Zuberoako gazteek euskara erabiltzen dute etxean; ez horrenbeste, ordea, kalean. Egoera hori iraultze aldera, Azia elkarteak Aldudarrak Bideo kooperatibarekin elkarlanean Mihia Pitz saioa grabatu du. Joko eta erreportajeen bidez euskararen erabilera kalean sustatzea du xede ikus-entzunezkoak. Bihartik aurrera ikusi ahalko da grabaketaren lehen saioa Kanalduderen eta Azia elkartearen webguneetan eta TVPI katean. Lehen aldiz grabatu dute telebista saio bat osorik euskaraz.
Jolasen bidez ondo pasatzea, euskarara hurbiltzea eta, bide batez, Zuberoako egoera hobeto ezagutzea. Hiru helburu horiek uztatzen ditu Mihia Pitz saioak. Urdiñarben grabatu zuten ikus-entzunezkoa, iragan hilaren 20an.
Antolatzaileak bildutako jende kopuruarekin «harrituta» geratu dira, Joana Hoqui Azia elkarteko kidearen hitzetan. «Ia 150 lagun agertu ziren, eta gehienak gazteak», azaldu du. Hori da antolatzaileak gehien «hunkitu» dituena. «Ez baita erraza gazteengana gerturatzea, eta hor ikusi da gazte anitzek jarraitu gaituztela».
Lau jokotan lehiatu ziren Urdiñarbe, Barkoxe, Gamere-Zihiage eta Hokiko festa batzordeak. Talde bakoitzean, 15 eta 30 urte arteko bost neska-mutil izan ziren. Mimoan —esaldi bat antzeztu eta esanahia asmatu—, karaokean, dantzan eta tabu jokoan lehiatu ziren lau taldeak. «Zuberoako gisara jokatu genuen, gure kultura kontuan hartuz; tabuan hemengo hitzak erabili genituen, karaokean Zuberoako kantu zaharrak, eta berdin dantza jokoan», azaldu du Hoquik.
Saioaren grabaketara bildu zirenek ere parte hartu izan zuten, epaimahaikide eta laguntzaile gisara; haien txalo zaparraden arabera hautatu zituzten zein herrik irabazi zuten karaokea eta dantzen jokoa. «Hitza ez bazuten antzematen, publikoak laguntzen zien».
Lau jokoak hainbat arlotan Zuberoaren egoera erakusten zuten erreportajeekin tartekatu zituzten. «Duela zenbait urte lurralde diagnostiko bat egin genuen, eta jendeari erakutsi nahi diogu lan horrekin zer ezagutu genuen», azaldu du Hoquik. Lau gai nagusi biltzen dituzte erreportajeek: Zuberoako enplegua; laborantzaren egoera; kultura eta euskara herrialdean eta elkarteek egiten duten lana. Hoquik nabarmendu du Azia eta gisako elkarteek lan «bizia» egiten dutela Zuberoan. «Kirol elkarteak, bestak antolatzen dituzten elkarteak eta beste elkarteek egiten duten lana erakutsi nahi genuen. Bizia ekartzen dute elkarte horiek», dio Hoquik.
Euskara zabaltzen
Azia elkarteko kideek «ekimen zabala» antolatu nahi zuten hasieratik, ahalik eta jende gehiena bilduko zuena. Horregatik, eta euskara ulertzen ez dutenak «ez baztertze aldera», frantseserako zuzeneko itzulpena eskaini zieten. «Osoki euskaraz egin nahi genuen, baina erdaldunak kanpo ez uzteko eta, oro har, ekitaldi zabala izan zedin kasko audioak banatu genituen». Pozgarria egin zitzaien oso jokoetan euskaldunak zein erdaldunak parte hartu izana. Erreportajeak ere azpidatziekin eman zituzten.
Azia zuberotar gazte elkartea da, 1998. urtean sortua. «Gazteak Zuberoan bizi daitezen egiten dugu lan. Zuberoa bizia izan dadin gazteentzat». Ikastetxeekin elkarlanean, gazteei lan munduari buruzko informazioa helarazten diete. Bestetik, herrialdean gazteek enpresak sor ditzaten, interesik gabeko maileguak eskaintzen dizkiete. «Dirua biltzeko kanpainak egiten ditugu. Jende anitzek sosak uzten dizkigu, eta gero diru horrekin gazteak laguntzen ditugu».
Komunikazioa
Zuberoako gisara jolasean
Bihar ikusi ahalko da 'Mihia Pitz' saioaren lehen zatia Kanalduderen eta Azia elkarteko webguneetan eta TVPI katean. Lehen aldiz saio bat osorik euskaraz grabatu dute Zuberoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu