'Buyan' eleberri grafikoa aurkeztu dute Etxeberria anaiek eta Trueba marrazkilariak

Zazpi urteko lanaren ostean aurkeztu dute komiki liburua. Martin eta Xabier Etxeberria anaiek komikigintzan egin duten lehen urratsa da, eta Aritz Trueba marrazkilaria izan dute bidelagun. Hiru hizkuntzatan argitaratuko dute: euskaraz, frantsesez eta ingelesez.

'Buyan' komiki liburuaren aurkezpena, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Nagore Arin.
2019ko urriaren 11
18:33
Entzun

Zarauztarrak dira biak, anaiak, idazleak biak; eta ohituta daude elkarrekin lan egitera. Liburu ugari idatzi dituzte elkarrekin, hala helduentzako eleberriak nola haur literaturako hainbat ipuin. Ez dute, baina, inoiz komiki libururik aurkeztu: gaurdaino. Buyan euskarazko eleberri grafikoaren sortzaileak dira Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria (Zarautz, Gipuzkoa, 1974). Elkarrekin sortu eta burutu duten lehen komiki liburua da, eta Aritz Trueba (Donostia, 1980) artista donostiarra izan dute bidelagun, marrazkilari lanetan. Gaur aurkeztu dute, Donostian.

Maansi izeneko gazte bat da eleberri grafikoaren protagonista. "Europan zehar gupidagabe zabaltzen ari den Mongoliar Inperioaren eta gurutzada geldiezinen erdian harrapatuta", itsasorantz zuzentzea erabakitzen duen ehiztari gaztea da Maansi, eta Noho izeneko zakurra bidelagun duela ekingo dio bidaiari. Ibilbidean heriotza besterik ez duela topatuko jakinik ere, aurrera jarraituko du gazteak, sorterriaren aurkako eraso batean emaztea galdu ostean, hildakoen kondairazko uharte bat aurkitzeko esperoan: Buyan uhartea.

Zazpi urteko elkarlanaren eta esfortzuaren fruitu da liburua. "Proiektu hau duela zazpi urte hasi zen, 2012. urtean", nabarmendu du Trueba marrazkilariak. Xabier eta Martin Etxeberriarekin elkarlanean ondu du lana, baina ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia; izan ere, proiektu gehiagotan ere topo egin dute euren ibilbide profesionaletan. Guztira, lau kide dira taldean: bi gidoilari, marrazkilari bat eta alderdi digitalean lanean diharduen informatikaria. Ilusioz aurkeztu dute proiektua, eta lortu duten emaitzarekin "harro" daudela nabarmendu dute.

Hiru hizkuntzatan

Emaitzarekin pozik egonik ere, luze joan da gaurdainoko ibilbidea, eta bidean albiste on zein oztopo ugarirekin egin dute topo. Esaterako, Turko Comicks izeneko zigilu propio bat sortu behar izan du taldeak Buyan eleberri grafikoa euskaraz argitaratu ahal izateko. "Hemengo argitaletxeetatik mugitzen hasi ginen, eta, ezezagunak izanik eta Euskal Herrian merkatua zaila izanik, ez genuen zorterik izan", azaldu du marrazkilariak. Hori dela eta, Frantziara jo zuen taldeak, ate eta aukera berrien bila.

Komiki festibal batera joan ziren, eta, ostean, bertara joan ziren argitaletxe guztiei bidali zieten Buyan proiektuaren laburpen txostena. Hiruzpalau argitaletxe interesatu ziren, eta Frantzian kontaktu batzuk eginik, AEBetara jauzi egitea erabaki zuten kideek. "Dosierra ingelesera itzuli eta AEBetako argitaletxe batzuei bidali genien", azaldu du Xabier Etxeberria idazleak. Insight Editions argitaletxearekin sinatu zuten hitzarmena, eta hitzarmen horren bitartez lortutako diruarekin argitaratu dute eleberri grafikoaren euskarazko bertsioa. Gaur aurkeztu dute, Donostian, eta ingelesezko eta frantsesezko bertsioak, berriz, azaroan argitaratuko dituzte, AEBetako Insight Editions eta Frantziako Akileos argitaletxeen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.