Nafarroako sortzaile gazteei plazarako bidea erraztea. Asmo horrekin sortu zuen iaz Euskara Kultur Elkargoak Gazteak Plazara izeneko egitasmoa. 15.000 euro banatuko dituzte, guztira, aurten 16 eta 30 urte bitarteko gazte taldeek proposatutako eta euskaraz sortutako kultur proiektuak laguntzeko. Deialdira hamar proposamen aurkeztu zituzten, eta haietariko bost hautatu dituzte epaimahaiko kideek. Lanen kalitatea, originaltasuna, bideragarritasuna eta euskararen erabilera izan dira baloratu dituzten puntuetariko batzuk.
Bertsoak eta antzerkia batzea da Hitzen balioa izeneko antzezlanaren asmoa, eta 3.500 euroko laguntza jaso du. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariei testu bana idazteko eskatu diete hitzen balioaren inguruan, eta lan horren gainean eratuko dute gero antzezlana.
2.000 euroko laguntza jaso du Ahotsen mintzoa izeneko proiektuak. Arakil ingururako urtekari bat kaleratzea da helburua. Maialen Uharte proiektuaren bultzatzaileetariko batek azaldu duenez, azken urteetan gora egin du euskararen presentziak, eta igoera horren isla eskaini nahi dute urtekariarekin. Elkarrizketak eta erreportajeak egingo dituzte publikaziorako.
Itzulerak barna bidaiak izeneko egitasmoak 2.500 euro jaso ditu. Gazteei eragiten dieten hainbat gairi buruzko liburuxkak sortzea da haren asmoa. Droga mendekotasuna, heriotza, laguntasuna eta amodioa izango dira liburuxka horietan landuko dituzten alorretariko batzuk.
Poemak taula gainera
Bobby Sands-en poema bat du oinarrian Aro modernoa izeneko proiektuak. Hura abiapuntutzat hartuta sortuko dute ikuskizuna arte plastikoetan eta arte eszenikoetan aritzen diren lau sortzailek. Gida didaktikoak ere egingo dituzte institutuetarako, eta ikasleen lanarekin osatuko dute gero haien lana. 3.500 euro jaso dituzte.
Errizoma izeneko egitasmoak ere poema bat du oinarria; JosAnton Artze poetaren Gogo eta gorputzaren zilborhesteak, zehazki. Artearekin, antzerkiarekin eta argazkigintzarekin nahasita eramango dute taula gainera. 3.500 euro jaso dituzte horretarako.
15.000 euro eman dizkiete Nafarroako gazte sortzaileei
Euskaraz sortu eta landutako bost kultur proiektu lagunduko ditu aurten Euskara Kultur Elkargoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu