Aurreko zazpi urteetan Elhuyar aldizkariko zuzendari izan zen Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, eta ardura hori utzi du beste bat hartzeko —Elhuyarren kultura zientifikoa gizarteratzeko koordinazioan ari da orain—. Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) eta Egoitz Etxebeste Aduriz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1978) dira aldizkariko zuzendari berriak.
Nola izan da zuzendari kargua hartzeko prozesua?
ANA GALARRAGA: Oso naturala izan da. Urteak daramatzagu aldizkarian eta beste proiektu batzuetan lanean, eta, Aitziber Agirrek ardura berriak hartzearekin batera, aldizkaria aita eta ama gabe gelditu zen.
EGOITZ ETXEBESTE: Oso naturala izan da, zeren Galarragak hogei urte baino gehiago daramatza aldizkarian lanean, eta nik hamasei. Nahiz eta zuzendari bat egon, talde gisa funtzionatzen dugu beti. Orain arte egiten dugun lana da, eta horri zuzendaritza gehitzea besterik ez.
Nolako eredua izango duzue zuzendaritza horretan?
ETXEBESTE: Zuzendaritza erabat partekatua izango da. Baita malgua ere. Oso ondo ezagutzen dugu proiektua, aspalditik, eta elkar ezagutzen dugu.
GALARRAGA: Oso osagarriak gara.
ETXEBESTE: Bakoitzak gure indarguneak eta ahulguneak dauzkagu, eta oso ondo osatzen gara. Beste proiektu batzuetan zuzendaritza partekatuan ere aritu izan gara.
GALARRAGA: Irizpideetan iritzi bera daukagu, gainera.
Ildoa markatuta dago lehendik?
GALARRAGA: Markatuta dago, baina etengabeko bilakaeran doa. Horretan autokritikoak eta zorrotzak gara.
Zertan, adibidez?
GALARRAGA: Lehenbizi, genero ikuspegia txertatzen hasi ginen. Eta, orain, zientzia feminista egiten dugula esaten dugu. Oso ikuspegi sozialetik heltzen diegu gaiei.
Klima larrialdiak nolako tokia izango du aldizkarian?
ETXEBESTE: Erabateko lehentasuna du. Atal berezi bat sortu ala ez pentsatzen aritu ginen, baina iruditzen zaigu hain dela garrantzitsua, gai transbertsal bihurtu dugula.
GALARRAGA: Ekinean atala sortu genuen, genero ikuspegia txertatzeko. Atal horrek jarraitzen du, baina feminismotik egiten dugu aldizkari osoa.
ETXEBESTE: Transbertsalak dira feminismoa eta klima larrialdia, eta gakoak dira gaur egun.
Gai zehatz askorekin ari zarete ikuspegi soziala eskaintzen, ezta?
GALARRAGA: Hori da. Esaterako, antsiolotikoen gaia landu dezakezu ikuspegi farmakologiko batetik edo kontsumoak gizartean zer eragin duen kontatu dezakezu. Zergatik emakume gazte askok kontsumitzen dituzte? Guk bigarren alde horri heldu diogu. Errealitatearen gakoak ematen saiatzen gara.
Aldizkariak zer beste erronka ditu aurrera begira?
GALARRAGA: Paperean irautea, behintzat. Webgunea egunero berritzen dugu, albisteak eta ikertzaileen artikuluak dauzkagu. Webgune horren testuak ahoz entzun daitezke, eta sei hizkuntzatan irakurri. Bilaketa sistema indartsua ere badu.
Paperezko aldizkarian garrantzi berezia dute argazkiek eta diseinuak, ezta?
GALARRAGA: Bai, Virginia Larrarte maketatzailea taldean integratuta dago, eta taldeko erabakietan parte hartzen du.
ETXEBESTE: Argazkien atalarekin hasten gara beti, eta aldizkarian asko luzitzen dute. Jarraitzen dugu sinesten paperezko aldizkarian. Mimatzen saiatzen gara.
Harpidedun kopuruak nola doaz azkenaldian?
GALARRAGA: Historikoki, inkestek esan izan dute gizonek interes handiagoa dutela zientzian. Harpidetzetan ere gizonezkoak ziren gehiengoa. Baina azkenaldian harpidetza berrietan emakumezkoak izaten ari dira gehiago.
ETXEBESTE: Webguneko erabiltzaileetan ere aurten lehen aldiz emakumezkoak gehiago izan dira gizonezkoak baino; %60 emakumezkoak izan dira.
GALARRAGA: Bat dator nahi genuenarekin, eta oso pozik gaude.
Egoitz Etxebeste eta Ana Galarraga. 'Elhuyar' aldizkariko zuzendari berriak
«Zientzia feminista egiten dugu»
Urte asko daramatzate elkarrekin lanean, eta «osagarriak» dira Galarraga eta Etxebeste. Feminismoa eta klima larrialdia aldizkarian «gai transbertsalak» direla azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu