ZERU ARGIAN, TXORIAK ILUSIOA PIZTU ZUEN

Hilaren 31n 40 urte beteko dira ETBk lehen emanaldiak egin zituenetik. Euskarazko telebistaren sorrerak ilusio handia sortu zuen. Baina 1982ko legeak bere hartan jarraitzen du, eta zenbait ahotsek uste dute badagoela zer hobetua.

Bingen Zupiria albistegietako aurkezle lanetan, 1985ean. Zupiria ETBko zuzendaria izan zen 1999tik 2009ra. Eusko Jaurlaritzako sailburua da gaur egun. ETB.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Diktadura luze bat pasatu berria zen Hego Euskal Herrian; 1979an, Gernikako Estatutua onartu zen, eta gerra ondorengo lehenengo Eusko Jaurlaritza aurreneko pausoak ematen ari zen. Telebisten zerua erdi hutsik eta garden zegoen, eta EITBren txoriak, 1983an hegaldia hasita, ilusioa piztu zuen Euskal Herrian. 40 urte geroago, hegazkin garesti eta erraldoiz beteta dago zerua, eta txoriak ezin du lehengo arreta bereganatu. Baina txoriak hegan jarraitzen du, bi hizkuntzatan.

Iñaki Agirregomoskorta ETBko Dokumentazio eta Artxibo arduradun ohiak Así nació la televisión del País Vasco liburua eman zuen argitara 2020an (Horrela jaio zen Euskadiko telebista), eta lau pertsonaren garrantzia nabarmendu: Karlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakaria eta Ramon Labaien Kultura sailburua politika arloan; eta Juan Jose Azurza eta Jose Zubiaur ingeniariak arlo teknikoan.

Ikusi gehiago:Gazteak kateatu nahian

1980ko hamarkadaren hasiera zen. Kike Amonarrizek kontatu duen pasadizoa, testuinguruaren erakusgarri: «Garai hartan, EHEn nenbilen, eta kanpaina bat egin genuen euskarazko telebistaren alde. Argi zegoen telebista elebiduna izango zela, baina gure beldurra zen euskararen lekua garai hartako prentsa elebidunean zeukanera mugatzea, hau da, ehuneko eskas batera. EHEn eskakizunak biltzen zituen gutun bat entregatzea egokitu zitzaidan Ramon Labaieni, eta esan zigun kanpaina indartsuagoa behar zuela, eta dirua emateko prest zegoela kartel handiagoak eta koloretsuagoak ateratzeko. Txillardegi jarri zen harekin harremanetan, eta Labaienek berak finantzatu zuen kanpaina oso bat». Jone Forcada Txillardegiren alargunak zehaztapena aurtengo maiatzean, BERRIAra bidalitako gutun batean: «EHEko ekintzen bidez egindako gastu guztien fakturak Ramon Labaieni bidaltzen genizkion, eta berak zuzenean ordaintzen zituen».

Telebista martxan jartzen aritu zirenen artean, Luis Alberto Aranberri Amatiño kazetaria zegoen —ETBko albistegien lehen arduraduna, eta ETBko zuzendaria 1985-1986 eta 1991-1995 urteetan—. «Gazteak ginen; urteak generamatzan zain egoera noiz aldatuko eta hura noiz lortuko; giroa gure alde zegoen; ez genuen ezeren ajerik, eta ez genion beldurrik ezeri», gogoratu du.



Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramaile Izaskun Rekaldek, era berean, ez dauka ahazteko 1982ko Urtezahar gaueko lehen emanaldia. «Etxean elkarrekin bizi ginen zortzi senideak batu ginen telebistaren aurrean euskarazko lehen emanaldi hartaz gozatzera». Rekaldek nabarmendu egin du euskararen normalizazioan ETBren sorrerak izan zuen garrantzia. «Arratieraz berba egiten genuen [Bizkaiko Arratia eskualdeko azpieuskalkian], baina, telebistari esker, gutako askok batua ikasi genuen». Goraipatu du lehen urteetan ETB1 haur eta gazteen «erreferente» izan zela, euskaldun familietako haurrentzat zein soziologikoki oso jatorri desberdina zutenentzat.

Elixabete Garmendia kazetariak esan du —1986an hasi zen ETBn lanean— euskarazko telebistan Maite Barnetxe (France3n) eta Joxe Mari Iriondo (TVEn) izan zirela aurrekariak, eta gogoratu du euskaraz mintzatuko zen telebista baten aldeko aldarria indartsua izan zela diktadura amaitu osteko urteetan. 1982ko azaroan, Euskadi Irratia jarri zen martxan. Eta 1983an, halakoa zen egoera: «Irratia piztu, telebista piztu eta euskaraz entzutea mugarria izan zen euskal hiztunentzat; ahalduntze ariketa, harrotasun konpartitua. Euskara noranahiko izan zitekeela frogatzea».

Amatiñori iruditzen zaio zaila dela orduko giroa ulertaraztea: «Plazaratzen zen bigarren telebista ginen [TVE baino ez zegoen Hego Euskal Herrian]. Ez orain bezala, bat gehiago. Alternatiba bakarra. Pantailan agertzen ginenok une magiko haren ordezkaritzat hartzen gintuzten ikusleek. Hasieran, hainbat tabernatan ez ziguten kobratu ere egiten».

Amonarrizek ondo gogoan du nolako zirrara sortu zuten ETBren lehen pausoek herritarrengan: «Poza eta harridura sentitzen genuen, ez baikeunden ohituta filmetako pertsonaiak euskaraz entzutera, esate baterako». Horretarako, euskarara bikoiztu behar ziren edukiak: filmak, telesailak eta marrazki bizidunak. Martin Ibarbia —ETBko lehen programazio zuzendaria izan zen, 1985era arte— bikoizketa eskolak martxan jartzen aritu zen. «Erabakita zegoen kanpotik ekarritako pelikulak bikoiztu egin behar zirela, eta hori zen soluzioa euskara arlo dramatikora inkorporatzeko». Donostiako eskola jarri zuten martxan lehenbizi, eta Bilbokoa geroago. Itzultzaileak ere behar zituzten. «Zailtasunak sekulakoak ziren, ordea», gogoratu du Ibarbiak. «Argi konturatu nintzen hizkuntza bat beste batera pasatzeko corpus bat landu behar dela aurretik; mintzaira dramatikoa menperatzen duen corpus bat behar da».

Ikusi gehiago:Kronologia: 40 urte

Rekaldek eman ditu 1980ko hamarkadako bikoizketen datuak: «1983 eta 1989 bitartean, urtean 1.800 ordu bideratzen ziren ikus-entzunezkoak euskarara bikoiztera. Hasierako urte horietan bikoizten ziren lanak genero askotakoak ziren, eta, beraz, helduaroan ETB1era lotuta zeuden ikusleek euskaraz kontsumitzeko nahia asetzeko aukerarekin jarraitzen zuten». Beherakada oso handia gertatu zen gero. «Azken urteetako bikoizketaren eta eskaintzaren genero aniztasunaren egoera bestelakoa da: datuek ikaragarrizko gainbehera erakusten dute». 2018tik 2021era, urtean 200 ordu bikoiztu dira —gaztelaniazko bikoizketaren orduak barne—. Rekaldek azaldu du azkeneko hamarkadan bikoiztutako ikus-entzunezkoen generoa marrazki bizidunetara eta dokumentaletara mugatu dela. «Atzerriko fikzioak guztiz galdu du lekua gure euskarazko pantailetan, eta, ondorioz, gazte eta helduok ETB1ekiko lotura galdu dugu era natural batean».

Ibarbiak zera uste du: «Bikoizketaren sasi-porrot bat egon da. Ez dugu lortu bikoizketak nortasun propioa izatea. Jaitsiera, neurri batean, justifikatuta egongo da, hizkuntza dramatikoa falta zaigulako. Makineria erdizka jarri zen martxan, eta, gero, beherantz joan da». Aurrera begira ondorio hau atera beharko litzatekeela gaineratu du: «Saiatu gaitezen, bada, hizkuntza dramatikoa sortzen. Telesail propio gehiago ere egin beharko lirateke, baina ez dira egiten». Sosak non jarri izan ohi da auzia, eta Ibarbiak zera uste du: «Albistegietan, lortu da kazetari batzuk munduko toki desberdinetan aritzea. Gastu hori justifikatuta dago, baina nahiko nuke fikziozko lan batzuk egiteko ere dirua justifikatuta egotea».

ETB2ren sorrera

Euskal Telebista sortu eta hiru urte eta erdira jarri zen martxan bigarren katea: ETB2. Gaztelaniazkoa. Jose Maria Gorordo ETBko zuzendari zen 1985etik, eta Bilboko alkate izendatua izan aurreko bi urteetan aritu zen bertan. Bere blogean 2010ean idatzi zuenez, alderdi politiko asko ETB2 sortzearen aurka agertu ziren, eta EAJ barruan ere izan ziren desadostasunak. Baina aurrera egin zuen kanalak.

