Erretagoardian da Bilbo. 36ko gerra aurrera doa, baina iraila da oraindik, eta gerraren garrek ez dute oraindik mendean hartu Bizkaiko aldea. Liburuaren izenburuari jarraituta, urrun da ekaitza oraindik, eta giro hori bildu du bere estreinako nobelan Joanes Urkixok (Bilbo, 1955). Irailetik azarora arteko denbora tartean kokatu du kontakizuna, zeinean bi izen nabarmenduko diren, besteen gainetik: Wilhelm Wakonigg, kontsul austriar nazia, Bilboko zenbait falangistari ihes egiten lagundu ostean Francoren aldeko espioitza sare bat antolatu zuena; eta Gabino, Eusko Jaurlaritzak sortu berri duen polizia indar berriarentzat lanean hasiko den gazte galdakoztarra.
Fikzioa eta «errealitate historikoa» gurutzatu ditu Urkixok nobelan, personaia nagusietatik hasita: idazleak sortutakoa da Gabino; ez, ordea, Wakonigg. Jose Antonio Agirre lehendakari zela, euskal erresistentziaren inguruko informazioa jasotzeko azpilanean aritu zen espioia izan zen hura, zeina fusilatu egin zuen orduko Jaurlaritzak, 1936ko azaroan, «traizioa» leporatuta. «Eusko Jaurlaritzaren agindupean gertatu zen fusilamendu bakarra izan ez bazen, bakarrenetako bat izan zen», Inazio Mujika Ereineko editoreak azaldu duenez. «Orduko Ertzaintzaren» nagusiaren aitaginarreba zen, gainera; beraz, «oso barrutik» lortu ahal izan zuen frankistentzako informazioa.
Urte luzez izan du Urkixok espioi naziaren istorio hau kontatzeko gogoa barruan, «lotura pertsonalak» tarteko. «Wakoniggen ondorengo batekin ezkonduta nago», azaldu du. Eta fikziozkoaren alderdian ere bilatu du erlaziorik: «Sortu dudan pertsonaia [Gabino] nire familiaren istorioan oinarrituta dago. Alde bietatik izan ditut borrokan aritu ziren senideak: amaren aldetik, nazionalistak; eta aitaren aldetik, sozialistak. Guztietatik, handik eta hemendik hartuta sortu dut protagonista». Aitak gerrako frontera joatea eragotziko dio hari, eta, horren ordez, Getxoko Nazioarteko Eremura joango da, euskal Polizia berriarekin aritzera. Han egingo du topo Wakonigg eta beste espioiekin, eta maitasun istorio batek ere zeharkatuko du kontakizuna.
Eleberri historiko bat bezala aurkeztu du lana Urkixok, eta hitz biei egin die azpimarra. «Eleberria da eta historikoa da, ordena horretan: niretzat, lehenik, eleberria da, eta gero da historikoa». Oinarri historiko bat duten literatur lan askori sumatzen dien «hutsunea» saihesten saiatu dela aipatu du horrela: «Dokumentazio lan ikaragarria izaten dute, baina literatura aldetik, batzuetan barregarri, eta bestetan eskas egoten dira. Eta nik literatura egin nahi nuen».
Hortik abiatuta, arreta berezia istorioaren egituran eta pertsonaien eraikuntzan jarri du Urkixok. «Pertsonaien erabakiek bideratzen dute egitura», zehaztu du. «Hori da gidoigintzan ikasi dudana, hori da irakurle bezala gustatzen zaidan literatura, eta hori da egiten saiatu naizena».
Izan ere, gidoigintzan 30 urtetik gorako eskarmentua du dagoeneko Urkixok, eta editoreak ere nabarmendu du horrek haren literatur idazketan duen eragina: «Ez alferrik, hemen ere istorioaren gidoia oso ondo eraikia du. Irudietan ikusten den nobela da». Ia genero guztietako lanak idatzi baditu ere, fikziozkoetan bildu du esperientziarik zabalena Urkixok, eta animaziorako, telesailetarako eta zinemarako egin du lan, besteak beste. Harena da, esaterako, Lasa eta Zabala (2014) filmaren gidoia.
Bizkaieraren ukitua
Edonola ere, aspaldi zen Urkixok literatur lanik argitaratzen ez zuela. 1980ko hamarkada hasieran, Ttu-ttua literatur aldizkariaren sorreran aritu ostean, Eta beharbada ispilu beltz bat (1982) antzerki lana eta Elur gainean (Erein, 1984) narrazio bilduma izan zituen estreinako lanak. Ordutik, hogeitik gora lan argitaratu ditu, tartean baita poesia eta haur eta gazteei zuzendutako literatura ere. «Isilaldi luze bat izan dut literatur plazari begira, baina tarte horretan ez diot utzi idazteari. Ez gidoiak bakarrik, baita literatura ere. Idatzi dut, baina argitaratu ez». Hala, nobela berria argitaratzerako unera «makina ondo koipeztatuta» heldu dela sentitu du.
Nobelako hizkuntza erregistroaren gaineko aipamen bat ere egin nahi izan du Urkixok. Hasieratik argi izan du «bizkaiera ukitua» eman nahi ziola kontakizunari. «Eta horrek lana eman digu», aipatu du, editoreari begira. «Hasieran ukitua handiagoa zen, eta jokatzen aritu gara, zer den onargarria eta zer ez. Suabe geratu da ukitua, baina nabaritu daiteke».
Azalaren diseinua ere nabarmendu du. Haren seme Urtzik egin du, argazki historiko bat oinarritzat hartuta, zeina eleberriaren barruan ere agertuko den. «Berezi» egin du argitalpena semeak bertan parte hartu izanak ere. Urkixo: «Beti saiatu naiz hari eta haren anaiari irakasten nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin beharra daukagula. Azken batean, oso labur esanda, horri buruz da eleberri hau».
1936ko Jaurlaritzaren fusiletan
Joanes Urkixo eleberri historiko batekin itzuli da literatur plazara, 'Ekaitza urrun' lanarekin. 36ko gerrako lehen hilabeteetan, Bilbon fusilatu zuten espioi naziaren kasua du oinarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu