ATZEKOZ AURRERA. Manu Soto. Plentziako Itsas Estazioko zientzialaria

«Zientziaren zorroztasunean sinestea da baikorra izatea»

Ezkortasun zientifikoaren harira, Sotok esan du zientzia modu sinesgarrian transmititu behar dela. Neurriak hartzen ari direla uste du; poliki, halere.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ezjakintasunak eragiten du ezkortasun klimatikoa, Manu Soto (Bilbo, 1965) Plentziako Itsas Estazioko zientzialariaren irudiko (Bizkaia). Ikerketaren sinesgarritasuna defendatu, eta baikortasuna aldarrikatu zuen asteartean, Bilboko Foru Liburutegiko hitzaldi batean.

Ikusita klima larrialdiaren ondorioak gero eta agerikoagoak direla, ulergarria da ezkortasuna?

Niretzat, ez. Agian zientzialaria naizelako, oso arraroa iruditzen zait zalantzan jartzea zientziak esaten duena. Zientzian, egiak ez dira absolutuak, ez guztiak: hipotesiak dauzkagu, frogatzen ditugu...

Ezkortasuna bada ideia absolutua, ezta? «Ez dago ezer egiterik».

Uste dute gizarte distopiko batean bizi garela. Kutsadurak, eguraldiarekin lotutako gertaera bortitzek... adierazten ei dute pikutara goazela. Baina zientzialariek edo agintariek diotenean konponbidea egon litekeela neurri batzuk hartuz gero, askatasun indibiduala aldarrikatzen dute. Niretzat, berekoikeria da.

Oinarri ideologiko bera dute ezkortasun klimatikoak eta negazionismoak?

Nik uste dut baietz. Orain dela gutxi, lagun batek chemtrails-en istorioa kontatu dit [aireko arrasto kimikoen konspirazio teoria]. Nori bururatzen zaio hori egia izan daitekeenik? Beti dira pertsona berak.

Saihestu daiteke atzera-bueltarik gabeko urratsa?

Ez gaude oso ondo, baina badaude optimista patologikoak.Apocalipse never liburuan [Apokalipsia inoiz ez; 2020], Michael Shellenbergerrek dio humanismoa aplikatu behar dugula: bereizi behar ditugula zientzia eta fikziozko zientzia, eta zientzia indartu behar dugula, jendeak uler dezan modu didaktiko batean zientzialariok esateko duguna.

Komunikazioa da gakoetako bat, beraz? Hedabideak katastrofistegiak al dira?

Baita zientzialariok ere. Zorroztasuna aplikatu behar dugu ez bakarrik ikertzen dugunean, baita jendearekin hitz egiten dugunean ere. Orain dela gutxi, irakurri nuen Lurretik oso gertu pasatuko zela asteroide bat; bada, pasatu zen distantzia ikaragarri handi batera. Zehaztasuna behar da.

Askotan, albisteen lerroburua baino ez da irakurtzen. Badago denborarik zientzian sakontzeko?

Zaila da, baina gero eta arreta handiagoa jartzen zaio transmisioari unibertsitateetan eta ikerkuntza zentroetan. Baina zientzialariok ezin gara militanteak izan; sinesgarritasuna eta independentzia transmititu behar ditugu.

Busti beharko zinatekete, halere?

Bai. Izan beharko genuke militanteak zientzian.

Esaten da ezkortasun klimatikoa sozialki desmobilizatzailea dela. Zientziari ere eragiten dio horrek?

Bai. The Conversation webgunearen arabera, agnostizismoa eta eszeptizismoa ari dira nagusitzen, baita goi mailako ikasketak dituztenen artean ere. Entzun izan dut ez dagoela klima aldaketaren ebidentziarik; eta asko daude. Entzun izan dut ez dagoela zantzurik; orain dela mila milioi urteko zantzu fosilak daude, eta Antartikan, orain dela milioi bat urteko izotza ari dira ikertzen, aldaketak ikusteko.

Beranduegi hasi da ikertzen?

Ez dut uste. Ni optimista patologikoa naiz. Ozono geruza mehetzen ari zenez, klorofluorokarbonatoen erabilera debekatu zen; eta Europan, gutxienez, butil eztainua erabiltzea debekatu dute itsasontzien kaskoak margotzeko. Zerbait ondo egin da. Karbono dioxidoaren isurketak murrizten ari dira, gutxi bada ere... Jendea oso kezkatuta dago bero boladekin, jada anomaliez hitz egiten da: ulertzen dute klima aldaketarekin lotura dutela. Ikustean euren dirua jokoan dagoela, agian batzuek erreakzionatuko dute.

Konponbidea hortik etorriko da?

Ez bakarrik, baina aldagaietako bat izango da. Jendeak ongi bizi nahi du. Gaur egun, one health kontzeptua nagusitu da: hasiera batean, ekosistemaren osasunaz hitz egiten zen; orain, esaten da ezinezkoa dela bereiztea gizakia, flora eta fauna.

Egoera honetan, zer da baikorra izatea?

Zientziaren zorroztasunean sinestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.