Donostiako Zinemaldia

11 film hautagairen artean banatuko dute Sebastiane saria Zinemaldian

LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasuna eta aurrerapen sozialak hoberen islatzen dituen filmari eman ohi zaio sari hori.

'Orpheline / Orphan' filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2016ko abuztuaren 29a
12:32
Entzun

Donostiako Zinemaldiaren filmen artean hautatuko da irabazlea, eta Gehitu elkarteak banatuko du saria, irailaren 23an. Aurtengo Zinemaldiko Sail Ofiziala, Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Zuzendari Berriak sailetako 11 film hautagairen artean banatuko dute saria, aurten hamazazpigarren aldiz. Halaber, 2016ko Sebastiane Latino sariaren film irabazlea Horizontes Latinos sailean programatuko da: Pepa San Martinen Rara.

Sail Ofizialetik Miles Joris-Peyrafitteren As You Are, Sang-il Leeren Ikari / Rage, Fernando Guzzoniren Jesús eta Arnaud Des Pallieresen Orpheline / Orphan hautatu dituzte. Zuzendari Berriak sailean, berriz, Maysaloun Hamouden Bar Bahar / In Between eta Lee Hyun-juren Yeon-ae-dam / Our Love Story dira film hautagaiak. Horizontes Latinos sailetik, Amat Escalanteren La región salvaje, Pepa San Martinen Rara eta Carlos Lechugaren Santa y Andrés lehiatuko dira saria lortzeko. Azkenik, Joao Pedro Rodriguesen O Ornitólogo / L'Ornithologue eta Aaron Brooknerren Uncle Howard hautatu dituzte Zabaltegitik.

LGTBI tematika landuko duten film laburrak ere proiektatuko dira Zinemaldian. Koldo Almandozen Narciso laburrak gai hori jorratuko du, Kalebegiak film kolektiboaren barruan, eta baita Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako beste bi film laburrek ere: Anna Cazenave-Cambeten Gabber Lover eta Roxana Stroeren O noapte in Tokoriki / A Night in Tokoriki. Horrez gain, irailaren 19tik 21era Iberoamerikako LGTBI zinema jaialdiaren bigarren topaketa egingo dute. Kolektiboaren errealitateari buruzko hausnarketa egiteaz gain, bi kontinenteen arteko zubiak eraikitzea da jaialdi horren helburua.

Zuzeneko soinu bandak

Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko dute Zinemaldian, Belodromoko eskaintzaren barruan, irailaren 17an. Zuzenean interpretatuko dituzte soinu bandak, eta filmetako eszenen aukeraketarekin egindako muntaketa bat gehituko zaio zuzeneko musikari. Alatriste, Mi Gran Noche, Lobos de Arga, El ladrón de sueños, Libertarlas eta La pelota vasca filmen soinu banden suiteak eta moldaketak interpretatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.