Hamar urte beteko ditu aurten Zuzeu euskarazko atari digitalak. Festa handi batekin ospatuko dutela iragarri dute, baina, horren aurretik, eskaintza berri bati ekingo diote: podcast-ak. Apirilaren 14tik aurrera, astean hiru irratsaio edo Interneteko podcast entzuteko aukera egongo da; Zuzeu atarian ez ezik, Spotify-n, Google Podcast-en, iTunes-en eta Apple Podcast-en jarriko dituzte.
Zuzeu Podcast proiektuko aurreneko denboraldian, hiru saio egingo dituzte: Bipareta izenekoan, mahai inguruak egingo dituzte hiru kazetarirekin. Bi kazetari Zuzeu atariko erredakziokoak izango dira, eta hirugarrena beste komunikabide bateko gonbidatua izango da. «Astean nabarmendutako bi gai izango dira programaren ardatza, era fresko batean hitz egiteko», iragarri du Zuzeu-ko koordinatzaile Oier Arantzabalek; Barruan gaude elkarrizketa saioa egingo du Arantzabalek berak. «Astero pertsonaia baten etxera sartuko gara, eta bertan elkarrizketa luze eta mamitsu bat egiten ahalegindu». Aurreneko elkarrizketatua Felix Arkarazo aktore eta bikoizlea izango dira. Ondotik iritsiko dira Fermin Muguruza, Miren Arzallus, Alain Urrutia eta beste hainbat; eta hirugarren podcast-a Maite Goñi irakasleak egingo du, teknologiari eta hezkuntzari lotutako gaietan sakontzeko. Oraindik ez diote izenik jarri.
Irailean, hirutik bostera
Iraileko bigarren hamabostaldian, berriz, Zuzeu atariaren podcast eskaintza are gehiago aberastuko dute. Astean hiru saio ez,guztira bost egingo dituzte. Arantzabalek iragarri du Euskal Herriko gaizkileen inguruko saio bat egingo dutela, Hasier Etxeberria zenak idatzitako testuetan oinarrituta. Eta, bestalde, euskal musika ardatz duen programa bat egingo dute. «Erronka handia izango da».
Zuzeu-ko koordinatzaileak nabarmendu du Izaskun Perezen aholkularitza garrantzitsua izan dela podcast-ak martxan jartzen hasteko. 2016. urtean, Prisa taldearen Podium Podcast plataformaren sorreran parte hartu zuen Perezek, eta gaur egun bertan ari da lanean, Madrilen.
Podcast-ei heltzea ez dela kasualitatea izan gaineratu du Arantzabalek: «Azkeneko urtean podcast-en mundua gorantz doala ikusi dugu. AEBetan masiboak bihurtzen ari dira; egunkariak horretan jarri dira. Baita Erresuma Batuan ere». Euskal Herrian, berriz, euskarazko audio kontsumitzaile asko daudela iruditzen zaio Zuzeu-ko kazetariari: «Euskarazko irratiek entzule asko dituzte, eta gertuago daude gaztelaniazko irratien datuetatik beste esparru batzuetan baino. Jende hori podcast mundura ekarri nahi dugu». Arantzabalen iritziz, mugimendu batzuek asko hauspotu dute podcast-en sektorea: «Spotifyk podcast-en bi enpresa erosi ditu. Gainera, iragarri du 445 milioi euro inbertituko dituela podcast-etan. Guk ere lehenbailehen euskarazko kalitatezko podcast-ak egin nahi ditugu».
'Zuzeu' atariak hiru 'podcast' saio egingo ditu astero, apiriletik aurrera
Mahai inguruak, elkarrizketak eta teknologia eta hezkuntzari buruzko saio bat egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu