Streaming plataformetan euskaraz zer aurkitu daitekeen erraz kontsultatzeaz gain, zinemetako estreinaldien inguruko informazioa ematen du Zer Non Ikusi taldearen webguneak: zernonikusi.eus. Youtuben dauden euskarazko edukien katalogoa ere bertan jarria dute. Orain, berriz, beste pauso bat eman dute: Zni TB aplikazioa sortu du euskaltzale talde berak. «Euskarazko edukiak sustatzeko eta kontsumitzeko aplikazio bat» dela nabarmendu du taldeak.
Aplikazioa Android gailuetan erabil daiteke, bai sakelako telefonoetan, bai tabletetan, bai telebista konektatuetan. Doan deskargatu daiteke dagoeneko Google Play dendatik.
Euskarazko edukien sortzaileei ikusgaitasuna emateko eta erabiltzaileei entretenimendua euskaraz eskaintzeko beharrari erantzuteko sortu dute aplikazioa. «Ideia Youtuben euskarazko kalitate handiko baina ikustaldi gutxiko edukiak aurkitzean sortu zen», azaldu dute tresnaren sortzaileek. «Askotan, eduki mordoaren aurrean zer ikusi erabaki ezinik egoten dira erabiltzaileak, eta Youtubeko algoritmoak aurkezten duen edukia soilik kontsumitzen dute». Eredu hori hautsi egin nahi dute aplikazio berriarekin, «euskarazko edukiak soilik erakustea bermatzen baitu, Youtubeko algoritmoa saihestuz». Alderaketa egin dute: «Youtube Kidsen bertsio aurrekonfiguratu bat izatea bezalakoa da, baina adin guztietarako».
Gaika sailkatuta
Aplikazioak gaika bereizitako hainbat atal eskaintzen ditu: telesailak, marrazki bizidunak, vlogak, podcastak, haurrentzako musika, bideojokoak, elkarrizketak, haurrentzako programak, websailak, umorea, hezkuntza eta sukaldaritza. Atal horien barruan Hamaika telebistaren etaETBren programak daude, baina baita beste eragile batzuek ekoitzitakoak ere.
Aplikazioaren sortzaileek uste dute erabiltzaileek errazago aurkitu ahalko dituztela euskarazko edukiak. «Eta horrek, era berean, pertsona gehiago estimulatuko ditu euskarazko edukiak sortzera».
Zer Non Ikusi taldearen webguneak harrera ona izan du orain arte. Aplikazioak ere hala izatea espero dute. «Gero eta digitalagoa den mundu honetan, funtsezkoa da gure hizkuntza eta kultura zaintzea eta sustatzea». Zni TB aplikazioarekin euskarazko eduki sortzaileei plataforma bat eman nahi diete, erabiltzaile gehiagorengana iristeko. «Erabiltzaileei edukiak euskaraz kontsumitzea erraztu nahi diegu».
Denetarik topa daiteke Zni TB aplikazioan: BERRIAren Kinka podcasta, Marruma Kulturalak herri ekimeneko saioa, ETBko Brinkola telesaila, Belarri bero, bai esan websaila —Hamaikan ari dira ematen—, haurrentzako Loa eta Laia marrazki bizidunak, Game Erauntsiaren bideojokoei buruzko irratsaioa, Iparraldeko gazte batzuek egiten duten Bada saioa eta abar.
Zni TB aplikazioa sortu dute, euskarazko edukiak ikusteko tresna
Android duten sakelakoetan eta telebistetan instala daiteke. Youtubeko edukiak aukeratu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu