Luise Donschenen Ganze Tage zusammen / Entire days together (Alemania) fikziozko film laburrak irabazi du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 61. Jaialdiaren sari nagusia. 7.000 euro jasoko dituzte filmaren arduradunek
Euskal Herrian ekoitzitako film labur dokumental bik eraman dituzte jaialdiko beste sari nagusiak –bakoitza 6.000 eurokoa–: Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama(Euskal Herria) lanak Euskal Zinemaren Sari Nagusia jaso du, eta Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces (Euskal Herria) filmak Zinema Espainiarraren Saria.
Guztira 57 film labur —animaziozkoak hamazazpi, fikziozkoak hemezortzi, eta dokumentalak 22—, lehiatu dira Zinebiren edizio honetako Nazioarteko Lehiaketako Sail Ofizialean.
Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du jaialdiko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakaslea, Nahikari Ipiña ekoizlea, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdiko zuzendaria, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarra eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazlea.
Nazioarteko epaimahaiak Sonia K. Hadaden Emtehan (Exam) (Iran) lanari eman dio fikziozko film labur onenaren Mikeldia. Animaziozko zinemaren atalean, film labur onenaren Mikeldia Theodore Usheven Physique de la tristesse lanak (Quebec) eraman du, eta film labur dokumental onenaren Mikeldia Camila Katerren Carne lanak ((Brasil-Espainia) jaso du. Hiru saritu horietako bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio Pilvi Takalaren The Stroker (Finlandia) dokumentalari.
Dokumentalak eta fikziozko film luzeak biltzen dituen ZIFF Zinebi First Film sariari dagokionez, Eloisa Solaas zinemagilearen Las facultades (Argentina) lanak jaso du.
Gainera, epaimahaiak aipamen berezi bi eman nahi izan dizkie Jessica Sarah Rinlanden Those That, At A Distance, Resemble Another (Espainia / Erresuma Batua) dokumentalari eta Lendita Zegirajren Sphia e Agës (Kosovo-Kroazia-Albania) fikzioari.
Horrez gain, edizio honetan Zinebi First Film–Epaimahai Gaztea sari berezia eman diote John Skoogen Säsong (Suedia) filmari.
Gaur iluntzean, 20:00etan, egingo dute sari emate ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian.