Zinema

13 urteko altzar baten bideolana Bolognako jaialdian

Europako 230 bideolan jaso dituzte, eta Europatik kanpoko beste 100 KidsForKids jaialdian. Horien artetik 25 onenak aukeratu dituzte hilaren 20tik 23a bitartean Bolognan egingo duten jaialdian ezagutzera emateko. Hogeita bost horien artean dago Urtzi Alfaro altzar gazteak egin duen «Lagunak» izeneko laburra.

2003ko ekainaren 10a
11:32
Entzun
Joxean AGIRRE



DONOSTIA

KidsForKids gazteek egindako bideogintza ezagutzera ematen duen jaialdirik ezagunenetakoa da, eta bertan botako dute Urtzi Alfaro altzar gaztearen "Lagunak" izenekoa. Iazko ikasturtean egin zuen Larrotxeneko kultur etxean Isabel Albak zuzentzen duen "Kamera atzean" ikastaroaren barruan. Lekeitioko Euskarazko Film Laburren jaialdian aipamen berezia jaso zuen, eta Bolognako KidsForKids jaialdian emango dute ezagutzera. Bere adineko kategorian, 6-12 urtekoetan, bi lan bakarrik hautatu dituzte: "Le pari" izeneko frantziarra eta Urtziren "Friends" (Lagunak) izenekoa.

Urtzi Alfarok 13 urte ditu orain. Herri Ametsa ikastolan egiten ditu ikasketak, eta bere gurasoek diotenez, bikain dabil horretan ere. Bere gaztetasuna gorabehera, edo horrexegatik beharbada, ziurtasun handiz mintzo da bere lanaz.

«Garrantzitsua ez da Bolognako jaialdirako aukeratzea bakarrik. Jaialdian erakutsiko dituzten 25 bideolan guztiekin konposaketa bat egingo dute, eta munduan diren jaialdietan erakutsiko. Jaialdi horietan guztietan bideolan bat euskaraz erakutsiko dela pentsatzea harrotzekoa dela uste dut», esan zuen.

Urtzi Alfaro orain lau urte hasi zen Larrotxeneko kultur etxean Isabel Albak ematen duen "Kamera atzean" ikastaroan lanean. «Lehen urtean taldeko lan bat egin genuen, baina bigarren urtetik lan indibidualak egiten hasi ginen. Iazko urteko lana izan zen hau», esan zigun Urtzik.

Kontatu zigunez, bere bideolanaren istorioa oso arrunta da:«Gure adineko mutiko bat etxez eta herriz aldatzen da, eta eskolaz ere bai, beraz, horrek arazoak ekartzen dizkio. Bideolanak mutiko horrek dituen arazoak kontatzen ditu, bakardadea eta komunikazio falta, egun batean bere gelako kideek matematika ariketa bat kopiatzeko bere lana eskatzen dioten arte. Mesede horri esker gelan integratzen hasiko da, eta lagun berriak egingo ditu. Bukaera polita duen istorioa da, beraz», esan zigun.

Urtzi Alfarok dioenez, istorio egoki bat izatea bezain garrantzitsua da istorioaren garapena. «Gidoia landu behar da lehenik alderdi tekniko guztiak kontuan izanez, eta story board deitzen dioguna egin behar da, marrazkien bidez istorioaren planoak zehaztuz, grabaketa hasi aurretik zer egin nahi dugun oso garbi eduki behar baita. Aktoreak aukeratzeko casting bat ere egin genuen, eta nire gelako lagun bat aukeratu nuen protagonistaren papera egiteko, Mikel Martinez. Zuzendari laguntzailea Gillen Mungia izan da, eta kamera Nagua Ahmed-Taher, Isabel Albaren alaba. Lekuak aukeratzeko taldeko baten eskola aukeratu genuen, eta bukaeran, protagonista lagunekin biltzen den eszena grabatzeko Groseko Txofre plaza», esan zigun.

Aktoreek euskaraz hitz egiten dute beren artean. Larrotxeneko ikastaroan euskaraz osorik egin den lehen bideolana izan da. Baina KidsForKids jaialdira bidaltzeko elkarrizketa guztiak ingelesera itzuli zituzten. «Ez nuen uste horretaraino iritsiko zenik, baina hogeita bost onenen artean sartu denez, ea sariren bat irabazten duen», esan zuen. Bideolanen egileentzako eta harekin doazen pare bat pertsonarentzako ostatuak doan jarri ditu jaialdiak, baina gurasoek eta taldekoek ez dakite oraindik joaterik izango duten, bidaia nola egin aztertzen ari badira ere.

«Lanean jarraitzeko animoak eman dizkit honek. Aurtengo lana bukatzen ari gara orain, baina oraingoan ez naiz zuzendaria, zuzendari laguntzailea baizik, denetik ikasi beharra baitago», esan zuen Urtzik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.