1986ko maiatzaren 31n sortu zen ETB2. Elixabete Garmendia ETBn lanean zen ordurako. Gertutik ezagutu zuen bigarren katearen sorrera. «Hasieran, Iurretan [Bizkaia], ETB2 egiten zutenak hala-nola ibiltzen ziren, ETB1ekoek estudioetan uzten zituzten zirrikituak ahal bezainbeste aprobetxatuz. Baina, laster, ETB2 lehenetsi zuten agintariek, eta ETB1 bigarren katearen morrontzapean geratu zen. Gaurdaino». Garmendiak dio ETB1eko kazetariak ETB2ko ere bihurtu zirela. «ETBn euskarazko kazetaritza jorratzera sartu ginenok gaztelaniaz ere lan egin behar genuen. Hori nahiko ez, eta, ETB2ko albistegiek lehentasuna zutenez, gaztelaniaz lan gehiago egin dugu euskaraz baino».

Amonarrizek esan du kate bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz izateko ereduak euskara hutsezko kate bat «blindatzea» lortu zuela. «Baina, aldi berean, gaztelaniazko katea bilakatu zen ardatz eta nagusi». Josu Amezaga EHUko Komunikazio Fakultateko irakasle eta NOR hedabideei buruzko ikerketa taldeko ikerlariaren arabera, Europako telebistetan konpainia batek bi kate dituenean, bat liderra izaten da, eta bigarrena, osagarria: «Hemen euskarazkoa gelditu izan da bigarren mailan, hizkuntzarengatik eta beste auzi batzuengatik».

Ikusi gehiago:Hasiera eta ibilbidea

Amonarrizen arabera, ETB2ren helburuen artean zegoen erdaldunak euskal errealitatera erakartzea eta Euskal Herriaren berri helaraztea. «Baina erdal erreferentzien nagusitasuna erabatekoa izan zen hasieratik, batez ere entretenimenduan eta fikzioan». Rekalde Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak zera esan du ETB2ren ekarpenaz: «ETB1i ez dio inongo mesederik egiten; sarritan, lausotu eta zapaldu ere egiten du. Eta normalizazio prozesuari kalte egiten dio». Egoera diglosikoa baita. Rekalderi iruditzen zaio ETB2ko eskaintzarekin erdalduna ez dela euskal mundura eta euskarara hurbiltzen ari. «Euskal erreferentzien kultur markoa nahi dugu ETBn. Eta ETB2 normalizaziorako tresna izan dadila».

Amonarrizi iruditzen zaio garrantzitsua dela euskal ikuspegitik landutako informazioa eta entretenimendua erdaldunengana iristea. «Baita euskara, euskal kultura eta euskaldunon errealitatea ezagutaraztea eta hurbiltzea ere. Alor horretan, zer hobetua badu ETB2k, eta gehiago egin beharko luke, euskarazko biziberritze prozesua indartzeko baitezpadakoa delako euskaraz ez dakien populazioa ere informatzea eta sentsibilizatzea». Baina zera ohartarazi du Topaguneko lehendakariak: «ETB2k badu bere egitekoa, baina, euskarazko eskaintzaren aldean, ez du eskaintza nagusia izan behar».

Duela 40 urteko legea

Aurtengo maiatzean bete dira 40 urte EITBren Sorrera Legea onartu zenetik. Amezagak azaldu duenez, «eredu latinoa» hartu zen orduan. Espainiako telebistaren legedia kopiatu zen. «Telebista zerbitzua gobernuari oso lotua egon ohi da eredu latinoan, eta Europako hegoaldeko herrialdeetan nagusi da». Ondorioak izan ohi ditu horrek. «Funtsean, kontsideratzen da telebista gobernuaren politikak zerbitzatzeko dagoela, kontsideratu beharrean telebistak gobernutik at dagoen erakunde bat izan behar duela».

Eusko Legebiltzarreko EITBren erreformarako lantaldearentzat —2017tik 2020ra iraun zuen—, inkesta bat egin zuten 2019an. Emaitza: EITBko langileen %74,4k uste dute EITBren informazio politika Eusko Jaurlaritzan dagoen alderdi politikoaren aldekoa dela. Garmendiaren arabera, kazetariek barneratua izan dute zer mugaren barruan aritu behar duten. «Zentsura ere ikusi genuen, batez ere PSE-EEk lehendakaritza bere esku eduki zuenean. Berrikitan ere bai». Amatiño, aldiz, bere garaiko sasoiaz gogoratu da: «Zortzi urtez izan nintzen ETBren ildo editorialaren arduradun, eta ez Jaurlaritzak eta ez EAJk ez zidaten sekula esan zer egin behar nuen». ETBko zuzendari ohiaren iritziz, bestalde, autozentsura errazagoa izaten da enpresa pribatuetan publikoetan baino. «Enpresa publikoan zentsura jasan duela uste duen kazetariak beti aurkituko du administrazio kontseiluan gustura babestuko duenik. Enpresa pribatuan, ordea, sekula ez».

Kasuistika ugaria da EITBren eta Jaurlaritzako alderdiaren arteko loturetan; adibidez, Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusia izan zen 1999tik 2008ra; kargu hori utzi zuen EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente izateko, eta EAJko presidentea da 2013tik.

LAB sindikatuak kritikatu izan du ETBko zuzendaritza eta albistegietako arduradunak «nahierara» aukeratzen direla. Duela bi urte, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean proposatu zuen EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publikoz hautatzea. Ez zen onartu.



Duela 40 urteko legea aldatu egin beharko litzatekeela iruditzen zaio Amezagari. «Legea onartu zenean, Internet ere ez zen existitzen. Lege berarekin jarraitzen dugu, eta gauzak etengabe aldatu dira». Ikus-entzunezko kontseilurik ez egoteak eragina izan dezakeela uste du unibertsitate irakasleak. «Legea aldatzen lagunduko luke kontseilu batek. Baina ez badago gogoeta estrategiko bat, ETB nekez aldatuko da».

Pantailak Euskaraz-en arabera, 1982ko legearen analisi «zorrotza» eginez gero, ETBk behin baino gehiagotan jardun du eta jarduten du sorrera helburu horien kontra. «Gaur egun, ez die ekarpenik egiten 1982ko legearen sorrera helburuei. ETBn ez dugu ikusten nahi adinako ahaleginik euskara eta euskal kultura zabaltzeko».

Amatiño ez da iritzi horretakoa. 1982ko legeak helburu zuen herritarren informazio eta esku hartze politikoa bideratzea, eta hezkuntza sistema eta euskal kultura sustatzea, euskara gogoan hartuta. «40 urte geroago, betetzen dira helburuak», dio. Gaur egungo ETB ere goraipatu du: «Egungo programazioa da ETBk inoiz egin duen onena».

Ibarbiak aitortu du euskarak aurrera egin duela 40 urteotan. «Baina kalitatearen falta sumatzen dut. Albistegiek, bestalde, gehiago begiratu beharko liokete Euskal Herriari; ETB Madrilera begira aritu izan da, gehiegi».

Amonarrizek EITBren etorkizunaz, soziolinguistikaren talaiatik txostena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, 2019an. Planteatu zuen EITBk sorrerako helburuei erantzun ahal izateko egoera soziolinguistiko berrira egokitu eta euskarazko kateak ardatz bilakatu behar direla. Zera nabarmendu zuen duela hiru urte: «Edo euskara bilakatzen da EITBren hizkuntza nagusia eta lehentasunezkoa, eta orduan ekarpen garrantzitsua egingo dio hizkuntzaren normalizazio prozesuari, edo, oraingo eskemarekin jarraituz gero, gizarteari eta batez ere euskararen ulermenaren unibertsalizaziotik gertu dagoen belaunaldi gazteari adieraziko diogu euskara bigarren mailako hizkuntza periferikoa dela, beronen subordinazioa indartuz».

Garmendiak argi du ETB sortu eta garatzea «oso positiboa» izan dela ez bakarrik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleentzat, baita gainerako euskal lurraldeetako jendearentzat ere. «Baina asko dauka zuzentzeko eta egiteko. ETBk oso kontziente izan behar du erakunde publikoa dela, eta gizarte osoari zor diola zerbitzua».

Amezagak ihardetsi du momentuak «aldaketa sakona» eskatzen duela. «Epe ertainera eta epe luzera begiratu behar da; gauza asko daude pentsatzeko eta egiteko. Kontuan izan behar da hurrengo hamar urteetan soilik adin batetik gorakoek ikusiko dutela telebista lineala». 2023an, EITBk Primeran plataforma jarriko du martxan. «Baina Primeran baino gauza gehiago beharko dira», ohartarazi du Amezagak.

Rekaldek aitortu du ETBk ez duela nazioarteko eragile erraldoiekin lehiatzeko ez baliabiderik, ez gaitasunik. Baina euskara erdigunean jarriko duen estrategia «plan koherente eta integral bat» beharrezkoa dela uste du. «Plan horrek euskal lege propioen eta euskal ikus-entzunezkoen kontseilu baten babes ezinbestekoa beharko luke, hizkuntza eskubideak babesteko eta hizkuntza eskakizunak ETBri ezartzeko».

Amezagak, halaber, ohartarazi du ezen, EITB nahi den erara eraldatuta ere, duela 40 urteko egoera ez dela egungoa: «Jabetu behar dugu ETBrekin ez dugula izango politika bat egiteko aukerarik, hizkuntza politika bat edo beste batekin, eragiteko modurik». Izan ere, arreta pizten zuen txoriak milaka hegazkin liluragarri ditu inguruan gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.