Jamal Penjweny Sulaimaniyan jaio zen, 1981ean, Iraken menpeko Kurdistanen, eta han bizi eta lan egiten du egun. Eskultore eta margolari gisa ekin zion bere artista ibilbideari, eta argazkilaritzara egin zuen jauzi gero. Artista jardunari aurre egin ahal izateko, artzaina izan zen, eta orain kafetegi bat du.
Haren argazkiek oihartzun handia izan dute nazioartean, batez ere 2013ko Veneziako Biurtekoan Irakeko pabiloia ordezkatu zuenetik. The New York Times-ek eta National Geographic-ek argitaratu dizkiote argazkiak, besteak beste. Eta, gaur egun, Erresuma Batuan du ikusgai Saddam is here proiektua, Welcome to Iraq talde erakusketan, South London Galleryn (Londres), eta berari soilik eskainitakoan, Ikon Galleryn (Birmingham).
Zure lan ezagunena akaso Saddam is here da. Egun Ikusgai dago Erresuma Batuan.
Saddam is here diktadorea hil osteko diktadurari buruzko lana da. Fotokazetaria izan naiz urte askoan, eta gertutik ezagutu ditut Irakeko politikariak. Herritarrek haiekiko zuten miresmena ikustean, gaztaroa etortzen zitzaidan gogora: Saddam telebistan agertzen zeneroko txaloak... Eta hori ezin da amaitu diktadorea hilda. Ezin da demokraziarako jauzia egin diktadurako burua kenduta.
«Irakiarrek ez dute Saddam ahaztu, hil ostean ere. Askok maite dute oraindik, eta beste askok beldur diote», esan izan duzu horren harira.
Saddam Hussein 35 urtean egon zen agintean. Haren presentziak dena hartzen zuen: telebistan ikusten genuen, ikasgeletan, kalean hormetan. Gaiztoa irudikatzen genuen, geure sufrimendu guztiaren iturburua; baina bazuen halako xarma ere, misterioa, magia. 2003ko martxoa schock-a izan zen—AEBek gidatutako indarrek Irak inbaditu zuten—. Askatasuna irabazi genuen, baina Saddamen [Hussein] irudiak iraun egin du, gure bizitzeko eta harremanak izateko moduan. Gure bizitza markatu du, eta gure memoria.
Saddam is here lana osatzeko, dozenaka irakiarri atera zenizkion argazkiak, eguneroko jardunean ari zirela, Saddam Husseinen erretratua aurpegian zutela. Erraza izan al zen?
Ez, ez zen erraza izan. Bi urtean eraman nuen Saddamen argazkia poltsan. Eta aukera ikusten nuen bakoitzean ateratzen nuen. Kasu askotan kosta egiten zitzaidan zer nahi nuen ulertaraztea. Gainera, Saddam gustuko zuten ala ez galdetu behar nuen, eta hori ez da erraza Iraken. Maite zutela esaten bazuten, hark egindako gauza onak ekartzen nizkien gogora.
Fotokazetari gisa duzun esperientziak nolako eragina izan du zure artista lanean?
Oso handia. Fotokazetari gisa aurpegi eta leku asko ikusi ditut, kolore anitzetako begiak eta azalak, baita pozaren, tristuraren eta etsipenaren ñabardurak ere. Ikertzeko modu bat izan da fotokazetaritza, giza natura ezagutzeko era bat, baita neure burua ezagutzekoa ere. Neure buruaren isla ikusi nuen ateratako erretratuetan, Kurdistango mendietan artzain izan nintzeneko garaia, nire ametsak eta borrokak. Ikasketa prozesu horren ostean, adierazteko beharra sortu zitzaidan. Artea nire arima adierazteko modu bat da, besteenarekin lotzekoa.
Zoe Pilger kazetariak, The Independent egunkarirako idatzitako artikuluan, esan zuen Welcome to Iraq erakusketak «despolitizatutako ametsa» zirudiela. Ados al zaude horrekin?
Ados nago neurri batean. Nire gaiak beti dira oso politikoak, baina modu ez-zuzen batean nahi ditut kontatu; artearen hizkuntzaren bidez. Zentzu horretan ulertzen dut despolitizazioa.
Zure lana politikoki konprometitua dela esango al zenuke?
Bai, hala ikusi nahi baduzu. Iraken dena dago politikarekin lotuta. Bagdadera joan eta taxi bat hartzen baduzu, politikaz hitz egingo dizu gidariak; baita okinak ere okindegian. Politika eguneroko bizitzako parte da. Eta horrek eragina du nire lanean.
Welcome to Iraq-en komisarioak, Jonathan Watkinsek, erakusketak beste Irak bat erakusten duela esan zuen, ez ezagutzen duguna. Zein da «Irak berri» hori?
Niretzat Irak berri hori Saddam [Hussein] hil osteko Irak da. Baina ez da hain berria. Saddam ikus dezakezu, beste izen batekin, beste itxura batekin.
Irakeko egungo artearen isla egokia al da Welcome to Iraq erakusketa?
Artista on asko dago Iraken eta Kurdistanen. Bertan modu askotako artea egiten dela erakutsi nahi zen, diziplina asko jorratzen direla, eta horren isla da erakusketa.
Suleymaniyan bizi zara, eta lana ere bertan egiten duzu. Zergatik? Ez al duzu sekula pentsatu herrialdea uztea?
Niri ez dit axola non nagoen, non bizi naizen. Zerbait egin nahi dut arteari dagokionez; asko dut esateko. Iraken zaila da ibilbidearekin jarraitzea, dena den. Areago gai politikoak jorratzen badituzu.
Jamal Penjweny. Artista
«2003an askatasuna irabazi arren, Saddam Husseinen irudiak iraun egin du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu