KULTURA

1.119 liburu saldu dira 'Irakurri euskaraz itxialdian ere' kanpainan

Amaitu da BERRIAk eta Elkarrek abiatutako egitasmoa; hamazazpi argitaletxek hartu dute parte, eta erosleek 129 liburu dendatara bideratu dute erosketen %20.

'Irakurri euskaraz itxialdian ere' kanpainan 1.119 liburu saldu dira.
2020ko maiatzaren 11
10:52
Entzun

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko konfinamendu aldirako, Irakurri euskaraz itxialdian ere kanpaina abiatu zuten BERRIAk eta Elkarrek apirilaren 23an, «euskal liburuari ikusgarritasuna eman eta euskaraz irakurtzera animatzeko». BERRIAren bidez, euskarazko liburuak eskaini zaizkio euskal gizarteari, eta horrek bide eman du euskal liburuak argitara ekartzeko BERRIAko komunitatearen aurrean eta euskaltzale ororen aurrean, sare sozialen bidez.

Amaitu da kanpaina, eta 1.119 liburu saldu dira guztira. Hamazazpi argitaletxek hartu dute parte: Alberdania, Balea zuria, Denonartean, Desclee, Elkar, Erein, Harriet, Igela, Katakrak, Meettok, Mezulari, Pamiela, Susa, Travel bug, Ttarttalo, Txalaparta, Xarpa books. Argitaletxeen bidez, hainbat eta hainbat egileren lanak ikusarazteko aukera izan da, lanak ez ezik egileak ere argitara ekarriz.

Banaketaz Elkar arduratu da, argitaletxeen eta bezeroen arteko zubi lana eginez.

Gainera, erosleek aukera izan dute produktuaren %20 beren ohiko liburu dendari esleitzeko, horiek itxita egon direnez gero. Egitasmoak iraun duen bitartean egin diren erosketetan, 129 liburu denda izendatu dituzte erosleek. Balorazio «oso positiboa» egin dute sustatzaileek, «saldu den liburu kopuruagatik, eta, batez ere, euskal liburua ikusarazteko balio izan duelako».

«Egitasmo honek ez ditu inondik ere konpondu euskal liburugintzak dituen ezintasun eta ajeak, baina ahalegina egin nahi izan du garairik ilunenetako batean euskal liburuak ikusgarri jartzeko, eta bere neurrian, lortu du. Lortu du sektoreko eragileek eta BERRIAk bat egin dutelako eta elkarrekin aritzeko, elkarlanerako bideak jarri dituztelako», erantsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.