Durangoko Azoka

'Fantasia da!' lelopean egingo dute aurtengo Durangoko Azoka

Abenduaren 6tik 10era izango da azokaren 58. aldia. Kartelaren aurkezpena egin dute gaur.

Ximon Agirre aurtengo Durangoko Azokako kartelaren egilea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko urriaren 4a
13:09
Entzun

Abenduaren 6tik 10era, Fantasia da! lelopean egingo dute Durangoko Azokaren 58. aldia. Hain justu, kartelaren eta leloaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute gaur. Ximon Agirre artistak sortu du aurtengo kartela, fantasiaren gaia ardatz hartuta. Ideia nagusia «mundu propio bat sortzea» izan dela azaldu du, «azokaren elementu propioak pertsonaia fantastikoekin uztartuz». Hala adierazi du: «Sormenaren zikloa irudikatu nahi izan dut; hortik sortzen da unibertso guztia». Irudian, fantasiazko eremu batean, hainbat pertsonaia fantastiko ageri dira kantuan, irakurtzen edota musika tresnak jotzen, azokari keinua eginez.

Agirrek aitortu du «ilusio handiz» hartu zuela kartela diseinatzeko proposamena. Hiru dimentsioko irudia osatu du, errealitate birtualean landuta. «Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko; eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun handiagoa edukitzeko».

Arte ikasketak egin zituen EHUn Agirrek, eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen ondoren Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da. Azken urteotan, gehienbat, musika taldeentzat egin du lan, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.

Antolatzaileen esanetan, beraz, «fantasiaz beteko da» aurten Durangoko Azoka. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu du azoka jendetsu eta aberatsa izatea nahi dutela, kultura bultzatzeko asmoz. «Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa».

Azoka, modu presentzialean

Buru-belarri dabiltza antolatzaileak aurtengo aldirako egitaraua atontzen. Mujikaren hitzetan, denetariko eskaintzak egongo dira Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Museoa, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetan: «Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia, eta fantasia ere bai». Oraindik zabalik dago egitaraurako proposamenak egiteko aukera; urriaren 15era arte egongo da irekita.

Gainera, Ikasleen Goiza azokaren bigarren egunean izango da; hots, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteentzako egitaraua egongo da, eta Durangora bertaratu ezin duten ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute.

Bestalde, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak esan du aurrez aurreko azokaren aldeko apustua egingo dutela aurten, eta online ereduaren leihoa «itxi» egingo dutela. Hala ere, «pertsiana guztiz bota barik»; etorkizunean premiarik izanez gero, planteatuko dute berriro aukera hori. Azoka bisitatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.