Zinema ikusteko egongelan eseritako familia handituz doa. Laugarren urtez, Zurriolako butaka saioa egingo dute BERRIAk, Hamaika telebistak eta Irutxuloko Hitza-k. Aurten, Gaztezulo gazteentzako komunikabidea batu zaie. Denen artean, Donostiako Zinemaldian ikusiko diren filmen inguruko telebista saioa egingo dute, jaialdiaren bihotzetik, Kursaaletik zuzenean, 11:00etan; bakoitzaren Interneteko gunean noiznahi ikusi ahalko da.
Gaztezulo ez da, edonola ere, ezezaguna Zurriolako butaka-n. Haren zuzendari Aitor Abaroa gonbidatu izan zuten iaz, hedabidearentzat Zinemaldia lantzen ari zela. Aurtengoa «aurrerapausoa» da, Abaroak esan duenez, «erreferente» diren hedabideekiko elkarlanean sakontzeko aukera ematen dielako. Zinemazaletzat du bere burua Abaroak. Zinema kritika egin du Euskalerria irratian, Info7-n zein Euskadi Irratian, eta Gaztezulo-n ere zinema lantzen hasi zen. Saioa aberastu nahi du Abaroaren taldeak: sare sozialetan «erraz zabaltzeko moduko» pare bat minutuko bideoak egingo dituzte, Zinemaldian ikusiko diren euskal ekoizpenen inguruan. Baina ez dute emango informazioa soilik, iritzia ere sartuko dute bideoetan. Abaroa bera eta Leire Palacios agertuko dira bideoetan, filmak zertan diren azaltzen.
Zinemaldiak irauten duen egunetan emango dute Zurriolako butaka saioa BERRIAren webgunean —baita beste hiru hedabideetako webguneetan ere—. Zuzenean, 11:00etan eskainiko dute. Hamaika telebistak lurreko telebista digitaleko eta kable bidezko emanaldia, berriz, 20:00etan egingo du egunero; 22:00 aldera errepikapena.
Inaxio Esnaola Hamaika telebistako kidea izango da saioko aurkezlea. Programak bederatzi emanaldi izango ditu, hilaren 18tik 27ra, egunero; salbuespena hilaren 20a izango da,ez baita saiorik izango. Saiorako egingo diren piezak BERRIAren webgunean ere ikusi ahalko dira, bakarka.
Ostiral honetan hasiko da, beraz, saioa, Zinemaldiko lehen egunean. Aurreneko protagonista Bego Zubia izango da, Sagardoa bidegile dokumentalaren zuzendaria. Igandean estreinatuko dute Zinemaldian. Aurreneko egunean, Vinyland filmaz ere ariko dira. Mikel Insaustik eta Markos Garciak zuzendu dute binilozko disko bildumagileen inguruko dokumentala, eta 18an estreinatuko dute. Halaber, Zinemaldiak prestatu dituen bi atzera begirakoen inguruko bideo bereziak ikusi ahalko dira Zurriolako butaka-n. Aurreko hiru urteetan bezala, euskarazko filmek protagonismo berezia izango dute saioan.
Aurten Amama filmak bereganatuko du zinemazale euskaldunen arreta, Sail Ofizialean lehian ariko baita. Asier Altuna Amama-ren zuzendaria saiora gonbidatuko dute, hilaren 22an. Horrekin Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren beste filmen trailerrak emango dituzte saioaren amaieran.
Zinemaldiaz, zuzenean
'Zurriolako butaka' saioa ostiraletik aurrera egingo dute egunero BERRIA-k, Hamaika telebistak, 'Irutxuloko Hitza'-k eta 'Gaztezulo'-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu