Denboraldi berezia da aurtengoa Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irrati librearentzat, 40. urteurrena ospatzeko askotariko ekitaldiak antolatzen dabiltza eta. Tartean, bihar 2024-2025eko denboraldia aurkezteko jaialdia egingo dute Niessen kulturgunean. 20:00etan hasiko da jaialdia, MJ Krashekin. Ondotik, Ilargi eta Txantxetila ariko dira oholtzan, programazioaren aurkezpen lanak egiten. 21:30ean, kontzertuak hasiko dira: La Basu eta Nikotina taldea ariko dira Niessenen.
Denboraldi honetako irratsaioei dagokienez, eskaintza hau egingo du irrati libreak egunez egun: astelehenetan, Txarletas —elebiduna— eta La Hora 45 —gaztelaniaz—; astearteetan, Kuir Artxiboa —elebiduna— eta Desfase lunar —gaztelaniaz—; asteazkenetan, Kalez Kale Soul musika saioa —gaztelaniaz—; ostegunetan, Gora Estratosfera musika saioa —gaztelaniaz— eta Hertziok euskarazko magazina; ostiraletan, WKD Kosmik —elebiduna—, Topa in Topo —euskaraz— eta Aldapa C —elebiduna—; larunbatetan, Hipotedisk —euskaraz—; eta igandeetan, Akerbeltz magazina —euskaraz—.
Euskarazko eskaintza Arrosa sareari esker aberasten du Zintzilik irratiak. Izan ere, Zebra bidea magazina, Anarkofolka, Ahuntzaren gauerdiko eztula, Adi, Beranduegi, Patiyoko Atzuak, Kirol Skirol, Kultur kuboa, Kolax, Bertxoko, Ez gaude konforme, Ratzenoff, Zaratazautz, Potto eta Haus fo beats saioak ematen ditu irrati libreak Arrosari esker.