111 Akademiak bere jarduna «kinka larrian» dagoela salatu du

Teknikari bat lortzeko zailtasunak eta finantzaketa arazoak direla medio, euren lana egiteko zailtasunak dituztela azaldu dute. Aurtengo saria lortzeko bost hautagaien zerrenda jakinarazi dute, lehen bozketa fasea igarota.

Miren Amuriza, Berrizen (Bizkaia), artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Miren Amuriza, Berrizen (Bizkaia), artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko apirilaren 2a
09:44
Entzun 00:00:0000:00:00

111 Akademiak ohi baino geroago jarri du martxan aurtengo sariketa, eta beste batzuetan baino hilabete geroago amaituko da. Akademiaren esanetan, aurrera joateko «zailtasun handiak» dituztelako egin behar izan dute hori. Hala ere, jada hasi du 2024ko argitalpen onena aukeratzeko bidea. Iragan martxoaren 28ra arte izan zuten akademiako 218 kideek euren lanik gogokoena proposatzeko aukera, eta jakinarazi dute hautagaien zerrenda: Miren Amurizaren Pleibak (Susa), Joxean Agirreren Gizon barregarriak (Elkar), Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa), Uxue Alberdiren Hetero (Susa) eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin (Susa).

Orain beste bozketa fase bati ekingo diote, eta kideek apirilaren 27ra arte izango dute botoa emateko aukera. Bozketa horretan lanetako batek botoen %40 baino gehiago lortuko balu, automatikoki lortuko luke saria. Hala suertatuko ez balitz, hirugarren txanda jarriko litzateke abian, gehien bozkatutako bi obren artean. Dena ondo bidean, sari banaketa ekitaldia ekainaren 5ean izango dela iragarri dute.

Babesik ez

Azken hilabeteetan akademiari kostatzen ari zaio bere lana aurrera eramatea, eta «kinka larrian» daudela salatu dute. Besteak beste, azken hemezortzi urteetan teknikari lanetan zebilen kideak lana utzi zuen joan den urrian, eta, azaldu dutenez, geroztik zaila egiten ari zaie haren ordezko langilea topatzea.

Gainera, finantzaketa arazoak dituztela ere adierazi dute. Honako hau gehitu du Jon Unanue akademiaren buruak: «28 urteren ostean ez dugu lortu euskal literaturari eta irakurzaletasunari bideratutako egitasmo honek erakundeen behar besteko babesik jasotzea». Azken urteetan, zortzi diru laguntza jaso izan ditu erakundeak bere jarduna aurrera eramateko. Orain, ordea, diru laguntzak lortzeko ere zailtasunak izango dituztela jakin dute. Unanue: «Ezinezkoa da horrela lan egitea, eta ezinezkoa 28 urtez eutsi diogun ahalegin handi honi jarraipena ematea».

Gauzak horrela, uda aurretik erabaki bat hartu beharko dute: 111 Akademiaren jardunari eutsi, edo, aurtengo saria emanda, egitasmoa amaitutzat eman. Hala ere, aurtengo saria banatzeko ohiko bideetan parte hartzeko deia egin diete akademiako kideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.