Zigor Iturrieta. Sukaldaria eta ETBko aurkezlea

«Zortzi eguneko bidaiak izan dira, egunean 12 ordu grabatzen»

'Chiloé lasterka munduan' saioa hasiko da gaur ETB1en, 22:25ean. Aurreko 'Chiloe'-n bezala, bidaiak dira ardatza. Baina Iturrieta sukaldetan eta mendietan ibiliko da, saltsan.

EITB.
urtzi urkizu
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sukaldaritza eta mendi lasterketak ditu pasio Zigor Iturrietak (Zornotza, Bizkaia, 1974). 2015eko martxotik Txoriene saioa aurkezten du ETB1en, eta irailean jarraipena izango du, berrikuntza batzuekin. Chiloé ETB2n ere emango dute, urtearen amaieran.

Nondik nora ibili zara Chiloé lasterka munduan saioko sei ataletan?

Hasteko, Belgikan ibiliko gara. Gero, Hegoafrikara egingo dugu jauzi; handik, Uruguaira; gero, Nikaraguara, Thailandiara, eta, bukatzeko, Alemaniara.

Zerorrek aukeratu al dituzu herrialdeak?

Alberto Arizkorreta saioko zuzendariaren [Txoriene-ko zuzendaria ere bada] eta bion artean aukeratu ditugu. Mendi lasterketak baino lehenago, interesatzen zitzaizkigun herrialdeak begiratzen aritu ginen. Gero, lasterketak bilatu genituen. Bidaia programa bat denez, erakutsi behar genituen tokiak aztertu genituen.

Herrialde horietako gastronomia zer modutan erakutsiko duzue?

Joan garen tokietan bertako produktuak probatu ditugu. Jatetxe ezberdinetara joan gara, eta bidaia bakoitzean gutxienez sukaldari bat ezagutu dugu. Errezetak ere emango ditugu. Bidaietako errezeta batzuk Txoriene-n ere baliatu ditut.

Mendi lasterketak nolakoak izan dira?

Denetarik topatu dut. Belgikakoa bizkorra eta gorabeheratsua izan zen. Hegoafrikakoa sabana batean zen; sekulako beroa pasatu genuen. Thailandian, maratoi bat egin nuen, asfaltozkoa, 40 gradurekin ito beharrean. Nikaraguan, bi sumendi igo genituen. Uruguain mendi gutxi dago, eta duna artean ibili ginen korrika. Azkena Alemaniakoa izan zen, eta horrek Euskal Herriko mendi lasterketekin antz handiagoa zuen, polita.

Aurretik Chiloé saioak zuen estilotik ezberdinduko al da bihar hasiko dena?

Kirola sartu dela da berrikuntza, baina, bestela, aurreko denboraldietakoa bezalakoa da saioa: kulturak eta tokiak ezagutaraztea. Gidoi bat genuen, baina askotan kaletik joanda topatzen genuena grabatzen genuen. Azoka bat ikusi, eta bertara sartzen ginen.

Inprobisatzen zenuten, orduan?

Bai, bai. Gidoi batekin joan behar duzu. Turismo bulegoekin ere lan asko egin dugu. Esaten dizute zer toki erakuts daitezkeen.

Talde txikian joan zarete, ezta?

Hiru laguneko taldea ginen. Iñigo Sanz kameraria, Alberto Arizkorreta zuzendaria eta hiruok. Arizkorretak askotan kamera lanak ere egiten zituen. Hark esan zidan garai batean bost lagun joaten zirela saioa egiteko. 4K teknologian grabatu dugu, baina kamerak ez dira handiak, argazki kameren antzekoak dira.

Mendi lasterketetan nola egin zenituzten grabaketak?

Nik Go-Pro kamera bat neraman gainean, eta neronek grabatzen nuen. Beste bi lankideak antolakuntzako auto batean joaten ziren. Itxoiten egoten ziren, eta han grabatzen zuten. Batzuetan, Iñigo Sanz gaixoari tokatzen zitzaion lasterka nire atzetik ibiltzea. Lasterketetako antolakuntzakoek irudi batzuk droneekin grabatzen dituzte, eta horiek pasatzen zizkiguten. Denetarik erabiliko dugu.

Bateragarria izan al da aurten dena egitea?

Bidaietatik etorri, eta berehala Txoriene-ko atalak aurreratu behar nituen. Zortzi eguneko bidaiak izan dira. Esperientzia polita izan da, baina egunean hamabi orduz aritu gara grabatzen. Grabazio orduetatik 55 minutu ateratzea ere ez da lan makala. Sanz edizioan irudiekin jolastu da.

Eguneroko Txoriene-k eskarmentua eman dizu telebistan eroso aritzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Bidaietan sukaldariekin grabatzen genituen tarteek Txoriene-ren antza zuten.

Chiloé-ko atal gehiago grabatuko zenituzke?

Badauzkagu eskaintzak hainbat herrialdetako turismo bulegoetakoak. Kirol turismoa modan dago, eta herrialde askotan ari dira bultzatzen. Gu prest gaude. Ea orain saioak nolako ikusle datuak lortzen dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.