«Lehen aldiz, historiaurrearen etaparik antzinakoenera garamatzate aztarna hauek», esanez nabarmendu du Xabier Peñalver Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak Debako (Gipuzkoa) Praileaitz I kobazuloan egindako azken aurkikuntzen balioa. 2018ko sasoian, dozena erdi metro karratu eskaseko espazio batean, harrizko lanabesak eta jandako animalien 578 aztarna aurkitu dituzte, Behe Paleolitokoak, duela 200.000 urte ingurukoak. Tartean dago elefanteen familiako ugaztun handi baten eskuineko orpo hezurra. Gutxi gorabehera, 30 zentimetrokoa da, eta elephas antiquus batena edo mamut batena den aztertzen ari dira —Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan dago gaur egun—.
Faunarekin jarraituz, ursus espelaueus (haitzuloetako hartza) espeziearen bi letagin eta hortz bat ere aurkitu dituzte. Madrilgo Meatzeetako Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko laborategiak egindako azterketaren arabera, 173.900 urteko datazioa dute, 20.100 urteko marjinarekin; hau da, duela 150.000-200.00 urte artekoak dira.
Animalien hondarrekin batera, industria litikoari lotutako materialak nabarmendu dira azken kanpainan. Landutako harri bat aurkitu dute, bai eta hura egiteko erabilitako bi harri ezpal ere. «Aurkikuntzak erakusten du koban in situ ekoizten zirela tresna horiek», esan du Peñalverrek. Aurkikuntza horiei eta datazio horiei esker «akaso neandertalen aurrekoak izango diren biztanleria horiek aztertzen hasteko» aukera izango dutela adierazi du. Eta gaineratu du esku artean dituzten azterketekin honako hau baiezta daitekeela gutxienez. «Behe Paleolitoko biztanleria batek okupatu zuen Praileaitz, ehizarako tresnak landu zituen, espezieak harrapatu zituen, eta koban bertan kontsumitu zituen».
Mamifero handiak kontsumitzen zituztela jakin arren, Peñalverren esanetan, oso zaila da pentsatzea orduko tresnekin harrapatzen zituztela lauzpabost metroko garaiera zuten ugaztun haiek. Europako beste aztarnategi batzuetako kasuak ikusita, litekeena da animalia horiek zaharrak izatea eta hilda zeudenean jatea, edo, bestela, txikiak zirenean harrapatzea. Peñalverrek iragarri du laster izango dutela orduko harrapaketei, begetazioari eta klimari buruzko informazio gehiago. Esate baterako, orpo hezurra elefante batena bada, kontuan hartzekoa da haiek klima beroan bizi zirela. Aitzitik, klima hotzetan bizi ziren mamutak. Inguruan orein bat aurkitzea ere hotzaren adierazle izango litzateke, eta tximua aurkitzea beroaren seinale.
Orain artean, Behe Paleolitoko aztarna oso gutxi aurkitu izan dira Euskal Herrian estratigrafikoki testuinguruan kokatuta. Praileaitzen berriki aurkitutako horiez gain, Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxikin topatutakoak nabarmentzen dira. «Testuingurutik kanpo, bai, aurkitu izan dira: esate baterako, Iparraldean, Iruñeko arroan, Urrunagako urtegian, Urbasan eta Bizkaiko Uribe Kostako toki batzuetan». Euskal Herritik kanpora joanez gero, Espainian, ezaguna da Kantabriako La Garma aztarnategia. Han ere Praileaitzeko industria, fauna eta datazioekin bat egiten duten aztarnak aurkitu dira.
Gehiagorako itxaropena
Peñalverren esanetan, induskatzen ari diren mailatik behera, sei metroko sedimentua dagoela kalkulatzen dute, eta, ondorioz, uste du «beste espazio batzuk» ere aurkituko dituztela. 2014. urtean aurkitu zuten bigarren sarrera, eta eremu horretan ari dira lanean ordutik. Sarrerak zentimetro gutxi batzuk baino ez zituen aurkitu zutenean, baina, magalean egindako lanen ondotik, hiru metro inguru ditu egun. «Beherago agertzen den guztia zaharragoa izango da».
Hala, beste behin ere, aztarnategiari balioa emateko eta Praileaitz «osorik eta modu eraginkorrean» babesteko eskatu du arkeologoak. Harrobi baten ondoan dago Praileaitz,eta arriskuan egon izan da, harrobia ustiatzen jarraitu ahal izateko hura suntsitzea baitzegoen aurreikusita. 2000. urtean hasi ziren koba horretan indusketak egiten. Ordutik, errituen munduarekin zerikusia duten lepokoak, okrezko arkatzak, labar pinturak eta abar aurkitu dituzte.
200.000 urte inguruko aztarnak aurkitu dituzte Praileaitzen
Elefanteen familiako ugaztun handi baten orpo hezurra eta hartz baten letaginak topatu dituzte. Koba «osorik eta eraginkortasunez» babesteko eskatu du Peñalver arkeologoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu