Familia osoa entretenitzeko helburuarekin eta, aldi berean, Euskal Herrian beste umore mota bat egin daitekeela frogatu nahian, Zirt Zart umorezko saioa estreinatuko dute ETB1ean, igandean. Gaur egun eta Eguraldia amaitu ondoren, 21:00etan hasiko da saioa.
Euskal Telebistako oraingo eta lehengo saioak, eta Internetekobideoak oinarri hartuta, umorezko atal ezberdinak egingo dituzte Zirt Zart saioan. «Umorea lantzen dugu, baina, orain arte ETBn ikusi ez den era batean, hau da, topikoetatik aldendu nahi dugu, eta beste ikuspuntu modernoago bat eman nahi diegu gure betiko ohiturei», adierazi du Alex Pascualek, saioaren zuzendariak. «Zaila da hitz gutxitan azaltzea zertan datzan saioa. Onenaprograma ikustea da», gaineratu du.
Saioaren zuzendaria pozik azaldu da programaren inguruan: «Nire ustez, uda telebista formatu berriak probatzeko unerik egokiena da». Ezagunak diren irudiak edo bideoak izango dira Zirt Zart saioaren ardatzak, baina, testuingurutik aterata dauden beste batzuekin nahastuta joango dira. «Horrela, kontraste handiko bideoak sortzen dira, eta horretan datza gure umorea». Saioaren zuzendariak aipatu duenez, beti daude irudi bitxien bila edo euren lankideen hanka sartze baten zain. «Material horrekin bideoak sortzen ditugu». Gaiei dagokionez, orotariko gaiaklanduko dituzte; «Denetarik izango dugu, eta ez da inor libratuko!», nabarmendu du Pascualek.
Umorezko bideoak egiteko ETBko artxiboko irudiak eta Interneteko bideoak baino ez dituzte erabili. «Ezinezkoa dirudi, baina irudimen pixka batekin, azkenean bideo dibertigarriak sortzen dira», iritzi dio Pascualek. «Lan handia dago honen atzean, baina, benetako erronka euskaraz egitea da, Interneten dagoen material gehientsuena, gazteleraz edo ingelesez baitago».
Ordubeteko saioa izango da, eta hainbat atal izango ditu Zirt Zartek. Atal guztiak bideo bitartezkoak izango dira, eta ahots baten bidez gidatuko dira saioaren atalak. Gazteako Jon Gotzonena izango da ikus-entzuleak atal batetik bestera gidatuko dituen ahotsa. Gainera, astero, TOP 10-a osatuko dute ETBn izandako unerik bitxienekin. Emisioan dauden programak zein antzinakoak azalduko dira. Horrez gain, Pascualek azaldu duenez, Gaur Egur (albistegi faltsua), Boxeo Izarrak (borrokaldi bitxiak), Top Gaztea (gezurrezko bideoklipak), edota Viva Rusia! (errusiarren bizimodua) saioak ere izango dituzte programa berrian.
Lehen saioari dagokionez, honela mintzo da Pascual; «Juan Carlos I.ak abdikazio dokumentuan benetan zer idatzi zuen jakingo dugu. Bestalde, badakizue Filipinetan bertsozale amorratuak badaudela? Eta El Fary abeslariak Behin batean Loiolan kanta buruz bazekiela?», esan du. Horiez gain, esnatzeko era bitxiak erakutsiko dituzte, eta Errusiako herritarren bizimoduei buruz pixka bat gehiago jakiteko aukera ere izango da.
'Zirt Zart' umorezko saio berria hasiko da igandean ETB1en
ETBko irudiak eta Interneteko bideoak uztartutako saioa da.Jon Gotzonen ahotsa izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu