Komunikazioa

Zazpi milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak hedabideetarako, «desinformazioaren aurka» egiteko asmoz

«Adimen artifizialaren eragin negatiboen aurkako neurria» da, Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Horrez gain, EITBk Nafarroan emititzeko zuen akordioa luzatu du Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak.

BERRIA egunkaria, hainbat plataformatan, 2019an. BERRIA
BERRIA egunkaria, hainbat plataformatan, 2019an. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 23a
14:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du zazpi milioi euro jarriko dituela hedabideentzat, «adimen artifizial generatiboak duen eragin negatiboa murrizteko» helburuarekin. EAEn egoitza duten prentsa idatziari, telebista kateei, irratiei eta hedabide digitalei emango dizkie diru laguntzak. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak adierazi du «desinformazioaren aurkako neurri bat» dela. Diru laguntzak eskatzeko epea uztailaren 30etik abuztuaren 30era artekoa izango da. Diru laguntzekin batera, EITBk Nafarroan emititzeko sinatutako akordioa luzatuko dutela iragarri du Jaurlaritzak.

Adimen artifizialaren «onurak eta berrikuntzarako ahalmena» goraipatu ditu Jaurlaritzak, baina horrek «arriskuak» ekar ditzakeela ere ohartarazi du, informaziorako eskubidean bereziki. «Komunikabide profesionalek berebiziko garrantzia dute eskubide hori betetzeko. Ezinbesteko eragileak dira desinformazioaren aurkako borrokan, eta, beraz, balio demokratikoen garapenean», adierazi du Jaurlaritzak, ohar bidez. 

Diru laguntzak banatzeko orduan, bi lerro aurkeztu dituzte. Batetik, sei milioi euro jarriko dituzte lehen diru sail horretarako; bertan, hedabideek 25.000 erabiltzaile izan beharko dituzte gutxienez diru laguntza jasotzeko, eta 5.000 entzule, euskara hutsean aritzen diren irratien kasuan, dena CIESen datuak kontuan hartuta. Bestetik, bigarren diru sailean, tokiko eta eskualdeko hedabideetan milioi bat euroko diru laguntza emango du Jaurlaritzak, bi zatitan banatuta: 4.000 erabiltzaile baino gehiago dituztenentzat, 700.000 euro, eta 4.000 erabiltzailetik beherakoentzat, 300.000 euro.

Diru laguntzak jasotzeko, hedabide bakoitzak bere proiektua aurkeztu beharko du. Proiektu horietan, «desinformazioari eta adimen artifizialaren eragin negatiboei aurre egiteko neurriak» azaldu beharko dituzte.

EITBk Nafarroan emititzeko akordioaren harira, 2016an onartu eta 2020an berritu zuten hitzarmena luzatzea onartu du Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. EITB Nafarroan hedatzeko helburuarekin sinatu dute akordio hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.