Adunan elkartu da BERRIArekin, lantoki duen Elkar argitaletxean, baina argazkiak kilometro oso gutxira egindakoak dira, Zizurkilen (Gipuzkoa). Eta ez edonon: 1981eko otsailean, Joxe Arregi torturatuta hil eta zigilatutako hilkutxa batean lur eman zioten egunean bertan, gauean, sei laguneko talde batek hura hilobitik atera, haren gorpu zanpatua biltegiko mahai hotzaren gainean ipini eta argazkiak egin zizkioten leku bera da. Egunkari honetako kazetari Amagoia Gurrutxagak atera zuen argitara istorio hori 2009an, operazioan parte hartu zuen Juan Kruz Unzurrunzagaren ahotik jasota ordukoak, eta «nobelagile baten ikuspuntutik» berregin ditu horiek orain Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, Gipuzkoa, 1964). Izenburuan dator dardara: Oso latza izan da.
Unzurrunzaga, Arregi eta ekintzan hartan parte hartu zuen Bixente Ameztoi artista. Hiruki horren gainean eraiki du kontakizuna Mendigurenek, eta, dioenez, «inoiz ez bezalako harrera» ari da bizitzen orain. «Gaiari zor diot ziur asko halako berotasuna».
Jende askorengan hain presente dauden gertaera batzuei buruz idazteak zor dezake erreparorik. Sentitu duzu halakorik?
Normalean, halako gaiekin erreparoa bai izaten dut. Sartu izan dut kartzelan egondako pertsonaiaren bat nire istorio batean, adibidez, baina kartzela bera ez;halako bizipen latz bat hura ezagutu gabe kontatzea fribolitate bat balitz bezala. Hemen antzeko zerbait eduki nezakeen torturak direla eta, adibidez. Baina kontatzeko egitura garbi ikusi nuen momentuan —Unzurrunzaga, Ameztoi eta Joxeren bizitzak kontatzea, eta, paraleloki, Joxeren atxiloalditik heriotza eta berpizterainoko tartea—, ausartu egin nintzen. Eta erraz eta gogotsu idatzi nuen, egia esanda. Inoiz ez bezala.
Ameztoiren eta Virginia Montenegroren alaba Virginia ikusi zenuenean piztu ei zitzaizun idazten jartzeko txispa, maiatzean.
Bai, Zizurkilgo goiko eskolan umea jasotzen ikusi nuen, eta nire emazteari hasi nintzaion kontatzen Ameztoiren istorioa, Joxe Arregirena... eta kontatu ahala esan nuen: «Nik hau kontatu egin nahi dut». Uste dut oso literarioa dela, eta gure herrian kontatu behar diren istorio horietako bat dela. Egun horretan etorri zitzaidan burura, eta asteburu horretan bertan hasi nintzen idazten eta telefono deiak egiten.
Deigarria da zein azkar idatzi duzun liburua.
Bai, bai, bi hilabetetan idatzi dut, oso azkar; eta tartean hainbat jende ere elkarrizketatu dut.
Idatzi eta dokumentatu, batera?
Bai. Niri, gainera, liburuak izango duen ordenan idaztea gustatzen zait, atalez atal. Lehenengo kapitulu osoa, aski luzea dena, nekienarekin idatzi nuen, eta gero hasi nintzen elkarrizketak egiten, eta, egin ahala, idazten. Elkarrizketaren bat zintzilik baldin baneukan, egun horietan ez nuen idazten.
Hiru protagonisten ingurukoek kontatu dizutenen artetik, ezerk harritu zaitu bereziki?
Deigarriena, agian, Arregiren lagun eta militantzia kide izandakoek transmititu zidaten kontatze ko gogoa izango zen. «Joxerengatik, edozer», esaten zidaten. «Bete-beteko mutila zen hura».
Adineko jendea izango da ja.
Bai, noski. Bat Isidro Etxabe, Arregirekin batera atxilotu zutena Madrilen. Eta beste bat Julen Zinkunegi, berarekin dantza taldea sortu zuena ihes egin baino lehenago, eta gero Iparraldean ere egon zena harekin. Biek transmititu zidaten irudi berbera; mutil zintzo eta eskuzabalarena. Liburuan saiatu naiz hiru protagonisten izaera transmititzen: Joxe, baserritar zintzoa, isila,langilea, oso emana; Unzurrunzagaren zurrunbilo izaera, alaia eta festazalea, baina aldi berean konprometitua; eta Ameztoiren sentsibilitate panteista.
1981eko otsailaren 16an atera zizkioten argazkiak Arregiri, torturaz hil zutela frogatzeko. Iruditzen zaizu gutxira akaso hura ez zela posible izango. Zergatik?
Polimiliak ziren ekintza hartan aritu zirenak; Unzurrunzaga polimilien laguna zen, bera ere polimilia izandakoa, eta Ameztoik ere inguru horretakoak zituen lagunak. Jendeak gerora ezagutu du Euskadiko Ezkerra bat PSOEra joan dena, Vocentoko analistak izan direnak, garai batean izan zirenaren antipodetan egon direnak... baina atearen biratzea momentu honetan gertatzen da. Tejeroren estatu-kolpe saiakeraren ondoren. Uste dut ordurako polimiliek ikusi zutela borroka armatuak eman zuela eman zuena, gehiago ez zutela lortuko, eta demokrazia formalaren marko hori zalantzan jar zitekeela estatu-kolpea zela eta. Beraiek izan zitezkeela hori probokatzeko agenteetako bat, militarrak urduri jartzen zirelako ETAk zerbait egiten zuen aldiro. Mugimendu horretan zeudenak izan ziren Joxe Arregi ateratzeko ideia izan zutenak, eta, beharbada, handik hilabete batzuetara ez zitzaien okurritu ere egingo, eskema politikoa aldatu egin zelako.
Mugarritzat jo duzu horiek guztiak jaso ziren 1981eko otsaila.
Ordura artekoak oso urte mugituak izan ziren, eta batek buelta asko eman zitzakeen. Baina momentu hartatik aurrera eskema bat finkatu zen; bakoitza lubaki batean geratu zen, eta inor ez zen mugitu urtetan. Liburuan kontatu dut Arregiren atxiloalditik berpizterainoko tartean Juan Carlos erregea Gernikara etorri zenekoa, Ryan hil zutenekoa... eta ez dut sartu, nire kontakizunetik kanpo geratzen delako, Tejeroren estatu-kolpe saiakera [otsailaren 21ean] eta hilaren bukaerako polimilien su etena, behin betikoa izan zena. Baina iruditzen zait horiek guztiek finkatzen dutela eskema bat euskal politika gotortu eta zurrundu egin zuena.
Garaipen handi batek itsukeria batera eraman zaitzake, eta nik uste dut hori izan zela Lemoiz ETArentzat. Estatuak amore eman zuen orduan, eta ETAk pentsatu zuen egurra eman eta eman egitea aurrera, nahiz eta baita jaso ere. Horrek erresistentzia kultura bat sortu zuen, oro har. Mendebaldea eskuindartze orokor batean sartu zen bitartean —eta Espainia ere bai—, Euskal Herrian erresistentzia izpiritu batek bizirik iraun zuen. Gero gertatu zen erresistentzia hark ez zuela oinarri nahikoa sendorik. Erresistentziak balio du noizbait lortzen baldin baduzu garaipena, bestela, urtuz joango da.
Aurreko hamarkadetan protagonistak zein girotan hazi ziren ere kontatu duzu. Ameztoiren kasuan, familia nola bizi izan zen Londres hotelean Villabonara joan aurretik, edo Ivan Zuluetarekin izan zuen laguntasuna.
