Intxortako fronteko lehen aurrez aurrekoetatik hasita Artxandako azken borrokaldietaraino; herriz herri, komikiz komiki, eta urratsez urrats jarraitu nahi dio pista 1936ko gerrari Aiert Zubigarai Bizkai komikigileak. Lekuan lekuko emakumezkoen testigantza errealak hartuko ditu horretarako oinarritzat, eta fikzioa baliatuko du gero egia historiko hori kontatzeko. Emakumeon memoria 1937, Intxortatik Artxandara deitu du proiektu osoa, eta, aurreikusia duenez, hainbat urte beharko ditu osorik burutu ahal izateko. Lehen urratsa eman du oraingoz argitara. 1937ko apirilean Elgetan (Gipuzkoa) matxinatuek egindako bortxaketen eta hilketen kontakizuna bildu du Elgeta izeneko komikian, eta hurrengo lanekin aurrera jarraitzea da orain haren asmoa. Elorriora (Bizkaia). Geografikoki. Eibarrera (Gipuzkoa). Historikoki. Durangora (Bizkaia). Komikiz komiki. Larrabetzura (Bizkaia). Testigantzaz testigantza, azkenean, Burdin Hesia erori ostean Bilbon gertatu zena kontatzen amaitzeko. Emakumezkoen memoriari jarraika, Intxortatik hasi eta Artxandaraino.
Euskal Herriaren historiako «gertakari gakoa» da 1936ko gerra, Bizkaik onartzen duenez, baina hari buruzko informazio asko falta dela uste du. «Gaurkotasunean eragin handia dauka; aldiz, euskal gizartean ez dago ezagutza sakonik orduan gertatutakoaz. Diktadura garaian zabaldutako beldur eta isiltasun dinamikak zabaldu izan dira gerora ere». Eta, horregatik, oroimen historiko hori berreskuratzeak duen garrantzia nabarmendu du komikigileak. Haren hitzetan, memoria hori «nahitaezkoa» baita, justizia, erreparazioa eta aitortza lortu ahal izateko. Eta, zehazki, 1937ko martxoaren 31n hasitako ofentsibatik 1937ko ekainaren 19ra bitartekoak kontatu nahi ditu berak komikien bidez.

Bizkaik datu historiko batekin abiatzen du Elgetan kokatutako komikia. Queipo de Llanos jeneralaren garaipen adierazpenak hitzez hitz gogoratuz, zehazki. «Geure ausart eta erregularrek gorri koldarrei benetako gizona izatea zer den erakutsi diete. Eta bide batez haien emakumeei ere bai». Eta justu mezu militar horren ondoren dator Felisa Iturricastillo izeneko emakumeari ere hitzez hitz eta herriko hizkeraren ahozko erregistroa transkribatuz jasotako testigantza. «Orduan nahi dabena egitteko carta blanca emun otsen. Orduan edozer gauza egin eikien emakumeei, edozer, edozer...». Lekukotza erreala da Iturricastillorena ere, eta hasierako bi abiapuntu erreal horiek iragartzen dutena kontatzen du gero komikiak, binetaz bineta, Julia izeneko fikziozko pertsonaiaren oroitzapenetatik abiatuta.
Eta gerra, bortxaketa eta indarkeria giro hori dira 30 orri inguruko komikiaren muina.
Herria bonbardatu eta menpean hartu dute errebelde nazionalek, eta, esker onez, agintarien «48 orduko karta zuria» jaso dute soldaduek. Suaren bueltan direla jaso dute albistea, eta berehala zabaldu da poza. Topa egin dute. «Jaunok, herri txar honetako emakumerik politenei larruak astinduko dizkiegu!». Katiluetako ardoa edan, eta oihua dator orduan. «Gora Espainia!».
«Herriz herri joango naiz Bilboraino, eta jadanik pentsatuta daukat hango istorioa: emakumezko kazetari bat izango da protagonista, anarkista zena»
BIZKAI Komikigilea
Fikziozkoak dira pertsonaia horiek, baina benetako kontakizun bat du oinarri komikian kontatzen denak.
Anttoni Telleria Sestao Gain baserriko elgetarrak sei hamarkada baino gehiagoz eduki zuen barruan gordeta, 1937ko apirilaren 24an, 14 urte baino ez zituenean, etxean gertatutakoa. 2012an, Intxorta 1937 elkarteko kideek gerran gertatutakoei buruz galdetu, eta orduan azaldu ziren bortxa eta krudelkeria. Aita tiroz hil zioten gau hartan bertan, eta ama ere hamar egunen buruan hil zen, gau hartan buruan eman zioten kulata-kolpe baten ondorioz. Anttoni Telleriak berak ere esku bateko atzamarrak galdu zituen, erasotzaileek botatako beste tiro baten ondorioz. Youtuben ikus daiteke haren lekukotza gaur egun ere: «Bortxatzaileek ikusi zuten onean ezin zutela ezer egin, txarrean dena, hilketak, bortxatu eta dena».
Eta Elgeta lanarekin egin bezala, hurrengo komikietan ere antzera jokatzea darabil buruan Bizkaik. Emakumezkoen testigantza errealak hartuko ditu beti oinarritzat, eta fikziozko pertsonaien bidez osatuko du gero kontakizuna. Horregatik dio «birsortze historiko bat» dela emaitza.
Bonbardatzeak eta fusilatzeak
Bizkaik prest du Elorriori eskainitako liburuxkarako gidoia. Dioenez, matxinatuek herriaren aurka egindako bonbardaketak ez ezik, errepublikazaleek egindako fusilatzeak ere kontatuko ditu bertan. Eibarkoa ere buruan duela dio, eta akuarelak lantzen ere badabilela kontatu du. «Gero ez dakit pasatuko naizen Zaldibar (Bizkaia) eta Berriz (Bizkaia) egitera edo zuzenean egingo dudan salto Durangora (Bizkaia), baina, edonola ere, herriz herri joango naiz Bilboraino, eta jadanik pentsatuta daukat hango istorioa. Emakumezko kazetari bat izango da protagonista, anarkista zena».
«Ikerketa historikoak, lan honetan, bi alderdi ditu: memoriaren aldea, batetik, eta informazio grafikoarena, bestetik»
BIZKAIKomikigilea
Urratsez urrats joatea du buruan Bizkaik. «Urtero kapitulu bat egin nahi nuke». Detaile guztiak zaindu nahi izaten ditu, eta horrek, ezinbestean, denbora eskatzen du. Historia liburuak ez ezik, herrian herriko elkarte memorialistek egindako bilketa lana eta Ahotsak egitasmoak bildutako testigantzak ere baliatzen ditu lanerako. «Ikerketa historikoak, lan honetan, bi alderdi ditu: memoriaren aldea, batetik, eta informazio grafikoarena, bestetik».
Dena ongi bidean, amaitutakoan, guztira, 120 orri inguruko kontakizun bilduma bat izango duela kalkulatzen du.

Hainbat bertsiotan prestatu du Elgeta komikia, eta hala jokatu nahi du hurrengo lanetan ere. Pertsonaia bakoitzak garai hartan erabiliko lukeen hizkeran mintzo da bertsio horietako batean, baina badago osorik euskara batuan prestatutako beste bat ere —Juan Martin Elexpuruk egindako itzulpenekin—, bai eta gaztelerazko hirugarren bat ere.
Hainbat aurkezpen saio egingo dituzte hurrengo asteetan. Bilboko Joker dendan izango da lehena, apirilaren 4an. Elorrion (Bizkaia) ere egingo dute beste bat apirilaren 11n, eta Elgetan (Gipuzkoa) hirugarrena, apirilaren 29an. Horrez gainera, jadanik hainbat gunetan dago liburua eskuragarri.
SALMENTA GUNEAK