'Zorrotz' hedabidea sortu dute

Hilaren 28an jaioko da 'Zorrotz.eus' hedabide digitala. Saiakera liburuak ere argitaratuko dituzte

Igor Meltxorrek sortu du Zorrotz hedabide eta argitaletxea, beste lagun batzuekin batera. ANDONI CALLENADA / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Proiektuan jende librea nahi dugu, pentsamendu kritikoa duena eta klase kontzientziarekin». Hala dio Igor Meltxorrek, Zorrotz hedabide berriaren sortzaile eta koordinatzaile nagusiak. Gaur zortzi jaioko da, hilaren 28an,Zorrotz.eus. Aldi berean, Zorrotz Liburuak abiaraziko dute: argitaratuko duten aurreneko liburua Itziar Ituñorekin egindako elkarrizketa liburu bat izango da —gaztelaniaz—, Meltxorrek berak idatzia. Zorrotz.eus atari digitalean, artikuluak euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz irakurri ahalko dira. Era berean, elkarrizketak audio eta bideo formatuan ere zabalduko dituzte.

Euskal Herrian, Onintza Enbeita kazetari, bertsolari eta BERRIAko zutabegileak —Bira idazten du egunero— euskarazko elkarrizketak egingo ditu. Hark koordinatuko ditu euskarazko edukiak. Madril-Gaztela inguruan, berriz, gaztelaniazko elkarrizketak Bea Talegon politikari eta zutabegileak gidatuko ditu.

Meltxorrek argi du: «Ez da zentsurarik egongo. Kolaboratzaileek edozertaz idatzi ahalko dute, eta egingo ditugun zuzenketa bakarrak ortografikoak izango dira». Bestalde, hauxe ohartarazi du: «Ez da izango aktualitateko egunkari bat, ezta ikerketa kazetaritzako hedabide bat ere. Ez dugu egunerokoekin lehiatu nahi. Aldiz, elkarrizketa eta erreportaje zainduak egin nahi ditugu».

Zorrotz.eus atariko artikulu guztiak irekian egongo dira: ez da ordaindu beharko irakurri ahal izateko. Hala ere, harpidetzak sustatu nahi dituzte. Urtean 48 euro ordainduta Zorrotz laguntzeko aukera egongo dela nabarmendu du Meltxorrek. «Harpidedunek ahalbidetuko dute kolaboratzaile gehiago egotea, eta beherapenak izango dituzte Zorrotz-en dendan».

Euskal Herriko kolaboratzaileen artean, hauek daude: Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari ohia, Amparo Lasheras kazetari eta idazlea, Ibai Zabala pilotari ohia, Lander Iruin kazetari eta dokumentalgilea, Txente Rekondo nazioarteko analista, Jonathan Martinez kazetaria eta Laura Perez Podemos Nafarroako idazkari nagusi izandakoa. Gizarte gaiak lantzen arituko dira, bestalde, Ziortza Karranza psikologo eta sexologoa eta Naroa Martinez psikopedagogoa.

Kataluniako kolaboratzaileek gaztelaniaz zein katalanez idatziko dute: David Fernandez CUPeko bozeramaile ohiak, Albano Dante Kataluniako Podemeko idazkari nagusi ohiak, Jordi Borras kazetariak eta Marta Sibina En Comu Podemeko diputatu ohiak. Galiziako kolaboratzaile bat izango du Zorrotz-ek bere hastapenean: Suso del Toro idazlea. Gaztelaniaz zein galegoz idatziko du. Madrildik, Guillermo Toledo aktoreak idatziko du, baina ez da izango hango sinadura bakarra.

Hiruzpalau urte dira Meltxorrek proiektua buruan zuela. Pandemiaren aurretik sortzeko asmoa ere bazuen. «Baina pandemiarekin eta itxialdiarekin, denbora egon da ideia gehiago mamitzeko, eta izena ondo erabakitzeko ere bai». Nabarmendu du Euskal Herriko kolaboratzaileei asko gustatu zaiela izena. «Eskaintza zorrotza egitea da asmoa. Zera nahi dugu: kolaboratzaileek ez dezatela arazorik izan honetaz edo hartaz idatzi nahi badute. Elkarrizketetan, bestalde, ez ditugu betiko galderak egin nahi».

Enbeitaren 'Izurritea'

Zorrotz-ek argitaratuko dituen lehen liburuen artean, Onintza Enbeitaren Izurritea egongo da. Honela iragarri du bertsolari eta kazetariak: «Azken urteari buruzko gogoetak dira; oso pertsonalak, agian, baina bizi izan dugunaren gaineko hausnarketak».

Beste liburu bat Tasio marrazkilariarena izango da. Gorka Garmendiak hitzen esanahien inguruko liburu bat ere plazaratuko du. Eta, otsail alderako, Cabacas auziaren inguruko liburu bat iritsiko da. Itziar Ituñoren elkarrizketa liburua, berriz, datorren astebururako izango dute prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.