Bai. Beharbada datu konkretu asko ez dut sartu, baina giro soziologikoa ematea bai interesatzen zitzaidan, hirurena. Adibidez, nola ibiltzen ziren fraideak baserriz baserri mutilak bilatzen, neskak ez, komentuetara eramateko, eta nola horri esker baserrietako mutil euskaldunek izan zuten aukera ikasi ahal izateko. Edo Ivan Zulueta. Euskal girotik oso urruti ikusten dugu gaur, baina Ameztoi eta bera lagun minak ziren; biak aritu ziren Euskadi Sioux aldizkarian, adibidez. Ameztoi Villabonara [Gipuzkoa] joatean, hango paisaia deskribatzen du, han integratzen da, eta paisaia horren parte da jendea ere. Liburuan egiten dudan hipotesia da horri esker bereganatu zuela euskaldunekiko sentiberatasun bat, giroz-edo aurrez eduki ez zuena.
Unzurrunzagaren figura ere berezia da. 1975ean torturatua, presoen abokatu aritutakoa, gero Orquestra Mondragonen manager lanak egin zituena...
Harrigarria da, ezta? Unzurrunzagatarrena izan da euskal aristokrazia bat. Juan Kruzen aita izan zen Itxaropena inprimategiaren eta argitaletxearen sortzailea [gerraostean euskarazko lan gehienak kaleratu zituena]. Hiru pertsonaiak, soziologikoki zein psikologikoki, zein ezberdinak ziren ikusteak eman zidan liburua idazteko gogoa, besteak beste. Arregiz eta torturaz hitz egiteaz gain, gure herriak dituen giro diferenteez aritzeko aukera.
Zapalkuntza nazionalaren eta sozialaren arteko lotura ere bistaratu nahi izan duzu.
Bai, kontatu nahi nuen hori: euskaldunak, dirua egin duenean, euskara utzi egin du, salbuespen gutxirekin. Familia bat giroz igotzen zihoan neurrian, baztertu egiten zuen euskara; gora igotze horretan naturaltzat jotzen zen, eta Ameztoi horren ondorio zuzena da. Orain ez nuke hainbeste esango euskara pobreen hizkuntza eta gaztelania aberatsena denik, baina, oro har, Euskal Herriaren historia hori izan da.
Estreinakoz aritu zara kazetaritzaren eta literaturaren artean. Ariketa erosoa egin zaizu?
Bai, nahiko. Lehenengo orriak barne bulkada batetik atera zitzaizkidan, aski lirikoak, baina gero ikusi nuen hortik aurrerakoa idatzi behar nuela estilo periodistikoago, prosa lauago batean. Nahiko intuizioz hartutako erabakiak izan dira. Nik neure burua literaturgiletzat daukat, eta literatur lantzat hartu dut hau, ez kazetaritza lan modura. Hala hartu izan banu, askoz zorrotzagoa izan beharko nukeen: elkarrizketa gehiago lortu, gehiago sakondu, eta liburuan ukitu ere egin ez ditudan zenbait gauza kontatu; adibidez, Arregiren torturatzaileen kontrako bide judiziala —denak indultatu zituzten, eta karguz igo—, edo Arregik-eta egin zituzten ekintzak. Baina ez nuen hor sartu nahi. Gehiago nahi nuen tortura salatu eta garai eta pertsonaia harrigarri batzuen berri eman. Ikuspuntua nobelagile batena da, nahiz eta fikziorik ez sartu.
Ez duzu izan fikziorako tentaziorik? Badira jokoa eman dezaketen eszena ugari: Etxabe eta Arregi poliziaren autoan, Baionako ouija saioa...
Esan dut gaiari heltzeko erreparorik ez dudala izan, baina fikzioa egitea debekatu nion hasieratik neure buruari. Eta ez, ez dut tentaziorik izan. Ematen dute jokoa, baina iruditzen zitzaidan dakiguna kontatuta aski indartsua zela.
Liburuko sinbolismo kristaua ere aipagarria da. Gogora ekar dezake Joseba Zulaikak, besteren artean, landutako ideia bat: sekularizazioa zuzenean ezagutu zuen belaunaldi bateko kide ugari sartu zela ETAn, Jainkoa aberriarengatik ordezkatuz.
ETAn sartu zirenen hasierako idealismoa bazegoen kristautasunaren, sakrifizioaren espirituak blaituta. Baina gauza asko daude hor. Dago kristautasunaren eragina, herri zapaldu bat izatearena, langile zapaldua izatearena, diktadura gogor batean bizitzearena... guztiak elkartzen dira. Kristorenak hartu eta gero, eta barkatu hitza, Arregiren gorpu hori berpiztarazi egiten dute argazkiak egiteko. Bukaeran, guztia requiem baten estrukturan egiteko tentazioa ere izan nuen, baina ez dut gehiegi azpimarratu nahi izan lotura.
Bai sartu duzu osorik Carabanchelgo ospitalean Arregirekin, hura hil hurren zela, egon zirenek idatzitako gutuna; Egin-ek ere azalean osorik eman zuena garaian. Hor datoz Arregik esandako «Oso latza izan da» hitzak.
Bai. Izugarrizko indarra dauka gutun horrek. Ezin zaio ezer kendu eta ezer erantsi, eta pentsa ze urgentziaz idatzita dagoen. Eskaneatuta ikusi nuen nik gutuna, eta paper gaineko odol arrastoak ikusten dira. Sinatzaileen arteko euskaldunak [Iñaki Agirre Errazkinek] kontatzen du aitari eta arrebari esan ziela kartzela kanpoan egoteko, eta nola eman zioten preso sozial bati gutuna, pilota batean sartu, eta tiragoma batekin kanpora botatzeko.
Zenbait xehetasun argitzeko daudela ere ohartarazi duzu; Arregiren argazkiak zehazki nork egin zituen, esaterako.
Bai. Sei lagun aritu ziren argazkiak egiten, eta taldeko medikua eta argazkilaria zein izan ziren ez dut jakiterik izan. Baina esperantza badut.
Badakiguna da Ezkerrak banatu zituela argazkiak [Iñaki Mujika Arregi Ezkerra; lanean datorrenez, ez du elkarrizketarik eman ahi izan libururako]. Donostiako Gipuzkoa plazan zegoen Hordago argitaletxearen egoitza, eta baita Euskadiko Ezkerraren eta EIArena ere. Euskadiko Ezkerrako alderdi nagusia zen EIA, polimiliek sortutakoa. Eta Mujika Arregi zen dena; zen EIA, zen Euskadiko Ezkerra eta zen Hordagoko burua. Ondoan zegoen Copel preso sozialen aldeko elkartea ere, eta horretaz Unzurrunzaga arduratzen zen. Hainbat mediori deitu zieten, eta ez zuten prentsaurrekorik eman: gutun azal batean eman zizkieten argazkien kopiak.
Azken kapituluan, zuzenean hitz egin diozu Arregiri. Badu elegia tonu bat pasarteak. Baita etsipen ukitu bat ere, akaso?
Ez dakit etsipena den, baina bai mindura. Lehen pertsonan hitz egiten dut, eta Joxeri zuzentzen natzaio, ondoren gertatu direnak kontuan hartuta. [Liburua ireki du, eta irakurri:] «Zure min infinitu hartatik hartu genuen denok ere min txiki baina jasangarri bat, zure sakrifizio erraldoi haren gainean zamalka egin nahi izan genuen guk ere trostan, baina ez zen izan kabalkada heroikorik, ez herri osoaren errebolta erabatekorik, apurka-apurka gure zaldi hura ñimiñotuz joan zitzaigun, zalditik astora, astotik ardira, arditik erbira, erbitik sagura, o gu hemen, sagu gaineko zaldun patetikoak». Ez dut analisi politikorik egin; irudiak dira.
Xabier Mendiguren. Idazlea
«1981eko otsailak euskal politika gotortu zuen»
Joxe Arregiren «heriotza eta berpiztea» ardatz hartuta, Euskal Herriko garai jakin bat eta giro nahasi bezain bizi bat erretratatu ditu 'Oso latza izan da' liburuan. Fikziotik aparte, estreinakoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu