arenan —berandu zabiltza, saldu da dena dagoeneko—; azaroan Bulegoren despedidatxoa —noiztik da notizia urtebete kontzerturik eman gabe egotea?— Euskalduna jauregian; eta urtea indarrez amaitzeko, Gatiburen agur jendetsua izango dugu, hiru aldiz beteko baitute BEC gernikarrek abenduan.
Supra garaiak dira, eta korronteari jarraitu ezean jai dugu, agidanez. Mugarriz mugarri, irits gaitezen gora, gorago, lainoetaraino. Ea izarrekin itsutu eta bidean galtzen ez garen.