1980ko hamarkadan hainbat irrati libre sortu ziren Euskal Herrian. Komunikazio proiektu autogestionatuak, gehienetan. Besteak beste, Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irratia. 40. urteurrena ospatzeko askotariko ekitaldiak antolatuko ditu irrati horrek, eta horietatik lehena, gaur bertan: umorezko bakarrizketekin gozatzeko aukera izango da Niessen kulturgunean, 18:30ean. Batetik, Ion Martinez Txiki-k Euskaldunen jatorria, historia eta irria bakarrizketa eramango du oholtza gainera. Eta, bestetik, Jon Plazaolak Tu-Tum, Platz! bakarrizketa egingo du. Sarrerak 10 euroan daude salgai.
Azaroaren 16an, berriz, 2024-2025eko denboraldia aurkezteko jaialdi berezi bat egingo dute. Hori ere Errenteriako Niessenen. 20:00etan zabalduko dituzte ateak, eta ondotik, MJ Krash! hasiko da giroa berotzen. Programazio berriaren aurkezpena egingo dute gero irrati libreko kideek. 21:30ean, kontzertuak hasiko dira: La Basu eta Nikotina. 12 euroan izango dira sarrerak.
Zintzilagunak Zintzilik irrati librearentzat «oso garrantzitsuak» direla nabarmendu dute. «Inongo botereren mende ez egoteko, eta baita gure proiektu autogestionatua aurrera eraman ahal izateko ere. 40 euroko kuota eskatu nahi diegu urte honetarako, hainbat gasturi aurre egiteko». FM emisioa hobetzearen erronka dute irratian, eta horretarako, Bizarain mendian antena bat jarriko dute.
Irratiaren 40. urtemugaren material sorta txiki bat sortu dute, «Zintzilagunentzat esklusiboa izango dena». Urteurrenaren harira, datozen hilabeteetan antolatuko dituzte erakusketa bat, irratsaio berezi bat kalean, bazkari bat, bertso-poteo bat... eta egunotan kanta bat ari dira grabatzen urtemuga ospatzeko.