Ezin du bizitza musikarik gabe ulertu, eta musika —beltza, bereziki— oinarri duten proiektu asko ezin dira ulertu haren eraginik gabe. Egitasmo asko eta askotarikoak izan ohi ditu esku artean, baina bereziki BBBB Broken Brothers Brass Band-eko burua izateagatik da ezaguna Ion Celestino (Donostia, 1982). Argitaratzear duten diskoa abiapuntu harturik, hainbat gai izan ditu hizpide BERRIArekin: euskal musikaren definizioa, Iruñeko eszena, musikaren paradigma aldaketa... Beste hamaika ere izan zitezkeen.
Katebegia izeneko disko berrian lanean ari zarete BBBBn; zer aurreratu dezakezu?
Oso modu kolektiboan egin dugu disko hau, inoiz baino gehiago; katebegiaren kontuak soka luzea du, baina arrazoietako bat hori da. Eta boz dezente dago, beste diskoetan baino gehiago. Bukatua dugu, baina ez dakigu noiz aurkeztuko dugun; asmoa da biniloan edizio txiki bat egitea, eta beste edizio fisikorik ez.
BBBBn ez ezik, beste proiektu askotan ere aritzen zara. Zerk eramaten zaitu hainbeste tokitan ibiltzera, eta proiektuak uztera, arrakasta izan arren?
Bilaketa behar handia dut, denbora guztian. Egin ez diren eta egin behar diren gauza gehiegi ikusten ditut. Eta egiteko bulkada izaten dut. Agian bada gauzak behar bezala saltzeko ahalmenik eza ere bai; talde bakar bat garatu ahal izango banu, sakon, agian talde horrek aurrera egingo luke; baina gauza bat egin eta beste bat garatzeko beharra izaten dut.
Zure proiektu gehienek musika beltza dute oinarri. Nondik sortu zitzaizun lotura estu hori?
Txikitatik etxean jaso dudan zerbait da. Gurasoak oso musikazaleak dira, eta etxean beti izan dira diskoak eskura, batez ere Euskal Herriko tradizioko musikakoak eta musika beltzekoak. Nerabezaroan, har hori nuela, hortik tiraka hasi nintzen, musika beltzaren inguruko beste estiloen bila. Eta ez zen hori gelditzerik izan.
Musika beltzak komunitatearekin duen lotura haren gakoetako bat dela diozu. Nola eragin du horrek egungo estiloetan?
Afro-amerikar jatorriko musikak oso lotura estua izan du beti komunitatearekin: sortzeko orduan muinean dute hori. Eta gaur egun oso-oso bizirik dago hori, inoiz baino gehiago. Pentsatzen dut estilo elektronikoetan, hip-hopetik hona datozen guztietan, asko zabaltzen ari dela egiteko modu hori. Trapean, adibidez, musika sortzen da komunitatean, eta hori musika beltzaren herentzia argia da. Mendebaldeko musika kulturaren tradizioan, berriz, erromantizismotik aurrera asko garatu da jenio sortzailearen ideia. Eta pop zurian ere, The Beatles-etik aurrera, ideia hori asko esplotatu da; nire ikuspuntuko, komertzialki oso salgarria delako.
Lurpekariak eta Nerea Erbiti eta Eskola Ergatiboa taldeetan euskal kulturaren erroetan bilatu duzue, gaur egungo zerbait sortzeko, jazzaren inprobisazioa oinarri hartuta. Zure tradizioa bilatzen ari zara, beraz?
Bai, horrelako zerbait da. Goi mailako jazz ikasketak egin nituen, eta urte horietan buru-belarri sartu nintzen jazzaren tradizioan, lengoaia hori ahal nuen sakonen ikasten. Bukatzen ari nintzela, beste behar bat sortu zitzaidan, lengoaia horrek bakarrik ez zituelako neure burua eta mundua islatzen. Eta esan nuen: «Har ditzadan jazzeko lanabesak, baina beste gauza bat egiteko; neure buruarekin edo momentuarekin harreman handiagoa izango duen zerbait». Eta jazzetik hartu ditudan gauzarik interesgarrienak dira musika egiteko moduak; inprobisazioa garatzeko moduak.
Jorge Oteizak euskal kulturaren edo estiloaren inguruan egin zituen teoriak izan dituzu iparrorratz; zehazki, Quosque Tandem...! liburua. Lan horretako zerk erakarri zintuen?
Oteizarekin lotuta, orakulu hitza erabili izan dut, mito jakintsu batengana joatea bezalakoa izan delako. Orakuluari hiru galdera egiten ahal dizkiozu; ez duzu erantzun bat ere ulertuko, baina gogoeta luzeak izango dituzte atzean. Oteizarekin hori gertatu zait. Batetik, haren asmo esperimentalaren ikuspuntua oso erakargarria zait; eta, bestetik, Quosque Tandem...!-en euskal arima estetikoaren bilaketa egiten du, eta oso gauza iradokitzaileak botatzen ditu. Lengoaia aski irekia erabiltzen du, baina gauza nahiko konkretuetara ere egiten du, eta oso kontzeptu interesgarriak ditu. Adibidez, desokultazioarena: euskal tradizioen barnean dagoela mundu ikuskera bat, sinbolo ezkutu batzuk, eta sor genitzakeela gauza berriak horiekin konektatuko bagenu. Musikan argi ikusten zituen jazzaren eta euskal tradizioaren arteko lotura batzuk.
Zeintzuk dira lotura horiek?
Horrekin lotuta, galdera handiago bat sortu zitzaidan: zer den euskal musika. Baina nik euskal musikatzat hartzen ditudan espresio artistikoetan badira musika beltzarekin konektatzen duten gauza asko. Ez euskaldunak ezer espeziala garelako; hain zuzen ere, herri musika guztiak lotzen dituzten hainbat kate dira.
Beraz, benetan lotura ez da bakarrik bi kultura horien artekoa.
Hori da. Hor irratia muga garrantzitsu bat izan zen, entzumenari eragin zion lehen masa hedabidea izan zelako. Irratia baino lehenagoko kulturek elementu asko konpartitzen zituzten: erritmoak, afinazioak, isiltasunak... Hain zuzen, horiek dira lotura nagusiak. Kontua da, arrazoi historiko ebidenteengatik, bahituak eta sakabanatuak izan diren milioika afrikar herritar horiek konpartitzen dutena ez dela nongoak diren, baizik eta jasan izan dutena. Eta hori hain izugarria denez, haien musika ez da diluitu; euskal musika askoz gehiago diluitu da.
Aipatu duzunez, prozesu horrekin batera, euskal musikaren definizioa bilatzen aritu zara.
Bai. Konturatu nintzen, benetan, sakonki, ez nintzela gai definitzeko zeintzuk diren nire berezko kultur tradizioaren elementuak; euskal musika eta euskal kultura zer ote diren. Hor hasi zen beste bilaketa oso-oso sakon bat. Eta horretan jarraitzen dut.
Eta lortu al duzu euskal musika definitzen duen elementurik zehaztea?
Baditut nire zantzuak: niretzat, badago erritmoaren aldetik eta afinazioaren aldetik halako askatasun bat, teknikoki gauza konkretuetan ematen dena, afinazioari buruz, moduei buruz... Gauza horiek argi samar ditudanez, askotan, entzuten dut jendea eta esaten dut: «Hau da». Adibidez, Anarik nola kantatzen duen: Anari biluzten baduzu, izan liteke beste garai bateko abeslaria... Eta bidean ikusi dut jende askok antzeko gogoetak egin dituela; polita da. Bakoitzak bere erantzuna bilatu du, edo erantzuteari uko egin dio.
Hizkuntzari dagokionez, euskaraz behar du euskal musikak?
Nik kontraesanak ditut. Uste dut posible eta zilegi dela euskarazko musika ez izatea euskal musika. Eta alderantziz, erdaraz euskal musika izaten ahal dela. Maurizia Aldeiturriagak bere estetikarekin kopla bat espainolez ematen duenean, horrek euskal musikaren elementu guztiak ditu, baina beste hizkuntza batean da.
Ongi ezagutzen duzu Iruñerriko musikaren panorama. Mugimendu dezente dago azkenaldian, eta bada esaten duenik eztanda moduko bat gertatzen ari dela; ez al da gehiegi esatea?
Ni baikorra naiz horrekin; uste dut gertatzen ari dela. Ez momentuko leherketa konkretuengatik, baizik eta leherketa horiek haien artean duten harremanagatik; ez dago beste momentu batzuetan bezain zatitua guztia. Talde oso ezberdinetako kideek haien artean komunean dutena ez da estiloa, baizik eta mundu ikuskeraren zati bat, behar eta interes batzuk, estetikoki haien erantzuna ezberdina izan arren. Eta uste dut sare hori lotzetik etorriko direla gauza interesgarriak.
Hori berria da, eta bakarrik hemengoa?
