Pozik eta harro igo zen BBK Live jaialdiko agertoki nagusira J Balvin kolonbiarra larunbat gauean, eta reggaetonaren aldeko aldarria egin zuen kontzertua hastearekin batera. «Pozgarria da hamabost urteren ostean horrelako jaialdi baten buruan doinu urbanoak jorratzen dituen artista bat ikustea». Gartsu hasi zuen emanaldia, agertoki nagusian baturiko jendetzaren aurrean; piroteknia eta bestelako artifizioek ere lagundu zuten, eta argi jokoen eta dantzarien laguntza ere izan zuen. Mi gente, Reggaeton edo Con altura bezalako abestiek perreatzen jarri zuten Kobetamendi. Hala ere, kontzertuak aurrera egin ahala, animoak pixka bat apaldu ziren; jaialdiaren hirugarren eguna izateak ere eragingo zuen. I like it, eta In da getto abestiekin, ostera jarri zuen dantzan jendetza Medellingo artistak. BBK Live jaialdia bestelako doinuetara (trapa, reggaetona…) ireki da azken edizioetan, eta J Balvinena antolatzaileen apustu nagusietako bat izan da aurten, zapatuko talde nagusi lez bera jarrita. Orain artekoari eutsi, edo musika doinu horietara are gehiago zabaldu, ikusteko dago zein izango den jaialdiak hartuko duen norabidea.
Moden joan etorria igartzen ez dutenak Pet Shop Boys dira. Neil Tennant abeslaria eta Chris Love teklatu jotzailea maskara bat zutela agertu ziren oholtzara, Suburbia-ren lehen notagaz batera, eta kontzertu trinkoa eskaini zuten, ia atsedenik hartzeko tarterik gabekoa. Agertokian muntai xehe bat hasieran –pantailetan argi joko sinplea eta bi farola baino ez—, gero eta elementu gehiago sartu zituzten ostean, eta emanaldiak ere gora egin zuen aurrera egin ahala. Tennantek eta Lovek adin bat eduki arren, abestiek hor jarraitzen dute, eta dantzarako gogoz zegoen jendeak gogoz gozatu zituen taldearen klasikoak.
Tsunami argentinarra
Iluntzean, agertokia txiki utzi zuen Nathy Pelusok. Bai publiko kopuru aldetik –San Miguel agertokian jo zuen, eta ezinezkoa zen aurrera edo atzera egitea, are zailagoa dantzan egitea—, eta bai oholtza gainean duen jarreragatik. Argentinarra tsunami bat da. Izugarrizko ahotsa izateaz gainera, hustu egiten da dantzan, agertokiaren alde batetik bestera. «Gozatzera etorri gara, ezta?» galdetu, eta segituan hasi zuen festa. Erregistro aldaketak ere lagundu zuen emanaldia gozagarriago egiten. Salsa, bachata, reggaeton edota trap doinuak tartekatzen ditu, eta musikariekin batera, sekulako giroa sortu zuen.
Antzerako zerbait gertatu zitzaion Rigoberta Bandiniri. Agertoki nagusian jo zuen artista kataluniarrak, ordu nahiko goiztiarrean, baina bertan batutako jendetzagatik, eguneko emanaldi nagusietakoa izan zitekeen. In Spain we call it soledad eta A ver qué pasa abestiekin hasi zuen emanaldia, eta publikoa errenditurik zuen hasieratik. Massiel abeslariaren La, la, la-ren bertsioa egin zuen ostean. Bandinik Eurovision lehiaketarako aurkeztutako Ay mamá abesti ezagunaren txanda izan zen ostean; emakumeen titiburuen zentsura salatzeko bularrak erakutsi zituzten agertokiko dantzari eta musikarietako gehienek. Arratsaldeko beste momentuetariko bat, Amaia abeslari iruindarra igo zenean bizi zen; berriki elkarrekin kaleratu duten Así bailaba así así abestu zuten. Oraintsu, denbora baterako musikagintzatik aldenduko dela iragarri du Rigoberta Bandinik. Paraleloki, Badbadnotgoodek jazz instrumental kontzertua eskaini zuen Txikia agertokian.
Zapatuko beste protagonistetako bat M.I.A izan zen. Dantzarien koreografia ikusgarriekin lagunduta, emanaldi dantzagarria eskaini zuen britaniarrak.
Doinu ilunak
J Balvinen doinu komertzialetatik ihesi, Basoan topatu zuten askok babesa. Beste ehunka batzuk Txikia agertokian batu ziren Slowthai rapero britainiarrarekin gozatzeko asmoz. Haizeak gogotik jo arren, ederto batean berotu zuen publikoa Mazza eta Psycho abestiekin. Aurretik, Erik Uranok ere lortu zuen bera ikustera joan zirenak dantzan jartzea. Agertoki nagusietatik kanpo ere proposamen interesgarriak daudela erakutsi zuten. Aurretik ere, karpan, eguzkipean kontzertu basatia eskaini zuten VVV (Trippin´ You) madrildarrek. Doinu elektronikoak eta punkak (bai musikalki, baita jarrera aldetik ere) uztartzen dituzte, eta karpan batu ziren gazteen artean harrera beroa izan zuten.
Uztailaren 6tik 8ra
BBK Live jaialdia «inoiz baino biziago» itzuliko zela iragarri zuen Last Tour Internationalek, eta esan daiteke horrela izan dela. Hiru egunetan zehar Kobetamendira 115.000 musikazale batu dira Kobetamendin, eta kontzertuek eta dj saioek izandako harrera ikusita, bizirik jarraituko duela ematen du. 2023ko edizioa, hamaseigarrena, uztailaren 6an, 7an eta 8an izango dela aurreratu dute.