Zuzenak izan dira orain arte Nafarroako Gobernuak arte eta kultur proiektuei eman dizkien laguntzak; lehiaketa bidez egingo dute aurrerantzean banaketa. Urtarrilean egingo dute deialdia, eta hogei egun izango dituzte kultur elkarteek beren proiektuak aurkezteko. 300.000 euro jasoko ditu gehienez bakoitzak, eta egitasmoaren %30 beren kabuz finantzatzeko gai izan beharko dute. 1,4 milioi euro banatuko dituzte guztira. Aurrekontu murrizketak behartu du aldaketa, baina, Juan Luis Sanchez Kultura kontseilariaren ustez, aurrekoa baino sistema «hobea» da, «objektibotasunean», eta «lehia askean» oinarrituta.
Nafarroako Antzerki Eskola
Estu dabil Nafarroako Antzerki Eskola. Laguntza zuzenik gabe gelditu da 2012an, eta urtarrilaren 8tik aurrera ateak itxi beharko dituela adierazi dute. Hezkuntza batzordearen aurrean aritu ziren atzo, eta «elkarrizketa» eskatu zuten. Kultura kontseilariaren hitzetan, halere, laguntzen bidea irekia du eskolak, eta «ziurra» da, dioenez, laguntzak jasoko dituela, eta hezkuntza departamentutik jasoko dituzten 40.000 euroekin, gainera, ateak zertan itxi ez luketela ere azaldu du.
Eskolaren aldeko eskutitz bat bidali dute Gipuzkoa eta Bizkaian antzerkiarekin lotutako hainbat profesionalek. «Erreferentetzat» deskribatzen dute eskola, eta dirua ez emateko arrazoiak «aitzakiak» baino ez direla diote.
1,4 milioi euroko diru saila sortu dute Nafarroan kultura eta arte proiektuentzat
Nafarroako Antzerki Eskola ixtear dela diote bertako kideek, baina jarraitzeko aukera baduela dio gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu