Joseba B. Lenoir. Musikaria

«%100 naiz ni nire diskoetan»

Bakarkako bidean eroso dabil Joseba Baleztena. Arlo horretarako sortu zuen 'Joseba B. Lenoir' izena, eta asteon aurkeztuko du disko berria: 'Eguzkiari begietara so'. Puntako musikariak bildu ditu bere inguruan, lan berria ontzeko.

Ander Perez Argote
Bera
2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Estilo eta izaera ezberdineko taldeetan —Sexty Sexers, Izaki Gardenak, Sumision City Blues, Willis Drummond...— ibili da (eta dabil) Joseba Baleztena (Bera, Nafarroa, 1984), baina gero eta sendoago dago orain bost urte abiatutako bakarkako ibilbidean. Joseba B. Lenoir izena hartuta, puntako musikariekin ibili da azkenaldian Joseba B. Lenoir Gang taldean —Miren Narbaiza, Felix Buff, Ander Mujika, Xan Bidegain— eta emanaldi akustikoetan —Lutxo Neira—. Horiek denak elkartu ditu berriro bere inguruan, asteon aurkeztuko duen diskoa grabatzeko: Eguzkiari begietara so. Proiektu kolektiboetan jarraituko du, baina «gero eta argiago» du bakarkako lanetan jarriko dituela indarrak.

Orain lauzpabost urte ekin zenion bakarkako bideari, baina berehala hasi zinen duoan Felix Buffekin, eta Gang taldearekin gero. Bakarka bai, baina bakarregi sentitu al zinen?

Lauzpabost urte izan dira, baina niretzat ematen du hamarkada oso bat pasatu dela. Egia da, bakarrik hasi nintzen eta segituan pasatu nintzen Felixekin [Buff] jotzera duoan, baina niretzako nahiko eternoa izan zen. Hasi nintzenean, Bartzelonan bizi nintzen, baina ez nuen lortu han musikari gisa nire ibilbidea asko garatzea, eta, bueno, garrantzirik ez zuen nire lehen disko friki hark, baina Euskal Herrian egiten zitzaion kasu pixarra, eta kanpoan, apenas. Nik kristoren energia pila jartzen nuen disko horretan eta gauza haietan, baina ez nuen sentitzen erantzun bat. Horregatik egin zitzaidan super luzea.

Hainbat taldetan jotzen ibilia zinen, eta apustua egin zenuen bakarka ibiltzeko.

Ez nuen kontzienteki bilatu bakarka aritze hori. Bartzelonara ailegatu eta segituan egin nituen gauza batzuk; han zegoen Oskar Benas laguna eta gitarrista izugarria, eta harekin egin genituen gauza batzuk, disko bat grabatu eta kontzertu batzuk ere bai. Garai hartan, Maika Makovskiren gitarrista gisa zebilen, eta diskoa grabatu zuten harekin, eta nik ere bai. Kristoren banda ona zen. Baina egin genituen kontzertu gutxi, lauzpabost... Orduan, hasieran, nire borondatea ez zen gauzak bakarrik egitea, joan nintzen bizitzak horrela eraman ninduelako hara. Baina ez zenez atera gauzarik, pasatu nuen denbora pila bat bakarrik jotzen, eta barrenean nuen guztia atera behar izan zen nolabait. Ez naiz damutzen ere, e! Ematen du igual erraten dudala hau dena tonu ilun batean eta gaizki pasatu izan banu bezala, baina egia erran ez, ez nuen sufritu, eta uste dut ikasi nuela. Orain, adibidez, azken urte frenetiko hauek bizita, eskertuko nuke halako parentesi bat izatea berriro nire baitan sartu eta hausnartzeko, ez baitut denborarik egiten dudana gehiegi hausnartzeko.

Joseba B. Lenoir Gang taldearekin igaro duzu azken urtea. Zer eman dizu?

Niretzat, luxu izugarria da. Bultzada izugarria eman dit bakarkako kantak eta diskoak egiten jarraitzeko. Bai musikalki eta bai pertsonalki, kristoren energia dosia izan da. Musikalki, azkenean lortu ahal izan ditut nire abestiak talde oso batekin eta behar duten indar, energia eta ñabardura guztiekin zuzenean aurkeztea. Aipatu duzu Gang, baina Gang osatzen duten musikariekin ere formatu ezberdinak daude. Horrek ekarri dit gauza izugarri handi bat:abestiak kasik momentuan bertan egokitzeko aukera, kasik entseatu gabe mila modu ezberdinetan interpretatzeko. Iruditzen zait kristorena aldiro birak ematea kantak interpretatzerakoan, ez egitea beti zuzenean gauza bera.

Alde ederra dago zure lehen diskoetatik azken honetara. Aurkitu al duzu estilo propiorik?

Ez dakit aurkitu dudan, oxala. Ez naiz gai hori esateko. Nahiko nuke gaitasuna izan nire estilo propioa estilo aniztasuna izateko. Eta hori, agian, poliki-poliki ikusiko da, hemendik bost urtera egin dudan horrek guztiak koherentzia bat baldin badu. Hartzen baduzu lehen urtetako disko bat eta bukaerako bat, nahiz eta lehena izan Instroak, instrumentala eta esperimentalagoa, eta azkena izan disko elektroniko bat —ez dut uste, baina ez dut ezetz errango badaezpada—, eta nahiz eta hagitz ezberdinak izan, koherentzia bat baldin badago, orduan erran ahal izango dut aurkitu dudan edo ez. Baina nahiko nuke ezaugarria izatea aniztasun bat, eta aniztasun horretan koherente izateko gaitasuna.

Instrumentalak ziren zure aurreneko lanak. Oraingoan, ezinbestekoa da ahotsaren presentzia. Erosotasuna aurkitu duzu?

Erosotasuna igual aunitz erratea da, baina beldurrik ez dut; egia erran, ez dut batere pentsatzen. Lehen, soinu proban, mikrofono aurrean jartzeak ja ematen zidan erreparoa; baina, orain, lasai noa, eta gozatzen dut; gozatu izan dut abesten. Gero entzuten dut, eta ez zait gustatzen, baina tira...[barrezka]. Gitarrista naiz orain ere, ez naiz abeslaria.

Baina gitarrista eroaren roletik harago ere joan nahi zenuen, ezta? Musikari integralagoa izan, nolabait...

Bai, rol horretan sailkatua sentitu nintzen urte dezentetan, baina uste dut lortu dudala ahanztea. Baina, orain, lortu behar dut jendeak ezagutzea pixka bat nondik nora ibili naizen. Egin izan ditut gauza ezberdinak, ez bakarrik bakarka... Sumision City Bluesekin ezagutzen nau Sumision City Blues jarraitzen duenak; Willis Drummondekin ikusi nauen jendeak ikusten nau rol horretan... Baina bai, sentitzen dut ez nagoela hain arduratua sailkapen hartatik ateratzeko.

Esan izan duzu hausnarketa gehiago dagoela kanta berrien atzean.

Bai, tira, erritmo nahiko frenetiko batean aritzen naiz, eta ez dut denborarik hausnartzeko. Baina egia da kantu hauek izan direla Tenpesta-koak [aurreko diskoa] baino hausnarketa handiagokoak. Instroak pixka bat intuitiboa izan zen, eta pixka bat paradoxikoa da, zeren garai hartan banuen denbora pila bat neure buruarentzat. Orain ez dut denborarik, baina, era berean, nahiz eta batere denborarik gabe egon, mila gauza egiten, duela dezentetik nituen kanta hauek buruan. Banekien nolakoa nahi nuen izatea, iraupena, formatua, dena... Igual Tenpesta-n —eta kantak entzutearekin ikusten da—, gehiago zen gitarra hartzea eta instintiboki ateratzen zen abesti bat, eta kasik hori zen joaten zena gero diskora. Orain, askoz buelta gehiago egon dira.

Grabazioan aldez aurretik pentsatutakoa aldatu da?

Disko erdia izan da nahiko fidela buruan nuenarekiko, eta beste erdia bidean joan da osatuz. Baina hori hala izatea nahi dut, e! Gustatzen zait estudiora joatea kantak bukatu gabe, eta horregatik grabatu dut etxean gehiena, denbora pila bat izateko, ez izateko estudioan sartu eta hiru egunetan dena grabatua utzi beharra. Tarte libreak izan ditudanean joan naiz grabatzen, eta ez bazitzaidan gustatzen, ez zegoen arazorik. Bai, gustatzen zait abestia forma hartzen joatea estudioan.

Oraindik ez omen duzu egin disko berria entzuteko «errituala». Zein da erritual hori?

Diskoa jaso, ireki, ikusi dena dagoela, autoan sartu eta buelta bat eman diskoa osoki aditzeko. Baina nire autoko —nire gurasoen autoko— kaseteak soinu super txarra du; orduan, itxoiten ari naiz auto txukunago bat noiz edukiko, entzun ahal izateko [barrezka]. Etxean ere egiten ahal nuke, baina ez dakit, ez naiz egon etxean ere.

Gogoa izango duzu disko berria zuzenean jotzen hasteko, ezta?

Bai, kristoren gogoa dut kanta hauek zuzenean jotzeko, bakarka jo ditudan kontzertuetan ja estreinatu ditut gehienak, baina taldearekin hasi dira itxura hartzen, eta kristoren gogoa dut jotzeko. Iruditzen zait kontzertu erakargarria izango dugula, eta nahiko desberdina ere orain arte egin dugunetik, eta bai, horretarako kristoren gogoa dut, kristorena. Uste dut super ongi pasatuko dugulaagertokian.

Hainbat talderekin ibiltzeak zalantzan jartzen ahal du zure bakarkako ibilbidea?

Ez, gero eta argiago dut hau eginen dudala; igual nekatuko naiz, eta beharko ditut parentesi batzuk, baina bueno, indar gehienak jarriko ditut nire abesti, nire disko eta nire kontzertuetan. Uste dut ezin dudala hori saihestu. Gero gozatzen dut pila bat taldeetan partaide izaten; Sumision City Blues, niretzat, eskola izugarria izan da hasieratik, eta talde hori beti hor egotea nahiko nuke. Eta gainerako taldeetan berdin; denak balio du ikasteko. Baina, hala ere, gauza bat argi dago: %100 naiz ni nire diskoetan. Sartu naiz lohietan barreneraino, eta ez dago atzera bueltarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.