Zer dator 2025ean?

Askotariko berrikuntzak izango dira aurten ikus-entzunezkoetan eta komunikazioaren munduan. Euskarazko telesail batzuk ere estreinatuko dituzte, tartean 'Zeru ahoak' eta 'Desagertuta'.

'Desagertuta' telesailaren irudi bat. PAUSOKA
'Desagertuta' telesailaren irudi bat. PAUSOKA
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Aldaketak eta berritasunak oso bizkor iristen dira ikus-entzunezkoen eremuan, baina baieztatu daitezke jada 2025. urtearen lehen hilabeteetan iritsiko diren estreinaldi eta kontu berri batzuk. Makina bat kontu izango dira mintzagai urtean zehar.

Hasteko eta behin, urtarrilaren erdialdean, EITB taldeak Guau audio plataforma jarriko du martxan. EITBko audio eskaintza osoa bilduko du Interneteko zerbitzu horrek: irratiak, podcastak, audio liburuak eta beste erakunde batzuekin landuko dituzten audio egitasmoak. EITBk hainbat audio fikzio egin asmo ditu plataforma horrentzat.

Primeran plataformaren gidaritzan aldaketak izan dira, eta ikusi beharko da datozen hilabeteetan zer bide hartzen duen. Makusi haurrentzako plataforman, bestalde, datozen asteetan estreinaldi esanguratsuak izango dituzte: Dragoi Bola, One Piece, Txakur patruila, Ninja dortokak eta Dora esploratzailea, besteak beste. 

ETBk jarraitutasun irudia aldatu berri du. Baina edukietan asmatu ala ez da gakoa. ETB2 katean, argi du apustua: hilaren 13an, El conquistador del fin del mundo saio arrakastatsuaren beste denboraldi bat hasiko da, eta horrek uda hasiera arte iraungo du. ETB1 katean, Ur handitan erreportaje saioa itzuliko da, eta Irabazi arte telesailak laugarren denboraldia hasiko du Go!azen-en 11.a amaitzen denean. Datozen asteetan ETB1era berrikuntza gehiago ere iritsiko direla espero da.

'Zeru ahoak' telesailaren grabaketa.
Nagore Aranburu aktorea, 'Zeru ahoak' telesailaren grabaketetan, iazko irailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Euskarazko fikzioan, bi proiektu berri estreinatuko dituzte: Desagertuta eta Zeru ahoak telesailak. Estreinaldi datarik ez dute oraindik, baina bi ekoizpen horien inguruko datu batzuk eman daitezke jada. Desagertuta telesailaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak aldi berean grabatu dituzte, eta zortzi atalak Primeran eta Netflix plataformetan emango dituzte. Jon Lukas aktoreak jokatzen du protagonistaren rola. Ane Rotek, Ainhoa Larrañagak, Ainhoa Azpitartek, Asier Rikartek, Unai Aranak eta Julen Taboadak jokatzen dituzte beste gazteen pertsonaiak. Eta fikzio horretan parte hartzen dute Itziar Atienzak, Gorka Otxoak eta Jon Olivaresek ere. Zeru ahoak telesailean, bestalde, Hondar ahoak-eko Nerea Garcia polizia protagonistak abentura berriak biziko ditu. Nagore Aranburuk jokatzen du Garcia protagonistaren rola, eta beste aktoreen artean dira Sara Cozar, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga. Koldo Almandoz da zuzendaria.

EITBn, bestalde, obrak izango dituzte Donostiako Miramongo eta Gasteizko egoitzetan. Talde publikoak 218,6 milioi euroko aurrekontua izango du aurten.

Nazioartean, askotariko lanak

Euskal Herritik kanpo, A Knight of the Seven Kingdoms: The Hedge Knight telesailaren estreinaldiak ikusmin handia piztuko du. Game of Thrones fikzioaren prekuela bat da, eta mende bat lehenago dago girotuta istorioa. Max plataformak estreinatuko du. Ordainpeko zerbitzu horretan estreinatuko dute, halaber, The Last of Us telesailaren bigarren denboraldia, udaberri partean. Bigarren denboraldia izango du Wednesday telesailak ere, baina Netflixek estreinatuko du. Hemendik gutxira, otsailean, The White Lotus telesailaren hirugarren denboraldia estreinatuko du Maxek.

The last of us telesaila,Max plataformakoa
Max plataformaren 'The Last of Us' telesaila. WARNER

Telesailen artean, edonola ere, oihartzun handiena Stranger things (Netflix) izango da, bosgarren eta azkeneko denboraldia estreinatuko baita.

Amazon Prime Video plataformaren estreinaldirik esanguratsuenetakoa Blade Runner 2099 telesailarena izango dela espero da. Sei atal izango ditu. Eta aktoreen artean, Michelle Yeoh, Dimitri Abold, Tom Burke, Lewis Gribben eta Hunter Schafer daude.

Enrique Urbizu Bilboko zinemagilea Cuando nadie nos ve telesailean ari da lanean, eta datozen hilabeteetan estreinatuko du Max plataformak.

Estreinaldiez harago, telebista konbentzionalean izango da kontu berririk; bada, aurten Hego Euskal Herriko herritarrek telebista berriro sintonizatu beharko dute lurreko telebista digitaleko kateak ikusteko. DVB-T2 teknologiarako trantsizioa egin beharko dute kanalek. Bereizmen ultra handiko lau kate ikusiko dira aurten bertan telebistan. Trantsizioak bigarren aldia ere izango du, baina ez dago zehaztuta noiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.