‘Ztanda’ saioaren bigarren denboraldia gaur zortzi hasiko da, 22:30ean, ETB1en

Gaurko saioan lehiaketako castingean gertatutakoak erakutsiko dituzte. Gainontzekoetan, ikusleek hautatuko dituzte kaleratuak.

’Ztanda’ saioko bigarren denboraldiko aurkezleak eta epaimahaikideak. EITB MEDIA
’Ztanda’ saioko bigarren denboraldiko aurkezleak eta epaimahaikideak. EITB MEDIA
nerea intxausti
2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

«Euskal Herriko artistarik onena» bilatzeko musika lehiaketa emango dute urriaren lehenean ETB1en, eta asteartero botako dute saio berri bat, 22:30ean. Halere, gaur gauean, estreinaldia baino astebete lehenago, lehiaketako castingean jazotako nondik norakoak erakutsiko dituzte.

Orain bi hilabete egin zuten musika lehiaketan parte hartzeko castinga. Bertatik 17 eta 24 urte bitarteko hamahiru lagun hautatu dituzte, eta, hamar astez, 15.000 euroko sariaren lehian arituko dira. Diruaz gain, aitortza ere izango du irabazleak: «Euskal Herriko abeslari onenaren titulua» eskuratuko du, aurreko txandan Miriam Lujua bilbotarrak eskuratu zuen bezala. 

Lehiaketaren aurkezleek eta epaimahaikideek berdintsu jarraituko dute: Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztuko dute saioa, eta epaimahaian hauek izango dira: Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria, Klara Mendizabal sopranoa eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko Chill Mafia taldeko kide eta abeslaria. Horietaz gain, Alex Sardui Gatibuko abeslaria batuko zaie aurten, berritasun gisa. 

Berritasunak

Sarduiz gainera, nobedade gehiago izango ditu denboraldi berriak. Batetik, aurreratu dute EITBk Miramonen duen egoitzako plato «ikusgarri» batean jokatuko dela lehia; bestetik, ikusleek beraiek aukeratu ahal izango dute zein lehiakide kaleratuko duten. Saio bakoitzaren amaierako dueluan, ikus-entzuleek lehiakide gogokoenaren alde bozkatu beharko dute, eta bestea kaleratua izango da. 

«Euskal Herriko artistarik onenak» gai izan beharko du erregistro ezberdinetako kantak abesteko eta hamahiru lagunen artean onena izateko. Horretarako, parte hartzaileek garai guztietako euskal kantak zein nazioarteko abestiak prestatu beharko dituzte, hizkuntza aldaketa tartean sartzen dela ere. Dena dela, ahotsaren erabilera egokia egitearekin batera, eszenatokiaren gainean ikuskizuna egiten ere jakin beharko dute, eta baita elkarrekin abestutako piezetan elkar ulertzea landu ere.

Hori bai, lehiakideak ez dira bakarrik ariko. Emanaldiak prestatzeko bi trebatzaile izango dituzte: Adrian Garcia de los Ojos musikaria, ahotsa lantzen laguntzeko; eta Paula Bujanda dantzaria, koreografiak prestatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.