Bai eta ez. Batetik, ikusten dut loraldi bat Iruñerrian: Donostiako lagunek hemen gertatzen ari dena nola jasotzen duten ikusteak pentsarazten dit han ez dela gertatzen ari; han beste gauza interesgarri batzuk gertatuko dira, baina bai uste dudala hemengoa berezia izaten ari dela. Eta pentsatu nahi dut lehenagotik heldu diren gauza batzuen eragina badela horretan.
Esan izan duzu Euskal Rock Erradikalaren egiteko moduak luzatzen ibiltzeko asmoa kaltegarria izan dela euskal musikarentzat. Zeintzuk izan dira ondorioak?
Nire ikuspuntuko, 1980ko hamarkadatik kasik orain arte popularrak izan diren gauza guztiak ia-ia berdinak izan dira; bai hitzetan, baita musikan ere. Askotan egin izan da nolabaiteko aurpegi garbitu bat, baina oinarrian gauza bera dago. Eta, niretzat, horrek ekarri du musikaren monopolio bat. Hatortxu Rockek eta Euskadi Gazteak musikaren monopolio bat sortzeko engranaje bat ezarri dute, eta horrek baditu bere funtzionatzeko eta lana banatzeko moduak, hainbat talderen artean.
Hori aldatu da?
Espero dut aldatuko dela; aldatzen hasia dela. Nahi nuke pentsatu ezin zaiola askoz gehiago eutsi horri; baina, ordea, azken urteetan, hain zuzen ere, engranajearen sistema hori saiatu da talde berri batzuk haizatzen, nahiko modu artifizialean, gazte jendearen beharrak aseko dituztenak. Beste estetika batzuekin, beste modu batzuekin, monopolioaren zati bat eramateko. Badagoelako behar bat, eta hori hain argia da industriak ere erantzun behar diola, normala den bezala. Kontua da 2021ean gaudela, eta igual gauzak pitzatzen ari direla toki gehiagotatik.
Lotura ikusten duzu, beraz, fenomeno horren eta aipatutako Iruñeko eszenaren artean?
Bai. Igual Espainiako industrian 2014an gertatu zena gertatzen ari da hemen. Espainiako kazetariek 2014ko mugimendu guztia trap estiloaren pean sartu bazuten ere, ez zen estilo kontu bat, industriaren eboluzio berri bat zen. Traparen pean sartu dira erabiliak ez ziren estilo pila bat, baina musikarena gutxienekoa da: egiteko moduak beste batzuk dira, baita distribuzio moduak ere.
Egun, edonork eskuratu ditzake musika sortzeko, grabatzeko eta zabaltzeko bitartekoak; horri lotuta, paradigma aldaketa bat izan dela esan liteke. Industria atzean gelditu da?
Alde batetik, esango nuke baietz, zentzu askotan industria gabe aurrera egin dezakezula: inoiz baino posibleagoak dira egiteko beste modu batzuk. Baina horrek ekartzen du itsaso oso zabal bat ere. Sorkuntza eta zabalkuntza errazagoa da, baina distribuzioa asko zaildu da. Eta streaming-aren paradigma txikien oso aurkakoa da. Are gehiago Euskal Herrian, oso gutxi garelako. Oso zaila da bisitetatik bizitzea.
Hortaz, artista gisa aurrera eginez gero, zeuk bakarrik, azkenean muga bat topatuko duzu?
Paradigma horretan, bai. Lehia ez dagoelako hor, eta lehen ere seguruenik ez zegoen hor. Industria handiaren paradigma, antza, hautsi egin da, baina handitasunaren eta txikitasunaren arteko lehiak hor jarraitzen du.
Eta alde onik badu?
Bai, eta horiei heldu beharko diegu. Adibidez, biralizazioa txikiagoa da, baina posiblea, eta posible da kanpoan interesa piztea; zugan interesa duenak izango du sarbidea zure sorkuntzara.
Kalitatea neurtzeko modua ere aldatu da, bisiten arabera neurtzen delako, gero eta gehiago.
Bai, baina hori horrela izan da beti. Horretan ez dut ikusten hainbesteko aldea. Lehen, norbaitek milaka disko saltzen zituen, baina niri kaka zaharra iruditzen zitzaidan; orain, hori bera dira bisitak. Horregatik, ez dut ikusten aldaketa handirik. Ona eta txarraren kontzeptuak bai diluitu dira, eta niretzat oso dibertigarria da. Musika elektronikoarekin areagotu egin da hori.
Ion Celestino. Musikaria
«1980ko urteetatik orain arte musikan popularrak izan diren gauza guztiak ia berdinak dira»
Afro-amerikar jatorriko eta euskal tradizioko musikaren artean ibiltzen da Ion Celestino, bertako eszenaren xehetasunik galdu gabe, beti zerbait berria ikertzen eta sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu