Hasier Etxeberria kazetari eta idazle zenak hasitako artikulu serie bati jarraipena emanda, Beñat Hach Embarek kazetariak Zuzeu atarian heldu zion Euskal Herriko gaizkileen gaiari. Lehenbizi, idatziz, eta, gero, podcast formatuan: Euskal gaizkileak audio seriea estreinatu zuten 2019ko neguan. Zortzi atal sareratu zituzten orduan, eta, astelehenetik aurrera, lau atal berri entzun ahalko dira Zuzeu.eus-en eta ohiko podcast plataformetan. «Gurea bezalako hedabide txiki batentzat proiektu handia da esku artean daukaguna, eta horregatik luzatu da geldialdia nahi genuena baino gehiago», azaldu du Hach Embarekek.
Aurreko ataletan izan zituzten bidelagun berekin atera dituzte lau atal berriak: Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea eta IN Estudioak-eko Iñigo Etxarri teknikaria —grabaketaren, soinu diseinuaren eta musika konposaketaren arduraduna da—.
Astelehenetik aurrera entzungai izango den atal berrian Manex eta Piarres Lafitte Miarritzeko (Lapurdi) kortsarioen gorabeherak kontatuko dituzte. Bi anaiak XVIII. mendearen amaieran jaio ziren, eta itsasontzi batean Karibera joan ziren Lapurditik. Hach Embarekek azaldu duenez, botere handia lortu zuten, eta New Orleansetik (AEB) gertu dagoen uharte batean sortu zuten haien inperio zentroa: Baratarian. Esklabo komertzioan ere aritu ziren. Bataila garrantzitsu batean estatubatuarrei lagundu zieten, ingelesen kontra.
Bigarren ataleko protagonista Sacamantecas izango da: Arabako nekazari giro pobre batean jaio zen Juan Diaz de Garaio. Lur jabe baten alabarekin ezkondu zen, eta emaztea hil zenean hasi zen krimenak egiten. Zuzeu-ko kazetariak azaldu duenez, Diaz de Garaiok sei emakume bortxatu eta hil zituen 1870etik 1879ra. Araban egin zituen krimen horiek guztiak. Hirugarren eta laugarren atalen protagonistak aurrerago iragarriko ditu Zuzeu-k.
Hogei aktoreren ahotsak
Hach Embarekena da Euskal gaizkileak-en gidoia eta zuzendaritza; Etxarri teknikariaren eta Xabier Alkiza bikoizketa zuzendariaren lana goraipatu du. Alkizak aukeratu ditu pertsonaia bakoitzarentzako aktoreen ahotsak. Parte hartu duten bikoiztaileen artean daude Aintzane Gamiz, Mikel Garmendia, Aintzane Crujerias, Joseba Sacristan, Mikel Mendizabal eta Kiko Jauregi.
Hach Embarekek esan du lehen atal sortak —zortzi kapituluak entzungai daude— harrera ona izan zuela. «Ikusi dugu modu apal baina jarrai batean entzunaldiak izaten jarraitu dutela». Nabarmendu du «eskuzabaltasun handiarekin» aritu zirela parte hartzaileak orduko hartan. «Orain, atal berriak modu duinagoan egin nahi izan ditugu. Gurea bezalako hedabide txiki batentzat ur handitan sartzea izan zen egitasmoa».
'Zuzeu' atariak 'Euskal gaizkileak' podcastaren atal berriak egin ditu
Laffite anaia kortsarioen gainekoa izango da lehen atala. Bigarrena, Sacamantecasi buruzkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu