«Munduko jazz onena... garaiotan eskura daitekeenaren artean». Hitz horiekin definitu du Iñaki Añua zuzendariak Gasteizko 39. Jazzaldiak gaur hasi eta larunbatera arte emango duen kontzertu sortan bilduko dituen artisten eskaintza. Eta hor barruan saio bat nabarmenduko da beste guztien gainetik, musikarien sonari eta egin duten ibilbideari erreparatuta behinik behin: Chick Corea eta Herbie Hancock pianistek larunbatean Mendizorrotza kiroldegian emango dutena.
Ez da nolanahiko bikotea Coreak eta Hancockek osatzen dutena, eta ez da nolanahikoa elkarrekin egingo duten saioa ere. Biak ala biak 1960ko hamarkadan Miles Davisen abaroan hazitakoak,70eko hamarkadan jazz elektrikoaren eta jazz fusioaren ikur eta erreferente bihurtu ziren, eta, beren oihartzunaren gorenean zeudenean, indarrak metatu zituzten formatu akustikoko bira bat egiteko. 1978ko otsaila zen, eta saio haietatikzuzeneko bi disko aterako ziren: An Evening with Herbie Hancock & Chick Corea: In Concert (1978) eta CoreaHancock (1979).Gerora, egin zituzten kontzertu gutxi batzuk, eta 2013an jaialdiren batean jo zuten elkarrekin, baina, gainontzean, ia lau hamarkada hauetan bakoitzak bere bideari ekin dio. Orain arte.
«Adiskidetasun sakona, lotura sakona eta elkarrekiko errespetu sakona dugu», arrazoitu du Hancockek, bikotearen itzulera azaltzeko. Gainera, biak oso ondo konpontzen direla eta zuzenean nolabaiteko konplizitatea lortzen dutela iradoki du: «Chickek, zerbait jo, eta berehala eragiten du zerbait nigan. Etengabe goaz aurrera eta atzera. Bakoitzak bestea elikatzen du». Inprobisazioa eta bilaketa dute ardatz, Coreak azaldu duenez. «Hori izan da beti gure musika jolas gustukoena».
1978ko bira hura akustikoa izan zen —askoren harridurarako, Corea eta Hancock jazz elektrikoaren eta elektronikoaren eremuan mugitzen baitziren garai hartan—, eta isats pianoarekin ariko dira Gasteizen ere. Hori bai, kontzeptu itxirik gabe joko dute, eta baliteke sintetizadoreetara ere jotzea. Edo ez. Coreak azalpena: «Agian, beti ez ditugu erabiliko, baina polita da jakitea hor ditugula». Kontzertua datorren larunbatean izango da, 21:00etan, Mendizorrotzan.
Klasikoak eta gazteak
Coreak eta Hancockek erakarriko dute arreta gehien, baina Gasteizko Jazzaldiak izango du zer eskaini bost egunez. Aurreko urteetan bezala, kiroldegiak jasoko ditu proposamen ezagunenak, eta hasi, Tina Brown gospel kantariaren emanaldiarekin hasiko da, gaur bertan.
Hurrengo egunetan proposamen aski ezberdinak bilduko ditu gune horrek: Hiromi Uehara pianista japoniarra, Jose James abeslari estatubatuarra —Billie Holidayren omenezko diskoa argitaratua dator Euskal Herrira—,azken bi hamarkadetan gehien nabarmendu den pianistetako bat (Brad Mehldau), Chris Potter saxo jotzailearen eta Dave Holland kontrabaxu jotzailearen inguruan eratutako laukotea, Anat Cohen klarinete jotzaile israeldarra eta Estrella Morente eta Niño Joselek osatutako flamenko bikotea.
Mendizorrotzako termometroak emango du Gasteizko Jazzaldiaren tenperatura, baina jaialdiak izango ditu beste gune batzuk ere. Horien artean inportanteena Principal antzokia izango da, XXI. mendeko kontzertuak izenekoak jasoko baititu. «Datozen soinuak» aurkeztu nahi dituen eremu horretan entzun ahal izango dira Jason Marsalis estatubatuarraren bibrafonoa —Brandford eta Wyntonen anaia da—, Vincent Peirani frantziarraren eskusoinua, Edmar Castañeda kolonbiarraren harpa indiarra eta James Brandon Lewis estatubatuarren saxofoia.
Ziklo horren barruan ariko da Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra hasiberria ere. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin sortu zen orkestra hori, iazko udazkenean, eta, orain dela hamar egun Getxoko Jazzaldian estreinatu ondoren, Gasteizkoa izango du bigarren kontzertua.
1978ko bira, 37 urteren ondoren
Chick Corea eta Herbie Hancocken kontzertua izango da Gasteizko Jazzaldiaren saio nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu